Lau eta erdiko finala. Jokin Altuna. Aspeko pilotaria

«Partida baten barruan partida asko jokatzen dira»

Sasoirik «onenean» helduko da Altuna lau eta erdiko bere seigarren finalera. Apustuetan faborito argia da. «Baina ez naiz fio Lasorekin». Norgehiagokaren atariko egunak «gustagarriak» egiten ari zaizkio oraindik ere: «Bereziak dira».

GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel O. Iribar.
Amezketa
2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun

Frontoi irekiaren eta estaliaren artean dago Pernando Amezketarraren estatua. Herrian bertsolari eta plazagizona zenaren izenari eta izanari inork jarraitzen badie, Jokin Altuna izango da (Amezketa, Gipuzkoa, 1996). 25 urterekin aho bete hortz utzi ditu pilotazaleak, eta halaxe jarraitu nahi du. Profesionaletan lau txapel handi irabazi baditu ere, garaipen zerrenda luzatzeko gosea ez zaio inolaz ere joan.

 

Igandean, Lau eta Erdiko Txapelketako seigarren finala jokatuko duzu erreskadan, azken bost urteetan bederatzigarrena profesionaletan. Erraz esaten da.

Azken bost urteetan final guztietan aritu naiz, binakako txapelketan izan ezik. Gauza handia da hori, baina zenbakiekin ez dut itsutu nahi. Aurrekoan, Josebari [Ezkurdiari] finalerdietan irabazi nionean, poza hartu nuen, berriz ere txapel bat irabazteko aukera izango dudalako. Iraganari ez diot askorik begiratzen; orainari eta etorkizunari bai. Hori bai, erretiroa hartzen dudanean begiratuko dut zer egin dudan. Ilusio eta gogo handia dut finala ondo prestatzeko.

Gaizki ohitzen ari al zara zure ingurua?

Ez dut uste. Nire familiakoak eta kuadrillako lagunak kontentu ikusten ditut. Egia da azkenengo finalak ez zuela eragin aurrenekoak sortu zuen bezainbesteko oihartzuna. Dena den, herrian maitatua sentitzen naiz, eta jendeak asko laguntzen eta animatzen nau. Eskertua nago.

Zenbat sarrera eskatu dituzu?

Batzuek sarrerak Internet bidez erosi dituzte; nik 200 ditut. Autoan eta autobusean joango dira. Gainera, azken hiru finalak publikorik gabe jokatu behar izan ditut. Horregatik, uste dut bai ni, bai haiek gogo handiarekin gaudela.

Oraindik bereziak al dira zuretzat final baten atariko egun hauek?

Egun hauek gustagarriak izaten dira, eta, nahiz eta behin baino gehiagotan bizi izan ditudan, berriak dira. Ez dakizu nola sentituko zaren. Ez duzu kontrolatzen. Atariko egun hauek gozatzen ari naizen arren, gero batek daki finalaren egunean gozatuko dudan. Saiatuko naiz.

Eguna heldu ahala, urduritasuna gehiago nozitzen duzu?

Bai, batez ere lotarako garaian. Badakizu gero eta gutxiago falta dela eguna iristeko. Garrantzitsua izaten da aurreko egunetan ez egotea etxean buruari bueltaka. Ohiko egunerokotasunari heldu behar diot: entrenatu eta lagunekin egon, besteak beste.

Amezketa hain herri txikia eta pilotazalea izaki, zaila izango da deskonektatzea.

Kalera, okindegira edota tabernara joanda ere, saihetsezina da pilotari buruz hitz egitea. Egia esan, kuadrillako lagunek ez didate finalaz hitz egiten. Haiekin gustura sentitzen naiz.

Txapelketan orain arte egindakoaz zer-nolako balantzea egiten duzu?

Iruditzen zait sasoi onenean heldu naizela txapelketako azken zatira. Hasieran, kosta egin zitzaidan erritmoa hartzea. Txispa falta nuela sumatu nuen. Tentsioz betetako momentuak bizi nituen, konturatzen bainintzen kalera joan nintekeela. Baina lasai hartzen saiatu nintzen, eta horrek asko lagundu dit.

Finalerdietan Ezkurdiari irabazita, konfiantza berreskuratu duzu?

Zalantzarik gabe, aurkari zail baten aurka irabazteak eta joko ona erakusteak konfiantza ematen dizu. Partidaren hasieran, nahiz eta bera aurretik joan, oso ondo sentitzen nintzen, eta horrek indar handia eman zidan. Garbi nuen hark niri irabazteko jokatu egin beharko zuela. Ondo aurkitzen naiz, eta ez dut aitzakiarik. Datozen egunetan sentipen on horiei eustea izango da garrantzitsuena.

Lasok eta zuk lautan neurtu dituzue indarrak. Lanak zail jarri dizkizun arren, guztietan irabazi diozu.

Bada datu bat, batez ere ikusteko posible dudala Unairi gailentzea. Baina beste aldekoari begiratu behar zaio: horrek ez du esan nahi Unaik ezin didanik irabazi. Partida guztietan alde oso laburragatik nagusitu nintzaion. Datorkigun finala beste lehia bat izango da, eta badakit partida zaila izango dudala, baina asko motibatzen nauen norgehiagoka da.

Nolakoa da Unai Laso?

Erraztasun eta kalitate handia duen pilotaria da. Beroa da. Oso oldarkor jokatzen du, eta lehen baino opari gutxiago egiten ditu. Sasoi oso onean dago, eta zailagoa da haren joaldiari eustea. Dena dela, nik neure lanean zentratu behar dut, eta horretan ari naiz.

Zer dohain nabarmenduko zenizkioke?

Ez diozu antzematen pilota nora botako duen, zabalera edota txokora. Sakez ere min handia egiten du, eta errestatzaile ona da. Funtsean, pilotari osoa da.

Lasok zu jotzen zaitu faborito. Zuk ere hala sentitzen duzu?

Normala da hark ni faborito naizela esatea, lehen finala baitu. Baina nik horri ez diot garrantzirik ematen. Nik dakidana da pilotari handi baten aurka jokatu behar dudala eta beste proba handi baten aurrean nagoela.

Horrelako diziplina esplosibo batean, partida irabazteko gakoa non egongo da?

Iruditzen zait Unaik agintzen badu oso zaila izango dudala hura gelditzea. Kantxa erdia hartzen uzten badiot, ezkerrez zein eskuinez pilotari ongi ematen dio. Beraz, kantxa erdia hartzen eta lehiaren erritmoa jartzen ahaleginduko naiz.

Irabaziko bazenu, bosgarren txapela zenuke profesionaletan, eta Ruben Belokirekin eta Juan Martinez de Irujorekin berdinduko zenuke.

Itzela izango litzateke. Baina nire pentsamenduak ez ditut alderdi horretara eraman nahi. Emozioak edukitzea ona da, baina tamainan. Pasio handiegiarekin bizitzen baduzu, gehiegi emozionatzen zara, eta gero kolpea handiagoa izaten da. Lasai egoten saiatuko naiz.

Txapelketak joan, txapelketak etorri, zure helburua irabaztea da?

Nik ez dut neure burua aurkariekin alderatzen. Nire lanarekin harro nago, eta gustura sentitzen naiz kantxan. Hortik aurrera, txapelketa bakoitza erronka baten moduan hartzen dut, eta nire aldetik dudan guztia ematen dut ahalik eta urrutien iristeko. Emaitza onak ikusten ditudanean poztasun handia sentitzen dut. Dena den, erritmo honi eustea ez da batere erraza. Gaztea naiz oraindik, eta nire helburua gero eta pilotari hobeagoa izatea da.

Irabazteko presioa sentitzen duzu?

Ez. Irabaztea gustatzen zait, baina baita kantxan gozatzea eta sentipen onak pilatzea ere. Ez dut inongo arazorik partida galdutakoan aurkaria zoriontzeko. Unaik irabazten badit, hobeagoa delako izango da. Badakit ezin ditudala txapelketa guztiak irabazi, baina helburu bera dut: finalera iritsi eta txapeldun izateko merituak edukitzea.

Kantxan pilotari lasaia zara; ez zara ernegatzen. Izaera kontua da, ala landu egiten da hori?

Ez dakit. Nik neure ogibidea, pilota kasu honetan, asko bizi dut. Pixkanaka, ohitzen joaten zara, eta gauzak naturaltasunez hartzen dituzu, beti garbi izanda irabazteko ala galtzeko aukera duzula. Ostera, behin lehiatzen nagoenean eta tantoak amaitutakoan, adrenalina askatzea gustatzen zait.

Partidetara ideiak garbi eramatekoa zara.

Nahiz eta markagailuan atzetik joan, ez naiz etsitzekoa. Betidanik esan dut: partida baten barruan partida asko jokatzen dira. Garrantzitsuena da aurkariak bere momentu ona duenean ondo eustea eta buruz guztiz zentratuta egotea, eta gero zure momentua iristen denean aukera ondo baliatzea.

Zeure buruarengan lehen baino gehiago sinesten duzu orain?

Neure buruarengan betidanik sinetsi izan dut. Halere, zazpi urte daramat profesionaletan, eta beti ez ditut garai berdinak bizi. Uste dut kirolari guztiei pasatzen zaiela hori. Egunerokotasunean ez banago gustura, kantxan nabaritu egiten dut. Bolada txarrak izan ditut, baina naturaltasunez eramaten saiatu behar dut.

Lehiaketa bat bestearen atzetik jokatzen ari zarete. Nekea pilatuz al doakizue hanketan?

Itxialdia amaitu zenetik ez dut oporrik izan, eta ez da erraza izaten punta-puntan egotea. Halere, emaitza onak lortzen dituzunean, lanean serio jarraitzeko indartsuago sentitzen zara. Gainera, egia da egun batzuetan gogo gutxiago duzula entrenatzeko, baina egoera horietan ere diziplinatua izan behar duzu.

Diziplinatua izateko ikasi egin behar da, ala pilotariari jaiotzetik datorkio?

Diziplinatua izateak eta bakoitzak duen izaerak zerikusia dute. Horrez gain, gustatzen zaizun horretan errazagoa da dena ematea. Nire kasuan, txikitatik ordu asko sartu izan ditut pilotan; asteburuko partida ia guztiak ikusten ditut. Gauza horiek egiteko ez dut esfortzurik egin behar; gustatzen zaidalako egiten ditut.

25 urterekin oraindik garaipen zerrenda gizentzeko aukerekin zaude. Irabazteko gose hori ez zaizu joan, ezta?

Inolaz ere ez. Dena den, ez naiz pentsatzekoa: «Hamar txapel lortu behar ditut». Iruditzen zait horrek ez nauela bide onetik eramango. Lau eta Erdiko Txapelketako finala dut orain aurrean. Irabaziko banu, ikaragarria izango litzateke; galduko banu, orain baino serioago jarraituko nuke lanean. Espero dut final gehiagotara heltzeko aukerak izango ditudala. Hori bai, egiten ari naizen bideaz gozatzen jarraitu behar dut.

Binakako txapela irabaztea falta zaizu. Ez duzu enpresako atzelaririk onenekin jokatzen. Buruko minik eragiten dizu horrek?

Ez dit horrelakorik eragiten. Hasteko, ilusioa egingo lidake binakako finalera helduko banintz, nire lagun batekin bizitzeko. Espero du laster iritsiko zaidala. Horren fedea dut behintzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.