Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Oilarra, guztien begiradapean

Gaur hasiko da Frantziako Tourra, Kopenhagen. Azken bi urteetan Tourra irabazi eta gero, Tadej Pocagar da faborito nagusia. Hirugarren aldiz irabaz ez dezan saiatuko dira haren aurkariak

Oilarra, guztien begiradapean.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun

Danimarkan emango zaio hasiera, gaur, Frantziako Tourraren 109. ekitaldiari. Ibilbide gogorretan arituko dira hiru astez txirrindulariak, eta harbideak izango dira berrikuntza nagusia, bosgarren etapan. COVID-19aren ondorioz, azken uneko aldaketak egin behar izan dituzte talde batzuek, baina aurten ere txirrindulari onenak lehiatuko dira.

Tadej Pogacar (UAE) da faborito argia, baina, azkeneko bi urteetan irabazi eta gero, presioa ere handiagoa izango da 23 urteko izarrarentzat. Haatik, izen handiko aurkariak menderatu beharko ditu Parisera maillot horia hirugarrenez jantzita iritsi nahi badu. Primoc Roglic herrikidea izango da aurkari nagusia (Jumbo). Haren taldekide Jonas Vingegaard ere aurreneko postuetan egoten saiatuko da.

Igor Gonzalez de Galdeano txirrindulari ohi eta Euskalteleko kirol zuzendari ohiaren (Gasteiz, 1993) iritziz, Jumbo da «talderik indartsuena» eta «estrategia baliatuz» egin diezaioke min Pogacarri. Eugenio Goikoetxea Caja Ruraleko zuzendari ohiak (Hernani, Gipuzkoa, 1969), berriz, Roglic «bakarrik» ikusten du Pogacarren pare. Hala ere, zehaztu du Aleksandr Vlasoven (Bora) sasoi ona «kontuan hartu» behar dela. Badaude beste hainbat hautagai: Daniel Felipe Martinez, Geraint Thomas, Adam Yates (Ineos), Ben O'Connor (Ag2r) edo Enric Mas (Movistar), besteak beste.

Kopenhagen arituko dira txirrindulariak lehenengo etapan: hamahiru kilometroko erlojupekoa jokatuko dute. Aurreneko astean Danimarkatik Frantziarako bidea egingo dute, eta ibilbide estuak, haizea edo tentsioa izango dira oztopo nagusiak. Bosgarren etapan harbideak zeharkatu beharko dituzte. Goikoetxearen iritziz, horrelako etapetan harbideak berak baino arriskutsuagoak izaten dira «urduritasuna eta harbideen aurretik datozen 20-25 kilometroak». Gonzalez de Galdeanok, berriz, azpimarratu du harbideetan arazoak izanez gero tropelak «aprobetxatu» egingo duela, «aurrera jarraitzeko». Beraz, faboritoek kontu handiz aritu beharko dute denborarik galdu nahi ez badute.

Bertatik Alpeetara iritsiko dira bigarren astean, eta La Planche des Belles Fillesen, Granonen eta Alpe d'Huezen neurtu beharko dituzte indarrak. Gonzalez de Galdeanok ez du uste Tourra bertan erabakita geldituko denik. «Baina bertan ikusiko da nor dagoen Pogacarren inguruan eta nor ez».

Alpeak atzean utzi, eta Pirinioetara iritsiko da Tourra azken astean, eta Peyragudes eta Hautacam izango dira mendate gogorrenak. Bertan ikusiko da zein den faboritoen arteko tartea sailkapen nagusian, baina, edozein dela ere, Goikoetxeak ez du distantzia luzeko erasorik aurreikusi, haren ustez «galdu» egin baita garai bateko txirrindularitza. Azkenik, oilar guztiek 40 kilometroko erlojupeko bat egin beharko dute azken-aurreko etapan. Horrek zehaztuko du sailkapen nagusia.

Goikoetxeak argi dauka Pogacar menderatzeko aurkariek «gauza asko» egin beharko dituztela ondo «taktikoki», baina bai bera, bai Gonzalez de Galdeano bat datoz harbideen etapa izango dela esloveniarrarentzat «aurreneko mugarria». Gonzalez de Galdeanok ez du uste Pogacarrek mendian zailtasun asko izango dituenik, baina azpimarratu du azken egunean edonork izan dezakeela egun txar bat, «eta are gehiago Tourrean». Hala ere, argi daukate biek Pogacarrek bere jokoa egiten jarraitu behar duela: «Aurreneko astea nola edo hala pasatu, eta Alpeak iristean aurkariekin jolasean ibili», esan du Goikoetxeak.

Bestalde, atzo hasi zen Italiako Giroa, eta Kristen Faulkner estatubatuarrak (Bike Exchange) irabazi zuen bost kilometro eskaseko erlojupekoa. Eukene Larrarte (Bizkaia-Durango) 105. postuan sailkatu zen, 53 segundora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.