Albistea entzun

Jokin Lizeaga. Mendi korrikalaria

«Psikologorik onena kirola egitea izan da»

Duela hiru urte istripu larria izan eta gero, lasterketetara itzuliko da Lizeaga. Horren aurretik, apirilaren 17an, Onddo, Adarramendi, Onddi, Santa Barbara eta Buruntzako gailurretara igoko da.
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2021eko apirilak 6

Irribarretsu iritsi da elkarrizketara Jokin Lizeaga (Urnieta, Gipuzkoa, 1979). Sasoiko dagoela nabari da. Haren aurpegiak ageri du kirola egiteari ez diola utzi. Azken egunetan kazetariekin hainbat saio izan dituen arren, hitz errazekoa da Lizeaga. Aho bizarrik gabe hitz egitera ohituta dago.

Istripua izan zenuenetik joan dira dagoeneko hiru urte. Gaur egun nola zaude?

Ondo nago. Azken hiru urteetako garairik onenean nagoela esan dezaket. Oso momentu zailak eta gogorrak bizitzea tokatu izan zait, baina azarotik bizitza arrunta egiten ari naiz, nahiz eta istripuak utzitako ondorioekin izan. Esan dezaket orain dela hiru urte egiten nuen bizitza egiteko moduan nagoela. Kirola egiteko zailtasun batzuk ditut, baina egiten dut.

Oraindik ere amesgaiztoak izaten al dituzu?

Ez, azkenaldian lo ere bikain egiten dut! Lo gutxi edo batere ez egindako gau asko igarotzea tokatu zitzaidan. Istripuko oroitzapenak askotan etortzen zaizkit burura. Egunero agian ez, baina edozein lekutan altuera batera igota nagoenean, ezinbestean etortzen zaizkit burura istripua eta erorketa. Hango bizipenak ez zaizkit oraindik ahaztu.

Istripua izan eta gero, beldurrak areagotu egin al zaizkizu?

Bai. Uste dut beldurra barneratuta daukadala. Ez dut beldur hitza erabiltzen, baina, ondo hausnartuz gero, beldurtiagoa naiz. Lehen egiten nituen gauza asko orain ez ditut egiten. Konfiantza asko galdu dut. Adi-adi egoten naiz, esaterako, balkoi batean nagoenean. Beti daukat eroriko ote naizen sentipen hori, edo, igogailu batean nagoenean, behera jausiko den irudipen hori. Lehen pentsatzen ez nituen gauza asko izaten ditut orain buruan. Ondo daramat hori dena, baina gorputza gehiegitan uzkurtzen edo tenkatzen zaidan sentipena izaten dut.

Zein dira gaur egun egiten ez dituzun gauzetariko batzuk?

Kirol arloko adibide bat aipatuko dut. Lehen, askotan, Oinditik Adarrarako bidean, Aballarrira igotzen nintzen. Harkaitz pixka bat duen gailurra da, eta, istripuaz gerozti,k ez dut handik pasatu nahi izan. Nahiko mendi airetikoa da, eta gailur lerro txiki bat ere badauka. Baina ez naiz handik pasatzeko gai. Askotan pentsatzen dut «Gaur bai, gaur saiatu behar dut!», baina beti atzera egiten dut. Bestalde, aurten, elurra etxetik gertu izan dugun honetan, eskien gainean jartzeko indarrik ere ez dut izan. Buruari esaten nion elurretara joateko beharrik ez neukala. Baina, egiari zor, berriro ere mina hartzeko beldurra neukan. Oso konfiantza txikia daukat nire gorputzarengan. Gehiago esango dut, apirilaren 17an egin nahi dudan erronkara ondo iritsiko naizen erabateko konfiantzarik ez daukat.

Hiru urte igaro eta gero, oraindik ere istripuko irudiak bizi-bizirik dauzkazu?

Bai, askotan etortzen zaizkit burura: zulo hartara nola jausi nintzen, nola gelditu nintzen erorketa hartan, zein pentsamendu izan nituen erortzen ari nintzen denboran; eta barruan igaro nuen denboran izan nituen nahigabeak. Ez ditut inoiz ahaztuko une haiek.

Istripua izan eta gutxira adierazi zenuenez, ez da asko behar hiltzeko. Esaldi horri denborak indarra areagotzen al dio?

Bai, geroz eta argiago daukat hori. Askotan pentsatzen dut zorte kontua ote den. Egunero ditugu zorigaiztoko gaitzak, istripuak, erabakiak... Inoiz ez nuen pentsatuko mendiko lasterketa batean horrelako zerbait bizi izango nuenik. Baina gauzak datozen bezala hartu behar dira, besterik ez dago. Amaren heriotzarekin ikasi nuen, ondo egotetik hiltzera oso denbora laburra igaro daitekeela. Hiru hilabete besterik ez ziren izan. Azken urteetan gauza asko pasatu zaizkit, eta horiek denak kudeatzea ez da erraza izan.

Erorketak eragindako lesioek albo kalteak utzi dizkizute?

Neuritis optiko bat izan dut ezkerreko begian. Horrek % 30eko endekapen bat eragin dit ikusmen begian. Hala, bai sukarra dudanean, baita esfortzuzko kirola egitean ere, ikusmena asko gutxitzen zait. Gauzak ilun ikusten ditut, eta begi bakarrarekin joango banintz bezala sentitzen dut. Denborarekin ohitu egin naiz, eta begiari sufriarazten diot. Hasiera batean asko sufritu nuen, baina azken bi urteetan egonkortu egin da. Denbora da jaitsiera azkarrik egiten ez dudala beldurraren eraginez. Izan dut aukerarik azkenaldian beste korrikalari batzuekin batean entrenatzeko. Baina ez diot inori baietzik esan. Leku ezagunetan ibiltzeak errespetua ematen dit.

Mendira entrenatzera joatean ohiturak aldatu dituzu?

Baietz esango nuke. Orain, sakelakoa beti gainean eramaten dut, eta, etxetik irtetean, beti esaten diot emazteari nora joango naizen.

Zeri izan diozu beldurrik handien hiru urte hauetan?

Mediku proba asko egin behar izan ditut denbora honetan, eta, askotan, horien emaitzen esperoan egotea oso nekagarria izan da. Medikuaren aurrean jarri, eta emaitza horiek entzuteko uneak oso gogorrak ziren. Ikusmenaren emaitza txarrak ikusi eta gero, gaitz okerragoak etor zitezkeela ere aurreratu zidaten, eta haien emaitzak zer emango zuten kudeatzea ez zen batere erraza izan. Zorionez, osasuntsu nago, eta gaur egun lasaiago joaten naiz direnak direlako probetara. Konturatu naiz emaitza horietako baten eragina izugarria izan daitekeela alde batera edo bestera izan. Bizitza erabat aldatzeko nahikoa da emaitza horietako bat ona ez izatea.

Egoera kudeatzeko, kanpo laguntza behar izan duzu?

Bai, eta handia. Hasieratik argi ikusi nuen laguntza beharko nuela. Berez, leku berrietara joatea ez dut gustuko, eta ez naiz medikuz mediku ibiltzen diren horietakoa. Konfiantza dudan medikuekin ibiltzea gustatzen zait, nahiz eta askotan ez asmatu. Lorik ez nuela egiten ikusi nuen, eta istripuarena ere hor zegoen. Hasieran, psikiatra batekin jarri nintzen harremanetan, arazo psikologikoak bainituen. Berak, psikologo baten beharra ikusi zuen, eta terapian hasi nintzen. Ez dakit lagundu didaten edo ez. Lagundu didana kirola egitea izan da. Fisikoki ondo ez egon arren, saiatzen nintzen oinez edo bizikletan saio txikiak egiten. Astean bost edo sei egunez zerbait egiten saiatzen nintzen.

Istripua izan eta hilabete batzuetara, erori zinen zulora joateko hautua egin zenuen.

Bai, ordurako jada psikologoarekin nenbilen. Zuloa ikusteko beharra sentitu nuen. Bizirik zergatik nengoen jakin nahi nuen, eta psikologoari galdetu nion ea hura ikusteak kalterik egingo ote zidan. Gorputzak eskatuz gero, joateko esan zidan. Intza alaba txikienarekin, Ainhoa emaztearekin, Gotzon Idirin suhiltzaile eta lagun minarekin, eta eskualdeko beste birekin bertaratu nintzen. Ez nuen nahi herrian, Arenas de Cabralesen [Asturias, Espainia], inork jakin zezan han nengoela, eta, horregatik, bezperan joan ginen, berandu xamar. Hurrengo egunean, zulora jaisteko dena prestatu ondoren, barrura nahiko lasai sartu nintzen. Ordu laurden batez, ixil-ixilik egon nintzen bertan. Istripuaren egunean atera zidaten argazki bat eraman nuen, idatzi txiki batekin, eta bertan utzi nuen. Bestalde, istripuaren egunean erlojua eta txilibitua galdu nituen, eta bertan zeuden burusi termiko batzuk aurkitu nituen.

Inpresio handia egin zizun

Bai. Handik bizirik irtetea mirari bat izan zela pentsarazi zidan. Handik erorita ez lehertu izana, ez sinestekoa da. Harkaitzez josita dago zuloa, ertz ezberdinez osatua, eta oraindik ere ez dakit nola saihestu nituen horiek guztiak! Zuloaren amaieran, animalia ezberdinen hezur pila bat zegoen, eta hori ere pentsatu nuen. Zorterik izan ez banu, nireak ere han egongo ziren. Zer pentsatua eman zidan, baina gustura egon nintzen bertan. Lasai sentitu nintzen neure buruarekin. Etorkizunean berriro joateko asmoa daukat.

Orain bizitza beste modu batera ikusten al duzu?

Orain arte beti pentsatu izan dut obsesioak ez direla onak. Askotan esan izan dut, bai entrenamenduekin, bai errendimendua lortu nahi izatearekin, baita elikadura gehiegi zaintzearekin ez zela obsesiboa izan behar. Alegia, ez direla gauzak muturrera eraman behar. Orain, aldiz, dortsal bat janztea obsesio bihurtu zait. Janzteko beharra sentitzen dut! Orain arte pauso asko eman ditut, eta onartu ere egin ditu. Baina orain osasunez nahiko ondo nago, eta agian dortsala jartzea izan daiteke lehen nuen bizimodura itzultzeko azken urratsa. Esfortzu ikaragarria egin dut sasoiko jartzeko, egunero daukat oinazeren bat, baina horiei ere aurre egin nahi diet. Gainerantzean, berdintsu jarraitzen dut. Gauza txikiekin gozatzen dut: lagunekin, naturarekin kontaktuan egoten... Konfinamenduak, lehen pentsatzen nituen gauzak oraindik eta gehiago finkatzeko balio izan dit.

Dortsala jarri aurretik, lehenik, apirilaren 17an, erronka bat duzu herrian. Nondik etorri da ideia?

Entrenatzen nenbilen, eta dortsala jartzeko eguna ere nahiko finkatuta neukan, maiatzerako izen emate pare bat egina bainuen. Dortsala etxe inguruan jartzeko aukerarik ez dudanez, herrian zerbait egin nezakeela pentsatu nuen. Buruntza inguruan nenbilela otu zitzaidan ideia, otsailean. Banekien bazela halako errekorren bat orain dela urte asko egina. Nik, orduko ibilbideari beste zati bat gehitu nahi izan diot. Familiakoei, lagunei eta herrikideei eskerrak emateko aprobetxatu nahi dut. Sufrimenduaren eta esfortzuaren bitartez gauzak lor daitezkeela erakutsi nahi dut. Hortik dator erronkaren leloa: Ezina, ekinez egina.

Nola imajinatzen duzu berriro ere dortsala jartzeko momentu hori?

Uste dut aurreko egunetan lasai egongo naizela, baina ziur nago irteera oso hunkigarria izango dela. Ez dut bakarrik dortsala jarriko, beti bezala, eta, lehiatzea gustatzen zaidanez, dena ematera aterako naiz. Ahalik eta azkarrena egiten saiatuko naiz, lehen esan dudan bezala, nire gorputzarekin oso konfiantza txikia baitut. Galtzen ikasi nuen aspaldi, eta esan dezaket oso ondo eramango dudala hori. Amestutako gauza bat lortzeko bidean izango naiz dena ondo joanez gero, nahiz eta, zoritxarrez, ez den Euskal Herrian izango. Jaenen [Andaluzia, Espainia] izango da, Espainiako Txapelketan. Lagunengatik eta gertukoengatik oso urruti izango da, baina niretzat egun handia izango da. Gozatzeko aukera izatea espero dut, eta, ahal bada, behintzat, minik hartu gabe ibiltzea. Nahiz eta hori ere aukeretako bat izan daitekeen lasterketa batean. Baina ez dut horretan pentsatu nahi.

Munduko Kopan ere egotekoa zara. Zein egutegi egiteko asmoa duzu?

Lasterketa gutxi dago inguruan, eta, aipatu bezala, lehena, Espainiako Txapelketa izango da. Ondoren, maiatza erdialdean, Munduko Kopako Skyrace des Matheysins [Saint Honore, Frantzia] lasterketara joateko asmoa daukat. Zegama-Aizkorrirako ere gogo berezia neukan, baina azkenean ez da egingo. 2022rako utzi beharko dugu. Ondo bidean, ekainean T3T-Tolosako Hiru Tontorretan egotea gustatuko litzaidake. Lasterketen inguruan egoten den giroa bizitzeko gogo handia daukat.

Eta etorkizunean non imajinatzen duzu zeure burua?

Neure burua mendian korrika imajinatzen dut. Oso lehiakorra naiz oraindik ere, eta lasterketetan ez dut asko galtzen, gehienez ere osasun pixka bat [barrezka]. Mentalki, asko ematen didate lasterketek, eta, ez daukat behar berezirik irabazteko. Lortzen badut, pozik amaitzen dut, gehienbat une horretan irten garen guztietatik azkarrena izan naizelako. Baina hamargarren egin edo laurogeigarren egin, etekin berdina ateratzen diogu. Postua ez da garrantzitsuena. Bestela, naturarekin kontaktuan egoten jarraitu nahi nuke, eta, familiarekin bada, askoz hobe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Filippo Ganna, maglia arrosa jantzita, gaur, Turinen. ©Giro

Bere legea ezarri du Gannak

Iñigo Lasa

Ineos taldeko txirrindulari italiarrak irabazi du Giroko lehen etapa, zortzi kilometroko erlojupekoa, eta maglia arrosa jantzi du. Faboritoen artean, Bardet bakarrik izan du atzetik Landa

Alaveseko jokalariak, Joseluk sartutako binakoa ospatzen. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Puntu bat gertuago du helburua

Eñaut Agirrebengoa

Alavesek berdinketa lortu du Levanteren aurka, sufrituta, Joseluk azken unean sartutako gol bati esker. Aurretik jarri da lehen zatian, baina alferrik galdu du abantaila

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Mikelekin irabazi nahi dugu Giroa; bera da kapitaina»

Eñaut Agirrebengoa

Gaur hasiko da Italiako Giroa, Turinen, eta konfiantzaz helduko dio Bilbaok. Mikel Landarentzat egingo du lan, bere aukerak erabat baztertu gabe: hasieran, bederen, aurrean egon nahi du.
Realeko hainbat jokalari Aritz Elustondok sartu zuen gola ospatzen, atzo, Anoetan. ©JON URBE / FOKU

Klarionaren puntuak

Jon Ander De la Hoz

Realak Elx garaitu du, eta bosgarren postuari lotu da. Jokalari bat gehiagorekin arituta, bigarren zatian lortu ditu partidako bi golak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.