Noiz sortua: 2020-03-10 00:30:00

Egiaz eta begiaz

Che Guevararen kapilauaren egunik zailenak

Kubako iraultzaren garaitza eta laster, epaiketak eta fusilatzeak izan ziren uhartean. Besteak beste, Habanako La Cabaña kartzelan. Bertako kapilau zen Javier Arzuaga frantziskotarra, eta ekainera bitartean 55 kondenaturi lagundu zien hormara. Behin, berak jo behar izan zion graziako tiroa zigortuari. Infernua ezagutu zuen munduan fraide gazteak.

Javier Arzuaga 1952an destinatu zuten Kubara.
Javier Arzuaga 1952an destinatu zuten Kubara. ZALDI ERO Tamaina handiagoan ikusi

Miel A. Elustondo -

2020ko martxoak 10

Diote Che Guevararen kapilaua izan zela. Javier Arzuaga Lasagabaster (Oñati, 1928 Georgia, AEB, 2017) zituen izen-deiturak. Arantzazuko fraide, Kubara destinatu zuten 1952an. Arzuagak berak zioenez, fraide ikasketak egiten ari zen garaian ez zuten politikaz ez justizia sozialaz pentsatzen, ez hitzik egiten. Are gutxiago pentsatzen edo hitz egiten zuten demokraziaz. Horrekin batera, ordea, Arzuagak berak zioen Arantzazuko fraideek errebeldia halako bat josia zeramatela arima barruan, Francoren kontrako gogoa, lehenik, eta zeinahi diktadoreren kontrakoa, hurrenik. Kuban, horrek Fulgencio Batista (Holguin, Kuba, 1901 Malaga, España, 1973) diktadorearen kontrakoa izatea zekarren.

Bestalde, Elizan ere bazen ikararik, Arzuagak idatzi zuenez. «Zenbait egilek, hainbat mugimenduk —Frantzian, oroz gain—, lehen lerrora ekarri nahi zituzten ordu arte inork gogoan hartu ez zituenak; esan nahi baita, langileak, txiroak eta baztertuak. Beraz, hortik erraz segitzen da Kubako frantziskotarrok ere, irakurle onak baikinen, bitan pentsatu gabe murgiltzea errebeldia eta iraultzetan. Ni neu Zabalak, Beristainek, Bastarrikak, Sudupek eta gainerakoek sartu ninduten saltsa horretan, baita irakurtzen nituen liburuek eta Kubako Ekintza Katolikoaren Gazteriak ere. Eta Kuba iraultzaren gorriaz margotu zenean, ni neu ere, gainerako guztiak bezala, iraultzaile sentitu nintzen zuztar-zutarretik».

1952an irakasle jardun zuen lau urtez Habanan, Santiago de las Vegaseko apaizgaitegian. Hirugarren urtean, dena den, misio lanetan ere jarri zuten inguruko parrokietan, eta, haietan, bertakoak ezagutu zituen, etxekotzat hartu zuten kubatar laborariak.

Harreman horiek jarri zuten, inondik ere, Ekintza Katolikoaren zenbait talde gidatzera. Ezari-ezarian mudatu zen Arzuaga, ikasketek erakutsi ez ziotena irakatsi zioten irakurketek bezainbat kaleko jendeek: bizi zeneko mundua. «Lehen, bekatuzko mundua fededun bihurtzea zen egitekoa. Gero, ordea, bekaturik larrienak injustizia eta pobrezia zirela ikusi nuen (...) Lehenbizi, kilimak sentitu nituen; gero, urradurak; azkenean, «betiren betiko egietan» baino areago, justizia sozialean pentsatzen amaitu nuen». Eta heldu ziren erlijioari buruzko zalantzak, teologiaren gainekoak. Arzuagari normalak iruditu zitzaizkion galderak, «anormala galderarik ez egitea, ez kezkatzea zen». 1956an Casablancako parrokiara destinatu zuten, zalantzak eta barne-urradurak poro guztietatik zerizkiola.

Casablanca, 1959

Casablancako parroko zela, jurisdikziopean zuen La Cabañako gotorleku militarra eta, Fulgencio Batistaren diktaduraren sasoian, igandero jo izan zuen bertako Santa Barbara kaperara meza esatera.

Besterik izan zen Iraultzaz gero. «Komandante berriak, Ernesto Guevara Che-k, meza galarazi zuen La Cabañan. Hala ere, gauez nahiz egunez, kartzelara joateko eta bertako presoak zaintzeko baimena eman zidan. La Cabañako kartzelako kapilau izan nintzen bost hilabetez, urtarriletik ekaineko lehenengo astera arte. Egunero joaten nintzen kartzelara bisitan. Urtarrilaren 29ko ilunabarraz gero, orduantxe estreinatu baitzen «heriotza gela» izenekoa, gauero joan izan nintzen delako gelara, kondenatuekin lasai hitz egitera eta tarte batean haiekin batera errezatzera. Bost hilabete horietan, heriotzara kondenatutako berrogeita hamabost kondenaturi lagundu nien fusilamendu hormara. Esan izan dute hilabete horietan askoz gehiago ere fusilatu zituztela La Cabañan. Uharteko beste zenbait lekutan bai, seguruena. Baina 59ko urtarriletik ekainera bitartean La Cabañan ez zen berrogeita hamabost fusilamendu besterik egon. Ez bat gehiago, ez bat gutxiago. Nire barruan burdina gorituaz grabatuta daramadan zenbakia da, behiak markatzeko burdinaz, esateko moduan». Horixe Arzuagaren infernu gorria sutan. «Nire biziko egunik zailenak izan ziren, dudarik gabe».

Javier Arzuaga oñatiarra Arantzazuko fraide izan zen. Zaldi Ero

Bateko eta besteko, liburua idazten asmatu zuen Arzuagak 2006an: Cuba, 1959. La galera de la muerte (Kuba, 1959. Heriotza gela). Lehenengo argitalpenaren eragile estatubatuarrekin haserre, liburuari izenburua aldatu eta osorik bertsionatu zuen Arzuagak —jatorrizko testua ez ezagutzeraino aldatuz—, Anjel Katarainek digitalean argitaratzean (A la medianoche, Semillas en el Tiempo, 2002) lege eta eskubide eragozpenik gabe zabal zezan. Eta, hain zuzen, bigarren testua hartu dute ingelesezko itzulpen argitaraberrian ere: At Midnight, Reno-Nevadako Unibertsitatea, 2019). Oraindik orain, berriz, euskarara ekarri du Jon Mikel Arano idazleak Arzuagaren bigarren idatzia, Gau minean izenez. Argitaratu zain dago.

Urtarrilak 28

Urtarriletik ekainera, jai eta aste, egunero egunsentiarekin, Arzuaga Casa Blancako parroko lanak betetzera zuzentzen zen, La Cabaña kartzelako lan gaitzak ere eginkizun zituela.

Lehenengo, kartzelako nagusi Che Guevararekin hitz egitera joan zen, komandantearen izenaren aipu eta sona handiak erakarririk, hein batean. Iraultza aurreko aldian bezala, La Cabañako Santa Barbara kaperatxoan iganderoko meza esaten utzi ziezaiola eskatu zion Arzuagak Cheri. Baita honek zorrotz ukatu ere. Aldiz, kartzelako presoak ikustera joateko baimena eman zion, «zenbatnahi, noiznahi, nahi beste denboran». Lehenengo elkarrizketan bertan agindu zion Chek justizia iraultzailea laster hasiko zela lanean La Cabañan, «epaitegiak egongo dira hemengo murruen artean, exekuzioak, eta, horretarako, hormatzar bat». Lana lepo izango zuela esan zion Chek frantziskotar gazteari: «Zuk nahi baino lan gehiago ere izango duzu. Hobeko duzu indarrak bildu, zer edo zer beharko duzu-eta, aita».

Justizia iraultzailearen bulegoa, eta auzitegia, ireki zituzten kartzelan bertan, eta urtarrilaren 28an epaiketak egiten hasi ziren. Lehenengo epaiketa, hala ere, Kirol Jauregi eginberrian burutu zen, arratsaldean. Eta hantxe izan zen Arzuaga frantziskotar gaztea. «Begiak erdi-itxi eta Santa Catalinako eta Boyerosera errepideko kirol jauregia ikusten dudala iruditzen zait, erdizka betea, baina lehertzeko zorian, oihuengatik. Jende gehiago espero zen, askoz gehiago. Baita ikuskizun handiagoa ere. (...) Ikuskizuna astuna, mantsoa eta aspergarria da. Iluntzean, antzerkia ez gatz ez piper luzatzen zela iritzita, etxera egin zuten begiluzeek». Gauzak ez ziren erregimenak nahi zuen modura atera. Defentsa abokatuak pekoz gain jarri zuen epaiketa. «Telebista-kamerekin eta ikusleak murriztu gabe egindako lehen eta azken epaiketa izan zen». Kirol jauregiko epaiketak bertan behera utzi eta La Cabañan bertan egin ziren harrezkerokoak.

Epaiketen ondotik, iraultzak preso hartuak hormatzarrera eramateko garaia heldu zen. Fusilatzeak. Haien lekuko zuzena izan genuen Arzuaga, 31 urteko frantziskotar gaztea. Beltzak eta gorriak ikusi zituen, latzak, ez irudikatzekoak, zapart egin zuten haren barruak, haren fedeak, haren ordu arteko sinesteak. 55 fusilatze bizi izan zituen, bata bestearen ondotik, banan-banan, hiltzera lagundu zien. «Ez zen, edo bazen, jakina zela, edo ez, ez dakit nola esan, haien heriotza. Heriotza zen. Nirea eta haiena, denona... Heriotza».

Urte asko geroago, berrogeiko urtealdia eta gero, jarri zituen zurian beltz ordukoak. Idatzi zituenak idatzi eta ulertu genuen zergatik ez zuen lehenago idatzi 1959ko infernu hura, iraultzaren lehen hilabeteek eragin zioten trauma.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Apirilaren 7an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.401 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 790 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.149 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Saltoki txikiak itxita Iruñean. ©Iñigo Uriz / Foku

Kontrolak indartuko dituzte Aste Santuan

Berria

Martxoaren 21az geroztik SARS-CoV-2 birusaren kasu berri gutxien atzeman duten eguna izan da atzokoa Euskal Herrian. Testa egin gabe ari dira sendagiria ematen gaitzak jotako osasun langileei.

Urkullu lehendakaria eta Artolazabal sailburua ©Irekia
Etxeko Leihotik: Formol

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria