Gazteluetan gotortutako herria

Antton Arrieta Euskal Herrian dauden gazteluen errolda osatzen ari da azken urteetan. Bizkai, Araba eta Gipuzkoakoak zenbatu ditu dagoeneko, eta, guztira, 84 daude. Halere, uste du hurrengo urteetan kopuruak gora egingo duela: lokalizatuta ditu beste asko, baina aztarnak topatzeko ditu oraindik.

Donostiakoa da Euskal Herriko gazteluenetan ezagunenetarikoa, baita hoberen kontserbatzen denetarikoa ere. ANTTON ARRIETA.
amaia igartua aristondo
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Haiei argazkiak ateratzearekin hasi zuen Antton Arrietak gazteluekin duen harremana, duela hogeita zazpi urte. Aitarekin batera aurrena, bakarrik ondoren, irudiez gain datuak jasotzen ere hasi zen, eta, azkenean, «buru-belarri sartuta» bukatu ei zuen, Arrietak berak dioenez. Euskal Herria goitik behera zeharkatu du eraikin horien aztarnak topatzeko, eta esfortzu horien emaitza da Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako gazteluen errolda oparoa; Euskal Herriko gainontzeko lurraldeen zerrendekin biribiltzeko asmoa du lana.

Arrietaren ustez, «hizkuntza arruntean kutsu militarra duen edozein eraikini» esaten zaio gaztelu; berak, ordea, irizpide zehatz batzuk izan ditu kontuan erroldak osatzeko orduan: «Alde batetik, Erdi Arokoa izan behar du. Bestetik, hiri, harresi eta dorreen konbinazio batek barruti bat sortu behar du. Hori da gure oinarria». Halere, salbuespenak badaude: «Harkaitzetako gaztelu askok ez dute dorre laguntzailerik inguruan, edo bakarrik alde batetik daude harresiz itxita, gainontzeko guztia amildegiek inguratzen dutelako». Hortaz, kasu batzuetan, aztarnei irizpideak aplikatzerakoan «malguak» izan direla aitortu du Arrietak, nahiz eta guztiek bete «gutxieneko» ezaugarri batzuk: «Barruti bat sortzen dute, harresiren bat dago, baita uraskak, lo egiteko tokiak eta biltegiak ere».

Premisotan oinarrituta, Arrietak 21 gaztelu zerrendatu ditu Bizkaian, 43 Araban, eta beste 20 Gipuzkoan. Azken lurralde horren kasuan, argitaratzen duen bigarren zerrenda da; 2006an kaleratu zuen lehena, eta hamabi gaztelu jo zituen ziurtzat. Aurki aterako duen zerrenda berriak zortzi gehiago aipatzen ditu, hortaz, eta horietako sei Arrietak berak topatu ditu. Agiriak eta toponimo zaharrak erabiltzen ditu balizko gaztelu berriak lokalizatzeko, eta, ondoren, aztarnak arakatzen ditu, aipatutako ezaugarriak betetzen dituzten baieztatzeko. Batzuetan, ordea, begiak asko zorroztuta ere, ez ditu gaztelutzat jotzeko adina zantzu topatu: «Gipuzkoan, hamazortzi balizko gaztelu topatu ditugu. Adibidez,historialari guztiek diote Leintz Gatzagan Dorleta gaztelua zegoela, baina ez dugu aztarnarik aurkitu, soilik toponimoa, horregatik ez dugu ziurtzat jo». «Zuhurrak» izan dira, Arrietak dioenez, aztarnategiak gaztelutzat jotzen; baina, halere, datozen urteetan zerrenda handituko dutelakoan dago, Gipuzkoaren kasuan gertatu den bezala: «Haitza bada eta toponimo zaharra bada, egongo dira».

Lurraldekako ezaugarriak

Gipuzkoako gaztelu berrien aurkikuntzarekin, erantzunak baino galdera gehiago sortu zaizkio Arrietari: «Gaztelu nagusiak eta menpekoak edo sateliteak daude? Nafarroako Erresumak sortuak dira lurraldea kontrolatzeko?». Alabaina, aztertu dituen gazteluetan argi ageri da lurralde berekoek ezaugarri komun batzuk dituztela. Bizkaian, jaurerriko eta leinuko gazteluen arteko bereizketa «harrigarria» dago, Arrietak dioenez: «Bi aro egon ziren gazteluei dagokienez. Bigarren arokoak dira ikusgarrienak: Butroe, Arteaga... Baina bereizketa bitxia da».

Araban ere bi garai egon ziren, nahiz eta lehen aroko gaztelurik ez duten topatu oraindik. Horien kasuan, arerioa nondik zetorrenaren arabera daude lerrokatuta gazteluak. Gipuzkoakoek, aldiz, abelbideekin eta larreekin dute lotura: «Abelbideen ondoan eta mendien goialdean daude orain arte aurkitutako gaztelu gehienak». Transhumantziarekin erlazionatu du hori Arrietak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.