Langabezia. Datuak, Hegoaldean

Lan merkatuak arnasa hartu du, baina zalantzati jarraitzen du

Otsailean 441 langabe gutxiago zenbatu ziren Hego Euskal Herrian, baina jaitsiera txikiena da iazko irailetik. Nafarroan bosgarrenez egin du gora. 46.594 langile daude oraindik ere lan erregulazioan

jokin sagarzazu
2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun

Arnasa apur bat hartu du lan merkatuak, baina hazkunderako gaitasun ahula erakusten du oraindik ere. Otsailean, igoera txikia izan da Gizarte Segurantzako kotizatzaileen kopuruan (+1.563), eta langabeen kopuruak gutxitzen jarraitzen du, baina motel ari da behera egiten eta zalantza handiekin, pandemiak izan dezakeen bilakaeraren arabera. Otsailean, 441 langabe gutxiago zenbatu zituen SEPEk enplegu bulegoetan. Iazko abuztuan hasitako jaitsieran, kopururik txikiena da hori, eta aldi baterako erregulazioetatik ateratzen diren langileena ere eten egin da; hori gutxi izango balitz, azken hilean berriak ere batu dira zerrenda horretara.

 

Guztira, 172.014 langabe daude izena emanda Hegoaldeko lau herrialdeetako enplegu bulegoetan, iazko otsailean baino 20.800 gehiago. Langabezia tasa %13tik gertu dago. 2017ko apirilera egin behar da atzera kopuru handiago bat topatzeko. Pandemiaren hirugarren olatuaren eraginaren ondorioak nabariak dira lan merkatuan eta txertoak ekonomiara ekarri dituen esperantzak ere ez dira aski izan otsailean egoerari indarrez buelta emateko.

OHIKO OTSAILA, EZOHIKO EGOERAN

Ohi bezala, urtarrila hilabete zaila izan zen enplegu sorrerari dagokionez, eta gora egin zuen langabeziak, zerbitzuetan bereziki, Gabonetako kanpainaren amaieragatik. Otsaila hilabete dina- mikoagoa izaten da, enplegua sortu ohi da, eta aurten ere hala izan da. Iazkoaren oso antzekoa izan da kopurua: 307 langabe gutxiago zenbatu ziren orduan. Pandemiak euskal ekonomia gogor jo aurreko azken hilabetea izan zen hori, eta hortik aurrera etengabe egin zuen gora, bereziki hurrengo bi hilabeteetan.

Langabezia %13,8 handitu da azkenengo hamabi hilabeteetan: Hego Euskal Herrian 20.800 langabe gehiago daude iazko otsailetik. Eta enplegu suntsiketak jarraitzen du. Otsailean urtarrilean baino 6.006 kontratu gutxiago egin dira (-%7,16), eta iazko otsailean baino 23.100 gutxiago sinatu dira aurten (-%22,89).

Egindako kontratu guztien %91,2 aldi baterakoak izan dira. Horretan aldaketa handirik ez da izan, urteak baitira hamar kontratutik bat inguru baino ez dela mugagabea. Dena den, joera hori sendotu egin da pandemiarekin batera: iazko otsailean baino %18,25 kontratu mugagabe gutxiago egin dira, eta aurtengo urtarrilean baino %3,8 gutxiago.

NAFARROAN, OKERRAGO

Lurraldeei erreparatuta, otsaileko datuek berretsi egin dute azkenaldian nabarmentzen ari den beste joera bat: azken urteko langabezia datuek Nafarroan dute bilakaera okerrena. Krisia hasi zenetik, lurralde horrek izan du enplegu galerarik handiena, eta horrek ezohiko argazki bat utzi du: langabezia tasa gehien hazi den Hego Euskal Herriko lurraldea da, Bizkaikoaren pare dago gaur egun; Arabak du tasa handiena. Otsailean, gainera, lau lurraldeetatik bakarra izan da non langabeziak gora egin duen: 1.261 gehiago. 42.986 langabe daude guztira.

Hortaz, urtarriletik otsailera bitarte %3,02 hazi da langabeen kopurua Nafarroan. Azken urtean %26,5 egin du gora; beste hiru herrialdeetan, berriz, %1,7 gutxitu da azken hilean, eta %9,4 hazi urtebetean. Oso handia da aldea; are gehiago kontuan hartzen bada batzuen eta besteen ekonomiek jasan duten kolpea oso antzekoa izan dela: iaztik, Nafarroako barne produktu gordina %8,3 jaitsi da, eta %9,5 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gainera, biztanleria aktiboaren azken inkestetan ere Nafarroak eman ditu daturik okerrenak.

ALDI BATERAKO ENPLEGU ERREGULAZIOAK GORA

Koronabirusak eragindako krisi ekonomikoa aspaldi ikusi gabeko datuak ari da uzten, eta langabeen kopurua handiagoa ez bada, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteengatik (ABEE) izan da hein handi batean. Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera, otsailaren amaieran 46.594 pertsona zeuden aldi baterako langabezian edo lanaldi murriztuarekin. Urtarrilaren amaieran baino 6.712 gehiago dira.

Igoera horrek eten egin du aurreko hilabeteetako joera bat. Aldi baterako enplegu erregulazio espedienteek goia jo zutenean, 230.000 langile zeuden egoera horretan Hego Euskal Herri osoan; apirilean izan zen hori, konfinamenduaren asterik gogorrenetan. Ondoren, hilabetez hilabete kopurua gutxituz joan zen, jarduera ekonomikoa leheneratu ahala. Urrian, 25.000 baino ez zeuden, baina orduan, goranzko joera hartu zuen berriro, batez ere ostalaritzari jarritako debekuek haien jarduera asko mugatu zutenean.

Gabonekin batera, joera aldatu zen, eta erregulazioetatik irten ziren langile asko, ostalaritzakoak eta zerbitzuetakoak bereziki. Ondoren, tabernen jarduna eta herritarren joan-etorriak mugatu izanarekin batera, berriz handitu da poltsa hori. Pentsatzekoa da beste sektore batzuetakoak ere batu zaizkiela otsailean eta batuko zaizkiela aurrerantzean; izan ere, ABEEak maiatzaren 31ra arte luzatzea erabaki du Espainiako Gobernuak (urtarrilaren 31n amaitu zen oraingo araudia).

EMAKUMEEN ITZULERA, GELDOAGO

Langabeak sexuaren arabera banatuz gero, horietatik %56,2 dira emakumeak, eta %43,8, berriz, gizonak. Portzentaje horiek ez dute aldaketa handirik izan 2020. urteaz geroztik: iaztik, %15,7ko igoera izan da gizonen artean eta %12,3koa emakumeen artean. Baina otsailak utzi du nabarmentzeko datu bat arlo horretan: Nafarroan hilabete horretan enplegua galdu duten hirutik bi emakumeak izan dira. Beste hiru lurraldeetan, langabezia txikitu arren, 447 emakume baino ez dira itzuli lan merkatura, bide hori egin duten 1.057 gizonen aldean.

LANGABEZIAN DENBORA GEHIAGO

48.428 lagunek jaso zuten langabezia sari arrunta, eta beste 30.428k, berriz, subsidioa. Horiei batu dakieke autonomoen langabezia sari berezia jasotzen dutenak: otsailean 11.395 izan ziren. Langabezian inskribatutako pertsonen %52,29k ez dute inolako langabezia saririk jaso otsailean: guztira, 90.181 pertsona dira. Langabezia osoaren %50 da iraupen luzekoa; duela urtebete %44 zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.