Afganistan

Talibanen hurrengo pausoen zain dago nazioarteko komunitatea

Emakumeek ikasteko aukera izango dute, matxinoen esanetan. Txinak eta Errusiak «egitura politiko inklusibo bat» nahi dute Afganistanen. AEBetako tropek «kontrolpean» dute Kabulgo aireportua

Taliban bat ibilgailu batean, taldearen bandera eta arma bat eskuetan dituela, Jalalabaden. STRINGER / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Ohi baino otzanago aritu dira talibanak, boterea hartu ostean eginiko lehen agerraldi publikoan, nazioarteko komunitatearekiko keinu abegikor gisa. Matxinoen gobernuaren asmoen zertzelada batzuk eman ditu Zabihullah Mujahid bozeramaileak. «Amnistia» emango dutela ziurtatu du, eta neurri horrek barnean hartuko dituela aurreko gobernuko funtzionarioak nahiz atzerriko indarrekin aritutakoak ere.

Emakumeek «lege islamikoaren barruan» lan egin eta ikasi ahalko dutela ere azaldu du. Zehaztu du «osasungintzan nahiz beharrezkoak diren beste sektoreetan» aritu ahalko direla. Horrez gain, nazioarteari espresuki mintzatu zaio, eta azpimarratu Afganistango lurrak ez direla erabiliko atzerriko indarren kontra egiteko: «Ez dugu baimenduko gure lurrak inoren kontra eta inongo herrialderen kontra erabiltzea».

Nazioarteak erreparoz begiratzen dio, bitartean, Afganistani, eta gertatutakoa aztertzen jarraitzen dute Mendebaldeko gobernuek, aldi berean. AEBetako presidente Joe Bidenek eginiko adierazpenen bidetik jo du NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak ere. Jens Stoltenberg idazkari nagusiak Afganistango buruzagi politiko eta militarrak egin ditu talibanen aurkako porrotaren erantzule.

Gertatutakoaz oso bestelako iritzia du Txinako Atzerri ministro Wang Yik, eta hala adierazi dio AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkeni, Atzerri Ministerioko eledun Hua Chunyingek adierazi duenez. AEBetako tropen «presazko irteera» kritikatu du hark, eta gehitu eskualdeko egonkortasunean «eragin negatibo larriak» utzi dituela. Halere, Pekin prest agertu da Washingtonekin elkarlanean aritzeko, «gerra zibil berri bat eta hondamendi humanitario bat galarazteko».

Wangen esanetan, horretarako ezinbestekoa da «atzerriko ereduen inposizio mekaniko bat» ezartzeko nahia baztertzea: «Arazoak baliabide militarrekin konpontzeak horiek areagotu besterik ez du egingo».

Txinako Atzerri ministroaren tonua bestelakoa izan da Errusiako bere homologo Sergei Lavrovekin izaniko hizketaldian. Bi aldeek adierazi dute Afganistanen «egitura politiko inklusibo bat» eratzen laguntzeko prest daudela. Wangek azaldu du trantsizio «baketsu bat» espero duela, gobernuan indar politiko ezberdinak sartzeko gai izango dena. Lavroven esanetan ere, Afganistan gidatuko duen egitura politikoak «zabala» behar du izan. Hala, positibotzat jo du talibanek adierazi izana ez dutela gobernua eurek solik osatuko.

Lavrovek azaldu du oraindik goiz dela Errusiak talibanen agintea onartzen ote duen esateko, baina prest agertu da matxinoen «adar politikoarekin» hitz egiteko. Hori Abdul Ghani Baradarren taldea da, orain arte talibanek Dohan izan duten ordezkaritza zuzendu duena, eta hura Kandaharrerairitsi zen atzo, hogei urtean Afganistandik kanpo egon ostean.

Talibanekin hitz egiteko prest agertu diren beste estatu batzuk dira Iran, Pakistan, Uzbekistan eta Turkia. Azken horretako Atzerri ministro Mevlut Cavusogluk azaldu du talibanek «mezu positiboak» jaurti dituztela azken egunetan, eta espero duela ekintzak ere bide beretik joatea.

Talibanen hitzekin «eszeptikoagoa» da NBEren Giza Eskubideen Goi Mandataria. Erakundeko bozeramaile Rupert Colvilleren esanetan, talibanek kontrolatutako guneetan giza eskubideen urraketak egin izanaren inguruko informazioak jaso dituzte, nahiz eta, informazio fluxuen etenak medio, horiek egiaztatzerik izan ez duten. Hala, hitza betetzeko exijitu die matxinoei.

Beste jokaera batekin, baina talibanekin tratatzeko beharra onartu dute Washingtonek, Londresek eta Bruselak ere. «Irabazi egin dute», azaldu du Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek. AEBek Dohara bidalitako ordezkari Zalmai Khalilzadek, berriz, matxinoekinbiltzen jarraitu du, besteak beste, Kabulen «segurtasun itxura» emateko helburuarekin.

Hala, NATOk Afganistanen duen ordezkari Stefano Pontecorvok atzo jakinarazi zuen Kabulgo aireportuko egoera «kontrolpean» dagoela. AEBetako tropek izango dute azpiegituraren agintea hilaren 31ra arte, eta talibanek kontrolak jarri dituzte haren kanpoaldean, asteleheneko irudiak errepikatzea galarazteko asmoz; sei lagun hil ziren.

Ondorioen beldur

Bada Mendebaldea kezkatzen duen beste kontu bat ere. Oraindik inguruko herrialdeetara ihes egindakoen kopurua handia ez den arren, gora egingo duela azaldu du UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak.

Hori ikusirik, Alemaniako kantziler Angela Merkelek azaldu du iheslarientzako «aukera seguruak» eman behar direla Afganistanekin muga egiten duten herrialdeetan. Hortik aurrera, «bigarren pauso bat» litzateke, «bereziki kaltetutako pertsonek» EBn babesa jasotzea. Estatu kideetako Barne ministroek gaur landuko dute gaia. Halere, Merkelek dio ez dela erraza izango jarrera bateratu bat aurkeztea: «EBren ahulguneetako bat da asilo politika bateratu bat ez izatea».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.