Karabakh Garaia

Azerbaijanek bere gasbideei eraso egiten saiatzea egotzi dio Armeniari

ander perez zala
2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Karabakh Garaiko gerra are gehiago sakonduz gero, litekeena da istiluek eragin zuzena izatea Azerbaijanen gasbideen eta petroliobideen funtzionamenduan. Bakurentzat, hodi horiek berebizikoak dira, batez ere hiriburutik Georgiako hiriburu Tsbilisira eta Ceyhanera (Turkia) doan oliobidea, petrolio esportazioen %80 hori erabiliz egiten baitu; Hego Kaukaso izenekoak ere garrantzia du Azerbaijanentzat, gasa handik iristen baita Europako merkatuetara. Hodi horiek herrialdearen erdialdean eta ekialdean daude, baina borrokak Karabakh Garaitik kanpo ere gertatu izanak alarma piztu du agintarien artean, eta, testuinguru horretan, Azerbaijango presidente Ilham Aliyevek Turkiako Haberturk kateari emandako elkarrizketa baliatu zuen, atzo, Armeniaren saiakerak kritikatzeko: «Gure gasbideei eraso egiten, eta horien kontrola hartzen saiatzen ari da. Hala gertatuz gero, erantzun gogor bat jasoko dute».

Aliyeven esanez gain, Azerbaijango Defentsa Ministerioa ere kritiko agertu zen Armeniaren ustezko ekintzekin, zibilen aurkako erasoak egin izana egotzi baitzion; Erevanek halakorik egin ez zuela erantzun zion berehala. Errelatoen talkan, Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroa gogor mintzatu zitzaion Bakuri, bere herrialdea inbaditu nahi duelakoan.

Testuinguru horretan, Errusiak berriz eskatu zien bi aldeei iragan larunbaterako adostu zuten su-etena indarrean sartzeko.

Turkiaren arma salmentak

Armen salmentari begira, Azerbaijanen aliatu den Turkiak zeresan handia izan du azken asteotan. Izan ere, Turkiako Esportatzaileen Asanblearen txosten baten arabera, Bakuren arma erosketak nabarmen igo ziren iragan udan.

Uztailean 237.120 euro gastatu zituen, eta abuzturako kopurua 30,6 milioi eurora igo zen. Irailerako, berriz, 65,6 milioira; hilabete horren amaieran lehertu zen berriz Karabakh Garaiko gerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.