«Emakume migratzaileak bortxatu egiten dituzte diru truke»

Verak iritzi dio sexu esplotaziorako giza trafikoa patriarkatuak, kapitalismoak eta kolonialismoak eragindakoaren ondorio dela. Turismoaren eta prostituzioaren artean harremana dagoela dio: «Beste aldera begiratu behar dugu ondo etortzen zaigulako?».

BERRIA.
Jone Bastida Alzuru.
Las Palmas
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun

Sexu esplotaziorako giza trafikoko biktimei laguntza ematen aritzen da Begoña Vera Guanche (Tenerife, Espainia, 1975), Daniela Oblatas programaren bitartez. Azaldu du emakume migratzaileak talde zaurgarri bat direla.

Azken txostenen arabera, sexu esplotaziorako giza trafikoa Kanarietan areagotzen ari den fenomeno bat da. Hala da?

Prostituzio sistemarekin zerikusia duen guztian ez dugu datu fidagarririk. Arta ematen diegun horiekin bakarrik jaso ahal ditugu datuak. Gehiegi dago ezkutuan, eta gehiegi da kontrolatu ezin dena. Baina azken urte honetan, bai, izan dugu gehiagotze bat, ez bakarrik prostituzio sistema aldatu delako.

Izan ere, etengabe eraldatuz joaten den munstro handi bat da. Orduan, zuk pentsatzen duzunean kontrolatzen duzula, aldatu egiten da. Esaterako, orain dela gutxi arte, emakume asko Hego Amerikatik zetozen giza trafikoarekin lotuta; eta, beraz, hegazkinez. Gehiago kontrolatu ahal zen. Baina, berehala, sistema aldatzen hasi zen. Orduan, Kanarietara patera bidez ere heltzen hasi dira giza trafikoaren biktima diren emakumeak. Hala, bai, areagotu egin da.

Egoeraz kezkatuta zaudete?

Bai, oso. Gehienbat, galdera bat dagoelako egiten ez dena. Gaur [iragan asteazkena], emakume kazetarien kanpaina bat hasi dugu hemen, Kanarietan, dugun elkarte baten bidez. Eta nahi dena da emakumeez galdetzea. Ez ziren galdetzen ari. Arguineguineko portuko argazkiak ateratzen ziren, 2.000 pertsona baino gehiago. Baina guztiak gizonezkoak.

Patera bat iristen denean, esaten dizute, adibidez: hogei gizon, bost emakume eta lau adingabe. Haurrak zuzenean adingabeen zentrora doaz. Baina emakumeak non daude? Hasteko, ez da galdetzen. Eta galdetzen ez denez, arduradun politikoek ez dute erantzun beharrik. Galdera eginez gero, ea zer erantzuten diguten.

Emakumeak giza trafikoaren biktima badira eta salduta badaude, dagoeneko toki bat badute prostituzio etxeetan, pisuetan edo beste nonbait, askoz zailagoa da antzematea.

Tratulariek kontu handiagoa dute bidean gal ez daitezen, badutelako iristeko leku bat. Beraz, sareak ez puskatzeko arreta handiagoa jartzen dute.

Emakume migratzaileak bereziki zaurgarriak dira sexu esplotaziorako giza trafikoan?

Bai, noski. Zaurgarritasun bat dagoen tokian, errazagoa da harrapatzea. Egia da giza trafikoko biktimen artean Afrikako emakume migratzaileek pairatzen dutena ez duela beste inork pasatzen. Hego Amerikatik datozenak abioi batera igotzen dira, eta bidea orduak dira. Baina Afrikako emakume migratzaileen ibilbidea Nigerren arrotik badator, esaterako, urte eta erdikoa, bi urtekoa edota hiru urtekoa ere izan daiteke. Eta izugarria da bide horretan gertatzen dena; gizagabea, jasanezina, pairagaitza.

Indarkeria handia dago bidean.

Ikaragarria. Tratatzen ditugun emakume batzuek urte bateko edo bi urteko ibilbideak kontatzen dizkigute. Hamabost edo hamasei urte inguru dituztela irteten dira, Europara iritsitakoan hemezortzi betetzear izateko. Gero mailak egiten dituzte.

Adibidez, A kategoriakoak badira, nolabait esateko, hau da, emakume ederrak eta gazteak, pateraren erdialdean joaten dira, sufritzeko arrisku gutxiago izateko. Ez badira horren politak edo zaharragoak badira, berriz, muturretan doaz. Hori egiten da. Haiek kontatutako jazoerak dira. Haragiaz hitz egiten ari gara. Haragia dira tratularientzat.

«Ordaindu behar duten prezioaz» hitz egiten da.

Istorio bat kontatuko dizut. Ona baita jendeak istorio konkretuekin enpatizatzea. Emakume batek, Daniela programan dagoena, 15 urterekin abiatu, haren familiak salduta eta zer gertatzen den ondo jakin gabe, eta Italiara iritsi behar du. Nigeriatik irtenda. Orduan, hark kontatzen zuen, esaterako, bidean aldiro dirua eskatzen dutela.

Saldu egin zaituztenez eta tratularia helmugan zain dagoenez, dirua bidali behar izaten dute. Horrela negoziatzen da. Dirua amaitzen denean, bortxaketak hasten dira, horrekin ordaintzeko. Kontatzen zigun, beste neska bat jada birjina ez zenez, bera bortxatzeko esaten zuela.

Hori bidean. Eta gero, Libiara iritsitakoan, militarrek haremak dituzte. Militarrek berek etxeak dituzte kostan, eta hor aukeratzen dituzte gehien gustatzen zaizkienak; hilabete batzuk izan ohi dira. Harem batzuk dira: indarkeria guztiak jazotzen dira hor. Hoztasun honekin esaten dut, horrela delako.

Zertxobait aspertzen direnean, itzultzen dituzte, eta orduan bai, irteten dira.

Emakume migratzaileek zapalkuntza bikoitza jasaten dute?

Bikoitza, hirukoitza eta laukoitza. Zaurgarriak, pobreak, beltzak eta beste direlako. Dena dute. Askotan ez dakite nora datozen ere; beste batzuetan bai, baina ez zein izango den sufrituko duten indarkeria kopurua. Zorrak pagatu behar dituzte, mafiak jasan, Espainiako putazaleak pairatu...

Hasieran, asteko zazpi egunetan 24 ordu lan egiten dute egunero, gehienbat Afrikako emakumeek. Eta ez zait gustatzen lan egin terminoa. Esplotatuta daude. Bortxatu egiten dituzte diru truke.

Giza trafikoa ezkutuko indarkeria bat da?

Gero eta ikusgaiagoa dela esango nuke. Azken urteetan bistaratzen saiatzen ari gara.

Baina zaila da egoera. Prostituzioa egoteko, sexu esplotazioa egoteko eta giza salerosketa egoteko, putazaleek egon behar dute. Espainiak ditu Europako gehien; prostituzioa gehien kontsumitzen den tokia da. Arazoa gure gizonekin dugu, ez haiekin.

Kanariak «turismo sexualeko» toki gisa ere ezagutzen da.

Uste dut turismo gehien dagoen tokian prostituzio gehiago dagoela. Balear uharteetan, Kanarietan eta Levanten daude klub gehien. Bereziki leku horietan egiten dugu lan. Bestalde, Kanaria Handian beste gai bat ere badago. Turismo sexuala heterosexuala nahiz homosexuala da.

Beste alde batera begiratu behar dugu turismoa oso ondo etortzen zaigulako eta gure monolaborantza delako? Hori da egun dagoena, eta ikusi behar da zer dagoen atzean hau mantentzeko.

Gainera, biktimek prekaritatea jasaten dute, ezta?

Dena sufritzen dute: indarkeria psikologikoa, fisikoa, ekonomikoa, juridikoa, instituzionala, poliziala... Patriarkatuak sortu dituen guztiak.

Emakumeentzat bereziki zaila da migrazio ibilbidea burutzea?

Bai, gizonentzat baino askoz zailagoa. Hasteko, indarkeria sexuala patriarkatuak emakumeentzat erabiltzen duen kontrol arma bat delako, baita migrazio prozesuan dauden gizonezkoengandik ere. Ez dira tratulariak bakarrik.

Patriarkatuak, kapitalismoak eta kolonialismoak sortutako produktua da hau guztia.

Beharrezkoa da errealitate sozial honen analisia egitea?

Bai. Ez badugu analisirik egiten, normalizatzen eta baimentzen jarraituko dugu putetan ibiltzea bezalako gauzak normalak direla, putazalea izatea. Bortxatzaileak dira, sexu esplotatzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.