Kristina Berasain Tristan.
Qatarko Munduko Kopa. WAQIF ZOKOTIK

Isiltasun konplizea

2022ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Qatarrek iaz bete zituen 50 urte independentziatik. Al Thani tribuko gizonek, hala ere, ia bi mende daramatzate nola edo hala boterean. Tartean, buruak moztu dituzte leinuan. Eta azpikeriak ere etengabeak izan dira ama ezberdineko anaien artean edota lehen-semeen eta ondorengoen artean, ez baita ahaztu behar poligamia onartuta dagoen herrialde musulmanaz ari garela.

Khalifak haren aitarekin 1972an egin zuen bezala, Hamadek ere bere aita boteretik kendu zuen 1995ean. Azken horrek ere bost saiakera kolpistari egin behar izan zion aurre, baina ezustean agintea bere kabuz utzi zuen 2013an.

Historia ez da beti errepikatzen. Taminek 33 urte zituen, ez zen lehena oinordetza lerroan, baina aitaren emazte kutunenaren semea da. Datorren urtean hamar urte egingo ditu boterean, eta jada hiru emazte eta hamabi seme-alaba ditu.

Gure ikuspuntutik ulertzea zaila bada ere, etxe barruan badirudi onespena daukala. Antza, qatartarrek ez dute agintari bat nahi, lider bat baizik, eta non-nahi dago haren irudia. Bai, egia da monarkia absolutu honetan emirra kritikatzea zigortuta dagoela, alderdi politikoak debekatuta dauden bezala, baina, hala ere, xekeak demokraziaren bidean egindako keinu hutsalak ez ditu egin barruko aldarrikapen politikoei erantzunez.

Beste kontu bati erreparatu behar zaio isiltasun konplize hori ulertzeko. Qatarren tradizioak pisu itzela dauka, hezkuntza eta osasuna doakoak dira, ez dago zergarik, eta etxebizitzak erosteko diru laguntzak itzelak dira. Langabezia tasa ez da %1era iristen, eta sei qatartarretik bostek sektore publikoan egiten du lan.

Leinu eta tribuen artean, berriz, agintea petrolioaren eta gasaren mozkinak banatzen diren bezala banatzen da. Barne produktu gordina potoloa den bezain meharra da masa kritikoa, debekuak debeku.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.