Suziriak lokatz artean

Nicolas Molinak eta Noemie Vachonek irabazi dute Gorbeia Suzien lasterketa. Lindsay Websterrentzat eta Molinarentzat urrea, Munduko Kopan

Noemie Vachon frantziar korrikalaria. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko urriaren 11
00:00
Entzun

Mota askotariko emozioak bizi izan ziren larunbatean Zeanurin (Bizkaia), Gorbeia Suzien mendi lasterketan. Bederatzigarren aldiz jokatu zen lasterketa, eta oraingoan, Skyrunningeko Munduko Kopako azken proba izan zen. Gauean uste baino euri gehiago egin zuen, eta lokatz artean aritu ziren korrikalariak. Emakumezkoetan Noemie Vachon frantziarrak irabazi zuen, eta Onditz Iturbek bigarren egin zuen. Bigarren urtez jarraian lortu zuen postu horretan sailkatzea. Hamasei segundo eskasera sartu zen helmugan. Oihana Azkorbebeitiak sailkapen nagusiko lehenengo postua galdu zuen. Lindsay Webster kanadarra izan zen Munduko Kopako garailea, lasterketan hirugarren egin baitzuen azkenerako.

Ikusi gehiago:Oihana Azkorbebeitia, mendi korrikalaria: «Ez zen justua Munduko Kopa nik irabaztea»

Gizonezkoetan Nicolas Molina izan zen eguneko garailea, lasterketa eta Munduko Kopa irabazi baitzituen. Euskal korrikalari onena Ander Iñarra izan zen. Bosgarren sailkatu zen proban, eta hirugarren Munduko Kopan.

Emakumezkoetan bi arretagune izan zituen lasterketak. Alde batetik, Gorbeia Suzian garaipena lortzea zegoen jokoan, eta beste aldetik Munduko Kopa irabaztea. Lasterketa garaipenaren lehian Onditz Iturbe eta Noemie Vachon aritu ziren nor baino nor. Hiru ordu pasatxoko lasterketa hamasei segundo eskasean erabaki zen, eta frantziarrak altxatu zituen besoak helmugan.

Bestalde, Munduko Kopako sailkapenean Azkorbebeitia zen liderra, baina Gorbeia Suzia ez zen harentzako lasterketarik egokiena. Iris Pessey, Webster eta bizkaitarra 26 puntu eskasean zeuden sailkapen nagusian, eta ikusmina izugarria zen. Pessey berehala gelditu zen garaipenaren lehiatik kanpo, eta beste bien artean zegoen txapelduna. Azkorbebeitiak lan asko izan zituen kanadarraren erritmoari jarraitzen, eta azkenerako zortzigarren egin zuen. Lasterketan hirugarren egin zuen Websterrek, eta hark irabazi zuen Munduko Kopa.

Ikusi gehiago:Ander Iñarra, mendi korrikalaria: «Goi mailako lasterketak albo batera uztea erabaki dut»

Gizonezkoetan Molinak bete-beteko estrategia erabili zuen, eta emakumezkoen artean ez bezala, alde nabarmenak izan ziren. Bernard Cheruiyotek erritmo bizia ezarri zuen hasieratik, eta berehala gelditu zen bakarrik buruan. Kenyarrak ez zuen Munduko Kopan parte hartzen, baina zerbaitengatik zegoen gonbidatuta. Molinak aurrera abiatzen utzi zion, baina 20. kilometrotik aurrera, espainiarra nahi bezala aritu zen. Aldapan behera daukan teknika erakutsiz, aldea atera zien azkenerako jarraitzaileei, eta erraztasun osoz irabazi zuen. Atzetik Loic Robert frantziar korrikalaria helmugaratu zen, baina hiru minutu baino gehiagoren aldea izan zen bi korrikalarien artean.

Gorbeia Suzien irabazteaz gain, Munduko txapeldun ere izan zen 22 urteko gaztea. Ordura arteko liderrak, Damien Humbertek, laugarren egin zuen, eta hori baliatu zuen Molinak urrea kolkoratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.