KRITIKA. Musika

Bruckner eta Bruchekin, bikain

2021eko urriaren 28a
00:00
Entzun

NDR Elbphilarmonie

Zuzendaria: Alan Gilbert. Biolina: Joshua Bell. Egitaraua: M. Bruchen Fantasia eskoziarra biolinarentzat op. 46 eta A. Brucknerren 4. sinfonia WAB 104, Erromantikoa. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: urriak 25.

Kursaal Eszenaren programazio klasikoak talde paregabeak ekarri ditu azken urteotan gurera, oro har programa sendoak, tarteka ausartak, eskainiz. Neguko denboraldian hainbat izen ezagun bilduko dira; nahiz gehienek errepikatu egin duten bi urteko epean, urrun dago errepikapenetik asperdurara doan bidea. NDR Elbphilarmonie orkestrak, esaterako, Kursaala bisitatu zuen 2019ko azaroan, programa bertsuarekin: Joshua Bell eta Max Bruchen ordez, Leonidas Kavakos eta Bela Bartok izan ziren hartan, eta Anton Brucknerren laugarrenaren ordez, zazpigarrena.

Berebiziko presentzia dute biolin eta orkestrarako idatzitako obrek Bruchen errepertorioan, eta, izan ere, nazioarteko arrakastara bultzatu zuten alemaniarra. Fantasia honek folklore eskoziarraren hainbat doinu tradizional hartzen ditu abiapuntutzat, harpa ia bigarren solista bihurtzen duelarik. Pablo Sarasate biolinistari eskainita, berebiziko jakitea eta sentsibilitatea behar dira pasarte birtuoso zein melodikoei zinez aurre egiteko; Bellek bikaintasunaren distiraz burutu zuen bere ataza. Lehen mugimenduaren argitasunean, Scherzo indartsuan, Hey Tuttie Tattie melodia sendoan, harparen jardute goxo eta zehatza beti ondoan, Bellek berezkoa zaion soinu ederra eta norabidearen ulermen sakona zabaldu zituen nonahi.

Brucknerrek 4. sinfonia konposatu zuen garaian indarrez ari zen musika sinfonikoaren ekoizpenean: urtebete baino gutxiago behar izan zuen pieza osatzeko, eta handik gutxira bosgarrena iritsi zen. Gaiak astiro garatzen ditu austriarrak, eraikuntza lan eskergaren eskutik. Alan Gilbert zuzendari aparta da, eta NDR Elbphilarmonie orkestrako musikariekin izate bakarra osatzen duela dirudi. Atrila hutsik, sekzio guztiak orekan nabarmendu zituen, ikusgarritasuna alderatu gabe: metalen deiadarrak harien tremoloen gainetik, biolen dramatismoa bigarren mugimenduko gai lirikoan, hariak garapenetan, orkestra guztia tutti koraletan. Bis gisa, orkestrako tronboi batek egindako Agur Jaunak-en moldaketa dotorea eta pizgarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.