Apain-apain daude errepideak. Frantziako Tourra Bilbotik abiatuko da larunbatean, eta munduko lasterketarik garrantzitsuenak txirrindularitzaren mapan kokatu du Euskal Herria. Berritu dituzte bide zatiak, atondu bazterrak, eta konpondu dituzte izarrik distiratsuenek lehen hiru etapetan eta bosgarrenaren zati batean igaroko dituzten bideak. Abiadan igaroko daTourreko tropela, eta bertan geratuko direnek gastatuko dute galipota.
Euskal Herrian errotua dago bizikletarako zaletasuna. Asko dira eguna joan eguna etorri errepideetan aritzen direnak. Nor bere helburuarekin; tartean, gaur bazterretik ikusten dituzten izarren pareko bilakatu nahi duten gaztetxoak.
Ordea, tropel hori mehetu egin da azken urteetan, Jorge Garciatxirrindularitza komunikatzaileak nabarmendu duenez: «Perspektiba kontua da. Egia da orain 20-30 urteko egoerarekin alderatuta galera izan dugula. Halere, egoera inguruko herrialdeen antzekoa da, eta haien artean erreferenteak gara oraindik. Urtean 250 lasterketa egiten ditugu, eta, hiru milioi pertsonako herrialde bat izanda, indar handia dugu».
Duela hogei urte, lagun gehiago ari zen gazte mailetako txirrindularitzan, eta Garciak azaldu du «[Miguel] Indurainen, Abraham Olanoren eta Joane Somarribaren moduko erreferenteek» eragina izan zutela horretan: «Kirol aukera gutxiago ere bazegoen, eta txirrindularitza trending topic zen. Jende gehiago mugitzen zen, batez ere gizonezkoetan, eta jende gutxiago lehiatzeak eragina izango du lasterketa kopuruan ere. Emakumezkoetan, hazten ari da kopurua».
Tesi hori garatu du Ander Altunak ere, eta badaki zerbait gaiaz. Ez alferrik, Euskadiko Federazioko zuzendari teknikoa izateaz gain, Baque taldeko kirol zuzendaria eta prestatzaile fisikoa ere bai baita. Haren esanetan, tropela bakandu egin da urteek aurrera egin ahala: «Egoera da duela hamabost edo hogei urte 300-400 lagun zeudela maila bakoitzean, eta egun errealitatea da lizentzia kopurua asko apaldu dela. Azken bost urteetan, ia 10.000 lizentzia genituen Euskal Herrian, eta uste dut 6.200 direla orain».
Esan gabe doa: haietatik guztietatik oso gutxik egingo dute profesionaletarainoko bidea. Kirol gogorra da txirrindularitza, eta exijentzia handikoa. Kirolaria su txikian egosten da, eta urtez urteko lanaren bidez egiten du izar arterako bidea. Haatik, gazte mailetako tropelean aritzetik Frantziako Tourrera bide luzea dago, eta oso zaila da hura bururaino eramatea: «Garai batean, Euskal Herritik ateratakoen kopurua ikaragarria izan zen», nabarmendu du Garciak. Gaur egun laburxeagoa da azken jauzia egin dutenen zerrenda, baina azpimarratu du orain ere badirela euskal harrobiko harribitxiak.
Hain justu ere, Oier Lazkano jarri du adibide gisa, herenegun Espainiako errepideko txapeldun izan zena: «Duen kalitate izugarria berresten ari da, eta txikitatik ikusi zaio hori. Pixkanaka aterako dira halakoak; batetik, gure indargunea lasterketak antolatzea da, oraindik ere kopuru handia mantentzen dugulako.Bestetik, lau egitura profesional ditugu, eta bikoitzak dira haietako bi: Movistar —World Tourreko gizonezkoen eta emakumezkoen mailako taldeak ditu—, eta Euskadi Fundazioak —berdin Continental mailan—».
Horiek horrela, Garciak uste du etxeko taldeek etxeko txirrindularien aldeko joera izaten dutela, eta erreferentziak izatea hobetsi du: «Aitor Galdosi [Laboral Kutxa taldeko managerra] entzun nion emakumezkoen txirrindularitzan erreferente izan nahi dutela, gazteek haiengan arreta jar dezaten. Hori oso garrantzitsua da. Erreferenteak izateak kopurua handitzea ekarriko du, eta baita kalitatea ere».
Izateko, aritu egin behar
Kirolaria eratzeko bidean, entrenamenduak ez ezik funtsezkoak dira lasterketak ere. Horri dagokionez, Altuna eta Garcia bat datoz: Euskal Herrian bada aukerarik. Altunaren arabera, gazte mailetako egutegiari eutsi egin zaio ia bere osoan, baina lizentziak gutxitzeak eragina izan du irteera marran: «Alde horretatik, lasterketen osasuna oso ona da, baina parte hartze kopurua jaitsi egin da. Esaterako, juniorrek Gipuzkoan eta Bizkaian izan dituzte lasterketak asteburu jakin batzuetan, eta 80na lagun atera dira bakoitzean. Hausnarketa bat egin behar dugu, Euskal Herri osoko egutegi bateratu baten inguruan».
Hain justu ere, gai hori hizpide izan du Garciak. Haren esanetan, «lurralde desoreka» nabarmena da txirrindularitza egutegian. Azaldu duenez, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako Erriberan «oso lasterketa gutxi» egiten dituzte, eta Gipuzkoan eta Bizkaian lehiatzen dira gehienak.
«Lizentzia kopurua jaitsi egin da, eta, ondorioz, baita txirrindularitzak inguruan duen jendea ere, eta egutegi berarekin segitu nahi dugu. Badugu eztabaida txiki bat; hein batean, ez goaz bat errealitatearekin. Uste dut, alde horretatik, lasterketak apur bat gutxitu beharko genituzkeela, eta herrialde mailatik Euskal Herrira igaro, egutegi koordinatuago bat edukitzeko. Horretan ari gara lanean», azaldu du Altunak.
Hori ez da lantegi erraza, ordea. Teknikariak aditzera eman du lasterketa bakoitzak «elkarte, udal edo jende multzo bat» duela atzetik, eta bakoitzak bere lasterketari eutsi nahi diola: «Ez da erraza. Ulertu behar da herri batek lasterketa antolatzen duenean ez duela hura galdu nahi. Batzuetan zera aurkitzen dugu: herri bateko festetan bizi osoan antolatu den lasterketa bat antolatzen segitu nahi dutela, eta eguna iristean 40 parte hartzaile soilik egoten direla. Batez ere Bizkaian ikusi dugu hori, udako lasterketetan-eta. Egutegi bateratuaren alde egin behar dugula uste dut».
Txirrindularitzaren jiran mugitzen diren lagunak urritzeak, halaber, ondorio izan du lasterketak aurrera ateratzeko beharrezkoak diren boluntarioak ere urritzea. Hala uste du Garciak: «Euskal Herriko Itzulia kenduta, gainontzeko lasterketa guztietan boluntarioak aritzen dira lanean. Jendeak diru asmorik gabe egiten du lan, helburu ekonomikorik gabe, eta boluntario sena galtzen ari da gizartean. Ez dago erreleborik: hori sumatu dugu».
Horri dagokionez, Altunak uste du leku bakoitzean badagoela jendea lasterketa aurrera ateratzeko prest dagoena. Gipuzkoa jarri du adibide gisa: «Iruditzen zait oso osasun ona duela. Edozein lasterketatan, bidegurutze guztiak-eta ondo beteta egoten dira. Araban eta Bizkaian, lanerako jende asko dago, lasterketak aurrera ateratzeko, baina segurtasun arazo gehixeago egoten dira. Oro har, Euskal Herrian ondo dago, baina zenbait lasterketatan jende falta hori izaten da».
Krisien albo kalteak
Azken urteetan, zenbait lasterketak eta egiturak gorabeherak izan dituzte Euskal Herrian, baita egutegiari dagokionez ere: besteak beste, Euskal Bizikletan eta Zornotzako Udaberri Klasikoan, zeinek gorengo mailako txirrindulariak biltzen baitzituzten. Oraindik orain, Bidasoko Itzuliak pairatu ditu aldaketak, etapa bat gutxiago korrituta.
«Nabarmena da txirrindularitza profesionalizatzen ari dela beheko mailetatik hasita», azpimarratu du Altunak. Federazioko eta Baque taldeko arduradunak dio kostuen igoera dagoela gorabehera horien muinean: «Zenbat eta maila goragoko lasterketa bat antolatu nahi izan, aurrekontua ere orduan eta handiagoa izatenda. Gaur egun, Bidasoko Itzulira gonbidatuta datozen talde guztiei ia gastu guztiak bete behar zaizkie antolakuntza aldetik, eta ezin izaten die 25 talderi dena ordaindu. Laguntzarik jasotzen ez den bitartean, eguna kentzea da aurrera egiteko modua».
Azken hamarkadan izandako eragin horrek lehenago du jatorria, Garciaren arabera. Irundarrak uste du 2008ko krisi ekonomikoak bete-beteko eragina izan zuela txirrindularitzan. Hark laburbildu du urteen poderioz antzeman den kaltea: «[Koronabirusaren] pandemiak asko eragin zion gizarte osoari, baina galera ekonomiko hark ez zuen egutegia asko atzendu. Egia da pandemiaren gordinean lasterketak galdu egin zirela, eta bakarren bat ez dela berrezarri. Baina 2008ko krisian asko galdu ziren, eta joera bat izan da».
Lasterketa horiek ez berreskuratzearen eta Frantziako Tourraren agerpenaren artean, Garciak ez du desorekarik hauteman: «Eusko Jaurlaritzaren estrategia oso modan dago, eta turismotik ere badu. Sportwashing terminoa erabili daiteke; norbere burua zuritzea kirolaren bitartez. Tourra euskaldun guztiok gozatuko dugu, eta gobernuaren estrategia halako makroekitaldiak ekartzea da. Tourra ez dut kirol politiken barruan sartzen; turismoa da, instituzionalizazioa da. Txirrindularitza lasterketa da, bai, baina sportwashing delako hori».
Galipota ibilian gastatuko dutenak
Frantziako Tourreko tropela igaroko den errepideetan zaildu ohi da Euskal Herriko harrobia. Txirrindularitza lizentziak gutxitu egin dira azken urteetan, eta horrek zer hausnartua eman die teknikariei. Egutegia horretara moldatzea da aukera bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu