KRITIKA. Musika Hamabostaldia

Gehiegi eta gutxiegi

Arkaitz Mendoza.
2018ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun

Budapest Festival Orchestra

Zuzendaria: Ivan Fischer. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 27.

Budapesteko orkestraren bigarren eta azken kontzertuan errusiar mendi ero baten igoera eta jaitsierak bizi izan genituen. Gehiegi, Donostiako Orfeoiak planteatutako ehun ahotsak Wolfgang Amadeus Mozarten Konfesorearen bezpera solemneak interpretatzeko. Gutxiegi, Xabier Anduaga tenor donostiarrak gure artean izan dituen musika aukerak. Gehiegi arriskatu zuen abesbatzak gregoriano musika txataletan aukeratutako ahotsekin, baina emaitza txalogarria izan zen. Gutxiegi, Anduaga salbu, beste ahots bakarlariek eskaini zuten kalitatea, egokitasun bakun bat eskaintzeko gure artean baditugu maila hobean loreztatuko hainbat izen. Gehiegi ez du irauten Mozarten obrak, motz geratzen da abesbatzaren agerraldia, eta, agian horregatik, ez da auditoriumetan gehiegi interpretatzen obra xelebre hau. Gutxiegi, Christina Landshammer sopranoaren egitekoa bere Laudate Dominum ederrera arte; hor bai inguratzaile eta polit erakutsi zituen bere musika ezagutzak.

Orfeoian ekite garbi eta zuzenago baten falta sumatu nuen sopranoetan, azkeneko aldian nabarmenki iragate prozesuan dagoen esparrua, ahots oso gazte eta interesgarrien loraldia sendotu arte. Ivan Fischer ere ez zen bikaintasun paregabean azaldu prezisio aldetik, Mozartek behar duen garbitasuna lainotuz, batez ere biolontxeloen harmonia oinarrian, gorabeheraren bat edo beste agerian utziz. Erabaki bitxiak ere gehitu behar ditugu interpretazio honetan: haize metal hirukotea garaiko instrumentuekin jorratzeak soinu mota bat iragartzen du, eta abesbatzako ehun ahotsekin kontrajarrian jartzen da, bolumen aldetik desorekak azalduz. Bikaintasunean atsedenaldi bat hartu zuen Fischer maisuak.

Gustav Mahlerren 4. Sinfonia ez da sinfonia bilduman gehien interpretatzen den horietakoa, baina Mozartekin zerikusi nabarmenak ditu melodien tratamenduan, eta oso aproposa izan da aukeraketa. Hasierako Bedächtig; nicht eilen —nahita, presarik gabe— zoragarria izan zen musikari bakoitzak argi asko zekielako zer eta non zegoen musika nota bakoitzaren helburua. Haize egurra dantzaka, harizko instrumentuak soinu biribilean eta haize metala galde erantzun aipagarrietan. Fischerrek guztiz biluzi zuen partitura, orkestra atal bakoitzari zegokion arropa jantziak aukeratuz. Amaieran, Landshammer berriz ere agertokira bueltatu zen Sinfoniaren koroatze zerutiarrari bihotzeko goraldia txertatzeko. Sentipenak hobe gehiegitasunean bizi, gutxiegi den oro epe luzera bihozmin bilaka daitekeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.