Lander Garro. 'Kurba' saioaren aurkezlea

«'Kurba' saioko elkarrizketak oso neurera ekarriko ditut»

7azpi web telebista gaur hasiko da martxan, 'Kurba' elkarrizketa saioarekin. «Ezker subiranistaren esparrutik sortutako eskaintza bat da», proiektuaren sustatzaileek iragarri dutenez.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Lander Garro (Errenteria, Gipuzkoa, 1975) idazlea, kazetaria eta bideogilea da. ETB1entzat hainbat saio zuzendu ditu; azkenekoa, Euskalonski.

Telebista aurkezle arituko zara gaurtik aurrera. Zein da zure inspirazioa aurkezle lanerako?

Ez naiz sentitzen oso aurkezle. Internet bidezko telebista txiki bat da 7azpi, eta etxean egiten dugu. Baina, niretzat, kazetaritza lanera itzultzea da, aspaldiko partez. Hala ere, telebistako lan askotan kamera atzean egon naiz galderak egiten. Galdera-erantzun formatuan oso eroso nabil. Bada aldaketa bat, kamera aurrean nire irudia azalduko baita. Nahiko pertsonaia publikoa naizenez, pauso hori ematea ez da oso zaila izango niretzat.

Lehen elkarrizketatua Itziar Ituño aktorea izango da. Nolakoak izango dira elkarrizketak?

Elkarrizketak etxetik etxerakoak dira, koronabirus garai honetakoak. Elkarrizketak neronek pentsatzen ditut, eta oso neurera ekartzen ditut. Oso libre sentitzen naiz gaiari aurre egiteko, elkarrizketa nahi dudan tokitik eramateko. Lehen grabazioak utzi didan zaporea da etxetik etxerako elkarrizketak ez direla aurrez aurre egiten direnak bezain dinamikoak. Etxetik etxerako elkarrizketetan, kontu teknologikoak medio, beste ezin entzun bat dago. Itziar Ituñoren kasuan, aurrez aurre izatearen falta sentitu nuen.

Hasteko, zortzi elkarrizketa dira. Zeren arabera aukeratuko dituzue elkarrizketatuak?

Aurrerago Euskal Herritik kanpoko jendea elkarrizketatuko dugu, tartean Herrialde Katalanetakoa. Asmoa da aktualitate politikoari erantzuna ematea, eta galdetzea beste nazio batzuetako jendeari nola ikusten duten egoera politikoa.

Kameraren atzean egin dituzun lanen artean, bestalde, Nafarroako intsumisoen inguruko dokumental bat dago. Noiz estreinatuko duzue?

Dokumentala amaitua dago. Azken ukituak eta soinu banda falta zaizkio. Asmoa zen Donostiako Giza Eskubideen Jaialdian aurkeztea, baina bertan behera gelditu zen. Orain zain gaude, eta agian hemendik egun batzuetara pentsatu beharko dugu Donostiako Zinemaldian aurkeztea ala ez. Ez dakigu argi.

ETBrentzat zuzendu zenuen azken saioa Euskalonski izan zen. Hura duela urtebete amaitu zen. ETB2n, berriz, Vascos por el mundo saioak jarraitu egin du.

Vascos por el mundo saioarentzat naturala da jarraitzea, gaztelaniaz mintzatzen diren euskal herritar ugari daudelako munduan barna. Guri gertatu zitzaigun euskaraz mintzatzen den jendea ez zela asko gelditzen atzerrian. Xahutu egin genuen gure saioaren lehengai nagusia.

ETB1ek %1eko ikusle kuota izan zuen joan den astean. Iaztik hona, erdia galtzea da hori. Zer hausnarketa eragiten dizu?

Hausnarketa da ETBren ildo estrategikoa ez dela zuzena. ETBkgaldu egin du bere ikus-entzuleak ulertzeko eta ezagutzeko izan zuen brujula. Eskaintzen dituen edukien eta jendeak ikusi nahi dituen gauzen artean alde handiegia dago. Garai batean bazegoen sen bat ETBn, pentsatzeko euskal jendeak zer ikusi nahi zuen, eta sen hori galdu egin da, guztiz. ETB1en marka bera gaur egun oso garai kritikoan dago.

Iaz, tailer batean, Asier Altuna zinemagileak esan zuen euskal Woody Allen zarela, Zomorroa film laburra goraipatuz.

Umorea arma oso-oso interesgarria da: bai idazterakoan, bai fikzioa pentsatzerakoan, bai telebista pentsatzerakoan. Identifikatuta sentitzen naiz Altunaren etiketarekin, Woody Allenek ere horrela ulertu izan baitu istorioak kontatzeko magia. Umorea arma izugarri zorrotza da, eta nire nortasunaren zeinuetako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.