Oihane Perez. Euskadi Irratiko esataria

«Esan ohi den baino gehiago entzuten da irratia»

Ikasturte honetan, 'Mezularia' saioko aurkezlea eta editorea da Perez. 19:00etatik 20:05era, aktualitatearen jarraipena egiten du saioak. «Albistegi osatutzat» jo du esatariak.

EITB.
urtzi urkizu
2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen EHUn, eta 2003an hasi zen Euskadi Irratian kazetari lanetan Oihane Perez (Anoeta, Gipuzkoa, 1981). Zortzi urtez Madrilgo berriemailea izan zen. Irailaren erdialdean ekin zion Mezularia gidatzeari.

Albistegi bat baino gehiago al da Mezularia?

Esango nuke albistegi osatu bat dela. Albisteez gain, kulturaren atala badauka, baita kirolena ere. Tokiko albisteak txertatzen saiatzen gara. 65 minutu dira; albiste gordinez gain zerbait gehiago zabaltzeko aukera ematen du.

Hainbat berriemaile izateak informazio osatuagoa emateko bidea ematen du, ezta?

Bai, Euskal Herriko ikuspegi orokor bat ematea da helburua. Horrez gain, EITBk nazioarteko sare zabala du, eta eremua zabaldu egiten dugu: gertukoenetik hasi, eta egunerokoan gehien eragiten duten albisteetara iritsiz. Munduan badaude herritarroi eragiten diguten erabaki batzuk .

Mezularia-k hainbat etapa izan ditu. Aldatuz joan da.

Bai. Ainhoa Etxebestek gidatzen zuen Mezularia bi ordukoa zen, adibidez, eta hausnarketa gehiago lantzen zuen tertulien bidez. Urtarrilean Baipasa magazina iritsi zen arratsaldeko programaziora, eta eraldaketa bat egon da. Oraingo Mezularia-n ez da iritzia sartzen, eta daukagun denboran gaietan ezin da gehiegi sakondu.

Pandemiak markatzen du aktualitatea azkeneko hilabeteetan. Zer ardura dute komunikabideek?

Batetik, informatzea, herritarren eskubidea delako. Baina, bestetik, erronka handiena da beste zerbait eskaintzea. Kalean entzutea egokitu zait herritar batzuen aldetik ez dituztela albisteak entzun nahi, gogorregiak iruditzen zaizkielako. Jendea ez dadin zulo etsigarri batean sartu, beste zerbait eskaini behar dugu.

Herritar asko nekatuta daudelairuditzen zaizu?

Bai, eta ez dakit aipatu dudan erronka horri erantzuten ari garen. Zaila da. Beste gai batzuei heltzen diegu, baina askotan pandemiaren zurrunbilotik ezin da ihes egin.

Konfinamendu garaian kexak egon ziren ETBn eta Euskadi Irratian gaztelaniazko hitz jario gehiegi zegoelako. Ez al dira gaztelaniazko ahots tarte gehiegi sartzen Euskadi Irratian?

Ziur aski, bai. Lanketa handia egin da erredakzioan: Euskadi Irratian saiatzen gara bereziki zaintzen erdarazko ahots tarteen gehiegizko erabilera. Irizpideak oso markatuta daude, baina norberaren erantzukizuna tartean sartzen da. Mezularia-n ere sartzen dira erdarazko tarteak; batzuetan iruditzen zaizu tartea garrantzitsua dela, baina orokorrean denok zaindu beharko genuke alor hori. Beste aukera bat litzateke irrati eredua aldatzea, baina eztabaida sakona litzateke hori.

Belaunaldi batzuetako herritarren artean irrati kontsumoak indartsu jarraitzen du. Eutsiko zaio horri?

Esan ohi den baino gehiago entzuten da irratia. Gutxien espero duzunean, norbaitek esaten dizu entzun zaituela. Adinekoek gehiago entzuten dute. Gazteek podcastetara jotzen dute bereziki. Eta, bestetik, autoan asko entzuten da irratia. Iruditzen zait oraindik irratiak etorkizuna duela. Aldatu egingo da etorkizunean, baina entzuleak izango ditu.

Zuk zeuk nola daramazu irratiko lanaren estresa?

Irratian oso bizkor egin behar da lan. Hedabide digitalak sortu direnetik, gainera, badirudi lehiadagoela, eta bizkortasunari balio handiagoa ematen zaiola kalitateari baino. Nik neuk uste dut sortu dudala gaitasun bat lanetik irteterakoan deskonektatzeko, nahiz eta zaila den jakiten zer momentutan uzten diozun kazetari izateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.