Zientzia

Zientzia erakusteko artea

Zientzia azaltzeko, irudiak beharrezkotzat jotzen dituzte adituek. Zientziaren eta ilustrazioaren arteko lotura ez da berria, baina eskari mailak eta espezializazioak zientzia ilustratzaileen beharra sortu du, eta ikasketak ere arautu dira. Ikerlariarekin buruz buru aritzen dira ilustratzaileak.

MIKEL RODRIGUEZ.
Iker Tubia.
2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Begi kolpe batean jakintza eskura ematea da ilustrazio zientifikoaren helburu nagusia. Izan ere, modu asko daude informazioa emateko, eta informazio hori konplexua denean, lagungarria izaten da hitzez ez ezik, irudiz ere adieraztea. Komunikazioa erraztea da, azken finean, diziplina horrek egiten duena. Aspaldikoa bada ere, gero eta arreta gehiago jartzen zaio alor horri, eta horrek espezializazioa ekarri du.

Batzuek diote gremio zaharrenetariko bat dela ilustrazio zientifikoa, zaku horretan sartzen baitute labar artea. Dena dela, ez da afera berria ikerketak, asmakuntzak edo prozesuak irudien bidez adierazteko teknika. Lehen, ikertzailea bera zen irudi egilea: Charles Darwinek berak marraztu zituen bizitzaren zuhaitzak, eta Galileo Galileik Jupiter eta sateliteak. Hori aldatu egin da, eta ikerlariaren ondoan beste profesional bat dago: ilustratzaile zientifikoa. Hori da berritasuna. Vega Asensio EHUko Ilustrazio Zientifiko graduondokoaren koordinatzailearen arabera, eskaera mailak eta espezializazioak beharrezko bihurtu du ilustratzailearen figura. Gainera, ikasketak arautzeari esker, bidea errazago dute horretan aritu nahi dutenek, beren kabuz ikasten ibili beharrik gabe.

Zaku erraldoia da ilustrazio zientifikoarena: iratze baten irudia, planeta baten infografia, kornearen operazio baten irudikapena, aspaldi desagertutako animalia baten itxura, atomo baten ilustrazioa edo taula periodikoa bera. Gaur egun, teknologia ilustratzeko behar handia dago.

Diziplina horrek zenbait gauza eskaintzen dizkio zientziari. «Gai da zerotik hasteko, eta hori sekulako abantaila da zientziarentzat», esan du Asensiok. Heriotza gainditzen du, eta, esate baterako, dinosauro bat irudika dezake. Eskala ere gainditzen du, eta horri esker irudikatu liteke atomo bat edo eguzki sistema bera. Prozesuak azaldu ditzake —hipotesiak, teoriak...—, eta aukera ematen du edozein elementu nabarmendu, sinplifikatu edo ezabatzeko, baita zarata saihesteko ere. Eta, azkenik, modeloak sortu ditzake. « Ilustrazio zientifikoak zientziaren menpe jartzen ditu teknika artistikoak. Transbertsala da; unibertsala izan daiteke, eta ezagutza maila ezberdinak irudika ditzake. Noski, marrazkiak beti egon dira zientzian, animalia bisualak garelako. Gauzak hobeto ulertzeko behar ditugu».

Bi arlo nagusi bereiz litezke ilustrazio zientifikoan: zabalpena edo komunikazio purua, eta dibulgazioa. Hau da, ilustrazio zientifikoak balio dezake zientzialarien artean informazioa zabaltzeko eta ulertarazteko; baita ezagutzak ikasleei transmititzeko ere, eta erabili liteke ere edozein pertsonarengana ailegatzeko. Nolanahi ere, prozesua bera da: ikerlariak ilustratzaileari esaten dio zer behar duen; gero, joan-etorrian ibiliko dira irudiak, solas etengabean.

Mikel Rodriguezek eta Nuria Hernandezek ongi ezagutzen dute prozesu hori: biek ikasi zuten EHUko graduondokoan, eta ilustrazio zientifikoan ari dira lanean. Lan berera adar ezberdinetatik ailegatu ziren: Rodriguezek Itsasoko eta Ingurumeneko Zientziak ikasi zituen, baina txikitatik zuen marrazteko zaletasuna. Orain, Scienseed enpresan ari da. Arte Ederrak ikasi zituen Hernandezek, baina ikasle garaian erabat ulertu ez zituen zientziei buruzko jakin-mina piztu zitzaion: «Azken boladan, zientzia dibulgatzeko modua oso interesgarria da».

Eskua eta ulermena

«Ezinbestekoa da proiektua oso-oso ongi ulertzea. Orain telematikoki ari bagara ere, inportantea da ikerlariaren lantokira joatea, harekin mintzatzea eta, posible bada, materiala bertatik bertara ikusi edo ukitzea», azaldu du Rodriguezek. «Denbora eskaini behar zaio ulermenari, horrek denbora asko aurreztuko baitu gerora, zuzendu beharreko akats asko saihestu ditzakezulako». Gero, zirriborroa bidaltzen dute ilustratzaileek, eta, urratsez urrats, forma hartzen du. «Ikerlariak zaintzen du etengabe prozesua».

Asensiok ohartarazi du lana «umiltasunez» egin behar duela ilustratzaileak, ikerlariaren iradokizunak eta zuzenketak onartzeko prest: «Bi aldeko lana da. Batzuek oso esku ona izan dezakete, baina, agian, irudiak ez dira zuzenak. Zuzenketak beti dira hobetzeko». Eta, gero, gelditzen ere jakin behar da: «Beti eman diezaiokezu zertzelada bat, baina momentu batean laga egin behar da».

Rodriguezek uste du zientziaren mundutik heldu diren ilustratzaileek aurretik ikasitakoa baliatu dezaketela: «Hizkera baduzu, beraz, hobeto uler dezakezu ikerlariak zer nahi duen». Hala ere, berak formakuntza zabaldu behar izan du arte teknikak ikasiz. Hernandezek alderantziz egin du: «Diseinatzaile eta ilustratzaile ibilbidea oso baliagarria zait; zerbait kontatu behar duzunean, erreferentziak erabili behar dituzulako: kultura bisual handiagoa baduzu, errazago baliatuko dituzu». Izan ere, berak uste du ez daudela urruti ilustrazioaren alorrak: «Istorio kontalariak gara: izan liteke fikziozkoa, ipuin bat ilustratzean, edo izan liteke benetakoa, adibidez, intsulina injekzio bat nola zabaltzen den gorputzean».

Teknika anitz daude kontakizun hori egiteko, baina bi adar nagusi bereiz daitezke: tradizionala edo analogikoa, eta digitala. Eskuz eta paperean egiten den ilustrazioan, asko erabiltzen dira grafitoa eta akuarelak, baita Txinako tinta ere. Teknika digitala gai da nolabait eskuz egindako teknikak imitatzeko, eta marrazketa teknikoa egiteko baliatzen da; 3D teknikak ere biltzen ditu.

«Eskuz egiteak zehaztasun gehiago du; naturalagoa eta atseginagoa da, eta original bakar bat duzu. Baina digitalean, zuzenketak errazago egiten dira, eta denbora aurrezten da», azaldu du Asensiok. Lanaren arabera, bat edo beste aukeratzen dute. Pedagogia egitea ere egokitzen zaie, Hernandezek esan duenez: «Tarteka, erakutsi behar diezu haiek nahi dutena lengoaia grafikoan nola egiten den, agian aurretik badutelako lan zaharragoetan oinarritutako ideia bat. Baina erraza da bezeroari ulertaraztea orain mila modu berri daudela dibulgaziorako». Izan liteke prozesu oso abstraktu bat irudikatu beharrekoa, eta, kasu horietan, lan zaila izaten da zientzialariaren burutik paperera igarotzea.

Ilustrazioa beharrezkoa da zientzian. Rodriguezek argi du: «Prozesu konplexuak azaltzeko, ilustrazioak gaitasun handia du laburbiltzeko eta sinplifikatzeko». Ez horretarako bakarrik: «Atentzioa emateko modu bat ere bada, jendearengana iristeko edota dirua ematen duten erakundeek ikus zaitzaten. Ikusten ez bazaituzte, zure lanari ez diote baliorik ematen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.