Fariba Sheikhan Uriarte. Aktorea

«Jihadistekiko enpatia senti dezake ikus-entzuleak»

Movistar Plusek jihadisten eta polizien telesail bat estreinatuko du ostiralean: 'La Unidad'. Sheikhanek polizia eta itzultzailearena egiten du. «Istorioak kateatu egiten du», esan du.

JABIER MANTRANA.
urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
ETBko Goenkale eta Bi eta bat—2013ko etapan— telesailetan eta haurrentzako 3txulo saioan aritu zen Fariba Sheikhan (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1988). Madrilen egin zuen bolada bat, El secreto de Puente Viejo telesailean lanean (Antena3). Pasaian (Gipuzkoa) bizi da egun, eta Nork ostu dit apirila? proiektuko —BERRIA Aretoan ikusgai— bi kantatan ahotsa jarri du. «Musika talde bat osatu nahiko nuke».

Nola iritsi zitzaizun La Unidad telesailean parte hartzeko aukera?

Londresen nintzela, Madrilgo hautaproba batera joateko aukera sortu zitzaidan. Hegazkin bat hartu, hautaproba egin, eta aukeratu egin ninduten.

Zure pertsonaia polizia da, eta itzultzaile lanetan aritzen da.

Nik, berez, persieraz hitz egiten dut. Arabiera gutxi dakit; ez dut menperatzen, baina telesailean arabierazko trebatzaile bat genuen; asko lagundu zigun ahoskeran. Nire pertsonaia, dena den, nahiko isila da, eta oso behatzailea.

Bigarren atalean, zure pertsonaiak haurtzaroko immigrazio istorio bat aipatzen dio lankideari, Melillako (Espainia) harresiaren parean daudela. Halako istorioak ez dira gehiegi azaltzen telesailetan, ezta?

Fikzioan ez dira gehiegi ukitu horrelako gaiak. Iruditzen zait beharrezkoa dela fikzioan ere horrelako istorioak lantzea.

Zer moduz joan zitzaizkizun grabaketak beste aktoreekin?

Sekulakoa izan zen: goi mailako aktoreak zeuden taldean. Denok bat egin genuen. Marian Alvarezekin pasatu nuen denbora gehien, tramarengatik, eta oso erosoa izan zen harekin lan egitea: aktore eta pertsona bikaina da. Dani de la Torre eta Oskar Santos [Bilbokoa da] zuzendariekin ere, oso ondo. Ekoizpen handi bat zen, eta dena oso ikusgarria zen.

Zerikusirik ez El secreto de Puente Viejo telesaileko lanarekin, orduan?

Zerikusirik ez, inola ere. Entrenamendu oso ona izan zen hura, egunean dozena bat sekuentziarekin. Baina La Unidad beste tamaina bateko ekoizpena da; beste denbora batzuk dira. Asko disfrutatu nuen Muntaia guztiaz.

Koronabirusagatik izan ez balitz, aste honetan Madrilen egongo zineten, promozioko ekitaldietan...

Callao zinema areto handietan aurrestreinaldi bat egin behar zuten, baina ezin izan da egin. Bestetik, maiatzaren bukaeran estreinatu behar zuen telesaila Movistar Plusek, eta aste pare bat aurreratu du estreinaldia.

La Unidad-ek ikusleak harrapatuko dituela iruditzen zaizu?

Bai, aurreneko hiru atalak [sei dira] ikusi ditut, eta harrituta gelditu naiz. Kateatu egiten du, eta gaiari bestelako ikuspegi bat ematen dio. Terrorista jihadisten alde humanoa ikusten da; ikusleak enpatia senti dezake haiekiko. Telesaila ez doa terrorismo jakin baten kontra; gaizkia da jomuga. Bestetik, telesaileko pertsonaia asko benetako pertsonetan daude oinarrituta. Hor sekulako dokumentazio lana egin dute gidoilariek. Polizien harreman pertsonalak ere jorratzen dira, eta berezia da ikuspegi hori.

ETBn egin zenuen azken lana 3txulo-n izan zen. Haurrentzako saio hartako lanaren falta sumatzen al duzu?

Bai, zoragarri pasatzen nuen 3txulo-n. Komedia zen, eta asko disfrutatzen nuen. Gustatuko litzaidake berriro horrelako lanen bat suertatzea.

Haurrentzat ez dago fikzio gehiegirik ETBn, ezta?

ETBn ez dago, ez haurrentzat, ez helduentzat. Hainbeste jende dago, hainbeste ideia, hainbeste gogo... Websail batzuk hasi dira egiten; adibidez, Puntu Koma-n parte hartu nuen. Baina zergatik ez da fikzio gehiago egiten? Zaila egiten zait ulertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.