Andrea Mora. Aktorea

«'Bizi txarra'-n asko ikasi dut gorputzarekin lan egiten»

Morak Alpharen pertsonaia jokatu du'Bizi txarra' websailean. «Makarra bat» da Alpha, baina lagunekiko kezka azaltzen du. «Karga psikologikoa» duten pertsonaiak ditu gogoko.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
urtzi urkizu
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Iaz, ETBko Go!azen telesailean, Sara neska musulmanaren rola jokatu zuen Andrea Morak (Etxebarri, Bizkaia, 2000). Aurten, Fer Garcia-Perezen Interrail filmean parte hartu du.

Urrian Seriesland jaialdian estreinatu zuten Bizi txarra euskarazko websaila [Interneten ikusgai dago jada]. Zer sentitu duzufikzio hori ikustean?

Oso pozik nago lan horrekin. Baina antzerkia ikasten ari naiz, eta neure burua pantaila batean ikusten dudanean, autokritikoa izaten naiz: akatsak topatzen ditut. Aktoreok saiatzen gara gure lana ahalik eta hoberen egiten. Esan dezaket oso pozik egon nintzela Bizi txarra-ko lantaldearekin.

Akziozko zenbait eszena grabatu zenituzten. Gustura?

Bai, orain arte ez nuen akziozko generoa landu. Kolpeak ematen eta indarkeriazko egoeratan jarri gintuzten. Akziozko generoan energia handia jarri behar duzu. Asko ikasi nuen, adibidez, gorputzarekin lan egiten. Websaileko lana profesionala zen, baina lanean ongi pasatzea zen beti arduradunaren xedea. Haurtzaroan antzerkia egiten nuenean ideia hori nuen: dibertitzea antzezpenarekin. Gero, ikuspuntu hori galdu egiten da, eta Bizi txarra-n berreskuratu egin dut.

Juan Luis Zabala BERRIAko kritikariak esan zuen Bizi txarra-ko bizarrismoak «oihu askatzailea» duela. Askatasun handia ikusi duzu sortzaileen aldetik?

Bai, Zure txanda-n zuzendari berdinekin lanean hasi nintzenean nabaritu nuen askatasun hori. Bizi txarra-n, nire pertsonaiaz zer nahi zuten azaldu zidaten, baina aktoreok proposamenak egiteko aukera izan genuen. Rose of Dolls eta Oliver Mend zuzendariak oso eskuzabalak dira. Askatasuna ematen dizute, eta erosoago lan egiteko bidea. Modu horretan, giro intimoagoa sortzen da lantaldean. Gozamena da.

Bizi txarra-ko zure pertsonaia Alpha da. Kikiltzen ez diren horietako bat, ezta?

Gidoiaren analisi bat eginez joan nintzen pertsonaia sortzen. Makarra bat da, baina kezka du lagunekiko, eta dirua lortzeko moduaz kezkatuta bizi da. Gauzak ondo egin nahi ditu. «Bizi txarraren» jokoa gustatzen zaio, halaber.

Zure txanda websaila bestelakoa zen, beldurrezkoa. Nolako esperientzia izan zen hura?

Oraindik ez nituen ezagutzen A Film to Kill For ekoiztetxekoak, eta ez nekien zer topatuko nuen. Grabazioetan, gero eta gusturago sentitu nintzen. Nire pertsonaiak kalamua erretzen zuen, eta erretzen denean gorputzak zer sentsazio izaten dituen landu nuen.

Gero eta websail gehiago ari dira egiten euskaraz. Beharrezkoak dira, ezta?

Bai, gero eta gehiago daude. Kontuan izan behar da websail hauetako gehienak gazteei zuzenduak direla. Euskara bultzatzeko modu bat da.

Iaz Go!azen telesailean parte hartu zenuen. Lanak ez du zer ikusirik websailekoekin, ezta?

Oso bestelakoa da, haurrei zuzendutako telesail bat baita. Nire pertsonaia musulmana zen, eta aktore gisa tresnak eman zizkidan lan horrek. Garrantzitsua iruditu zitzaidan haurrei helaraztea emakume musulmanek euskaraz egin dezaketela.

Zer generotako fikzioan gustatuko litzaizuke lan egitea?

Drama eta tragedia asko gustatzen zaizkit. Eroso nago genero horretan; karga psikologiko indartsua duten pertsonaiak egitea gustatzen zait.

Idaztea ere gogoko duzu.

Dramaturgia ikasi nahiko nuke, antzezlanak idaztea oso gogoko baitut. Nire gurasoei idaztea gustatzen zitzaien, eta haurtzaroan hasi nintzen poesia idazten. Ondo legoke plataforma baterako euskarazko telesail bat idaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.