Sareen loturetatik libratu nahian

Gaur-gaurkoz, gazte gehienek dute, gutxienez, sare sozial batean profila. Hala ez bada, hautu kontziente baten ondorio da erabakia. Hautu hori egin dutenek datuen pribatutasuna izateko eta sareekiko dependentziarik ez izateko egin ohi dute deskonexioaren alde.

Sare sozialik erabiltzen ez duten gazteetako bat, dei bat egiten, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Whatsapp, Instagram, Facebook, Twitter, Tiktok, Telegram... Denak dira komunikabide sozialak, eta, gehienez ere, duela 10-15 urte sortu ziren. Zenbait sare sozial moduan sailkatuta daude, eta beste zenbait bat-bateko mezularitza ahalbidetzeko aplikazioak dira; baina, egun, denek dituzte antzeko funtzioak: sozializazioa eta informazio nahiz askotariko edukien trukatzea eta partekatzea. Ibilbide motza dute aplikazio digital horiek, baina berehala lotu dira herritarrak konexio digitalaren harira. Herritar orok, edo ia, du gutxienez aurretik aipaturiko aplikazioren bat sakelako telefonoan. Baina posible al da hiperkonexioaren eta teknologiaren aroan hortik at bizitzea? Eta, ahal bada, horrek ba al du eraginik norbanakoen bizitzan?

Teknologiaren eta, bereziki, sare sozialen erabilera eta hedadura ezberdina izan daiteke belaunaldi eta bizitzaren aroaren arabera. Egun, haurrak direnak sare sozial andanaz betetako errealitatean munduratu dira. Nerabeak eta gazteak, aldiz, nobedade zirenetik joan dira tresna horiekiko atxikimendua garatzen. Helduagoek, aldiz, trantsizio aro bat bizi behar izan dute, eta adin tartearen arabera bortitzagoa izan da aldaketa. Edonola ere, sare sozialak bizitzaren eta errealitatearen parte bihurtu dira, eta gazteen kasuan, ezohikoa da harreman birtualetatik kanpo egotea. Luze hausnartutako ideia baten ondorio izaten da sare sozialik gabe bizitzeko hautua.

Mikel Arregik —asmatutako abizena da, ez du bere benetako abizena eman nahi— 21 urte ditu, bilbotarra da, eta bizi osoa eman du sare sozialen atzaparretatik aldendu guran: «Egungo gizartean denbora aprobetxatzearen presio hori etengabea da, eta, logika horri segika, nik nahiago dut nire denbora sare sozialetatik kanpo igaro». Hausnarketa hori eginda, eta sare sozialek sortzen duten «menpekotasunari» ateak itxi nahian, erabaki zuen pantaila bidezko harremanak alboratzea.

Iker Perezek ere oso antzeko gogoeta egin zuen, eta egiten du oraindik ere. «Ez dut etengabe eskuko telefonoari adi egon nahi; ingurukoak ikusten ditut: ea nork bidali didan mezu bat? Ea nork argitaratu duen argazki bat? Dependentzia izugarria da». Perezek beste elementu bat erantsi diopertsona eta telefonoaren arteko erlazio «toxiko» horri: kontrola. Batetik, profil bat sortu edo edukiak partekatzerakoan sortzen diren datuen trafikoa aipatu du; eta bestetik, datu horiekin herritarren kontsumo ohitura edo gizartearen joerak aztertu eta bideratzeko aukera. «Kontu digital horien atzean zerbait iluna dagoela iruditzen zait».

Itziar Elosegi gazteak ere luze gogoetatu du sare sozialen izaera, funtzio eta helburuaren inguruan. «Nire kasuan, gauzak testuinguruan kokatzea gustatzen zait, eta ingurukoak sare sozialak erabiltzen hasi zirenean, tresna berri horren inguruan arakatzeko beharra sentitu nuen». Jakin-min horri erantzuteko bidelagunak izan zituela aipatu du, eta kolektibo batekin gaia lantzeko aukerak eman ziola erabakia hartzeko giltza: «Erabakia baldintzatzen dute horren inguruan duzun kontzientzia mailak eta zure harreman sarearen egiturak. Zu baldin bazara bazterretan kokatuko den bakarra, zailagoa egingo zaizu erabaki hori mantentzea». Erresistentzia modu bat dela azaldu du Elosegik, eta nahitaezkoa dela egindako hautuarekiko ziurtasuna.

28 urte ditu orain Elosegik, eta 20 zituenean egin zuen lanketa kolektiboa; baina, halere, aurretik ere ez zuen inoiz sare sozialik erabili. Hasitako bidea trinkotu zuen hausnarketan. «Atzera begira jarri ginen hausnarketa hartan; zergatik heldu zaizkigu sare sozial konkretu batzuk? Sare sozialek kapitalismoaren oinarriak babesten dituzte, merkatuak behar duen berritze hori betetzen dute. Guri datorkiguna ez da komunikazioa errazteko orain sortu den zerbait: horretarako sortu zen eta honaino heldu da».

Konexioari ateak irekitzea

Perezek tinko eutsi dio erabakiari, eta Elosegik eta Arregik orain ez asko eta arrazoi ezberdinengatik irmotasunean arrakala bat zabaldu zuten: Whatsapp dute egun. Arregiren kasuan, talde presioa izan zen arrazoi nagusia, eta COVID-19aren pandemiak sortutako distantzia sozialaren albo kalteekin lotura estua du. «Konfinamenduaren ondorioz, unibertsitateko talde lanak aurrera eramateko bide bakarra zen, bertatik komentatzen zuten dena». Halere, erabilera neurtzeko mekanismoak jartzen ahalegindu da: «Bi telefono ditut; Whatsapp duen smartphone bat, etxean bakarrik erabiltzen dudana, eta kalera eramaten dudan nire betiko eskuko telefono zaharra, Interneterako sarbiderik ere ez duena».

Elosegik, berriz, une eta arrazoi oso zehatz batek bultzatuta deskargatu zuen aplikazioa: «Momentu batean, pertsona konkretu batekin hitz egiteko biderik errazena zela erabaki nuen, baina ez nuen hori nire gainerako harremanetara orokortu nahi». Bi urte pasatu dira ordutik, eta mezu sistema birtuala erabiltzen jarraitzen duen arren, haren pentsamoldea ez da aldatu: «Erabilera mugatua egiten dut; oraingoz kontzientzia izaten segitzen dudala uste dut, eta ez dut galdu nahi». Are, ez du baztertzen egindako urratsa berriz atzera bueltatzea: «Ez dut uste niretzat ezinbesteko gauza bat denik; noizbait erabakitzen baldin badut berriz deskonektatzea, egingo dut».

Bereizgarri bihurtuta

Sare sozialen eta mezularitza sistemaren inguruko ikuspegi kritikoa duten gazteek, oso ziur dauden arren, erabakiaren ondorioak nabari dituzte. Hautuaren justifikazioa da nabarmendu duten zametako bat. «Askok erdi mespretxuz esaten didate nahiko arraroa naizela; ez dute min egiteko esaten, baina oso errepikakorra denez, karga bihurtzen da», azaldu du Arregik. Elosegiren ustez ere pertsona definitzeko ezaugarritzat erabiltzen dute askok; espresuki, sare sozialik bako pertsona identifikatzeko. «Datu horrek ezaugarritzen du pertsona hori, eta horren integratuta ditugunez Whatsapp eta sare sozial batzuk, zaila da hori moldatzea ez dituzten pertsonengana heltzeko. Jendeak uste du pauso bat atzera egitea dela, eta moldaketa besteak hartu duen erabaki batengatik datorrela».

Asier Martinez psikologoak ere gazteek esandakoa berretsi du: «Oso nekeza izan daiteke etengabe beren burua justifikatu eta erabakia argudiatzen aritzea; gazte hauek 'sare sozialik ez duen pertsona' etiketa dute, eta beraien erabakia beti jarriko da auzitan, ez delako sozialki onartuta dagoen hautu bat». Martinezen esanetan, horrek erabakiaren inguruko zalantzak eta balorazio subjektiboak piztu ditzake. «Gainera, posible da batzuek erabakia ez ulertu eta pertsona horrekiko distantzia bat markatzea».

Erreakzio horren kontrakarrean, Perezek beste erantzun bat identifikatu du zenbaitengan: «Gero eta ohikoagoa da jendeak esatea: 'ze inbidia!' edo 'oso ondo egiten duzu', edo bestela: 'nik ere egin beharko nuke', baina horraino heltzen da asmoa, ideia abstraktu bat da, sareetatik irtete hori ez da inoiz materializatzen». Bestetik, erabat onartuta duten arren, gazteek aipatu dute zenbait gauza «galtzen» dituztela. «Posible da azken orduko plan aldaketaren bat, ekitaldi edo manifestazioren bat edo txisteren bat galtzea», esan du Arregik.

Nerabezaroan, zailagoa

Izaskun Modenes Barakaldoko (Bizkaia) 28 urteko gaztea da harreman birtualetatik kanpo jarduten ahalegindu diren beste herritarretako bat. «15 urte nituenean, Facebook kontu bat sortu nuen, lagun baten presiopean, eta garai batean erabiltzen nuen; gaur egun, ia inoiz».

Orain irakaslea da Modenes, eta haren erabakiaz erabat ziur dagoen arren, garbi du geroz eta zailagoa dela. «Nik uste dut datozen belaunaldiak autoestimu arazo asko izango dituztela, eta landu behar da; bestela, sakelako telefono bati egongo gara itsatsita urte batzuk barru». Modenesek uste du orain nerabea balitz ziur asko Whatsapp edukiko lukeela. Are, Martinezek zehaztu du nerabezaroan sare sozialetatik at egoteak arrasto sakona utz dezakeela: «13, 14 edo 15 urterekin beren identitatea sortzen ari dira, autoirudia garatzen, eta egun ingurune sozialak digitalizatu direnez, komunitatetik kanpo geratzeko arriskua dago, baita identitate horren bilaketa konplikatzeko arriskua ere». Maialen Garmendia soziologoak alde nabarmena ikusten du sare sozialetatik at bizitzea erabakitzen duten belaunaldien artean. Haren ustez, nerabezaroan askoz ere zailagoa eta konplexuagoa da: «Sareak elkarrekin harremanetan jartzeko erabiltzen dituzte nerabeek, sozializatzeko. Adinean aurrera doazen heinean, gehiago estimatzen dute pribatutasuna».

Perezek azaldu du sareak erakusleiho moduko bat direla, norberaren bizitza «espektakulu» bihurtzen dela bertan. Bide horretan kokatzen du Garmendiak gazteen deskonexioa ulertzeko beste gako bat: «Batzuk ohitu dira beraien bizitzaren isla sare sozialen bitartez eskaintzen, eta askotan, hori ez dator bat errealitatearekin; presioa sortzen da, zoriontasuna da balizko irudi bakarra». Erdi artifiziala suerta daitekeen bizitzaren isla horretan, Arregik eta Modenesek babes neurritzat dute sare sozialetatik kanpo egon nahi izatea. Modenesek uste du sareetan sustatzen den konparazioa bere autoestimuari kalte egingo liokeela, eta Arregik azaldu du erraz «katigatzen» dela, eta hori ekiditeko bidea erabilera eza dela.

Finean, aurrez aurreko hartu-emanei egin nahi diete gorazarre gazte horiek; deskonektatu, konektatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.