Sanferminak Iruñean

Plaza bete aldarri, motxila bete festa

Motxila 21 taldeak jaurti du sanferminetako txupinazoa, eta hasiera eman dio bederatzi eguneko festari. Pluraltasunak eta elkartasunak toki nabarmena izan dute. Jendetzak aldarrikapenen koloreekin margotu du plaza; balkoian, berriz, hutsik gelditu da ikurrinari zegokion masta.

Motxila 21. Downen Sindromea elkarteko hainbat kidek eta boluntariok osatzen dute Motxila 21 musika taldea. LANDER ARROIABE OLAORTUA / @FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Pamplonesas, pamploneses! Iruindarrok! Gora San Fermin!». Gazte izanagatik, Leire Zabalzak eta Ibai Ganuzak ozen eta seguru egin zioten ongietorria festari. Gaztelaniaz eta euskaraz, erdarazko bertsioan emakumeei lehentasuna emanez. Nafarroako Downen Sindromea elkarteko hainbat gaztek eta musikari profesionalek osatutako Motxila 21 taldeak jaurti zuen suziria, eta, sindrome hori dutenen ikusgarritasuna handitzeko ez ezik, aniztasuna aldarrikatzeko ere balio izan zuen aurtengo sanferminetako txupinazoak.

Pluraltasun hori argi ikusi zen Iruñeko udaletxeko balkoietan nahiz pasabideetan. Izan ere, 70 elkartetik gora biltzen dituen Aniztasunaren Foroko hainbat kide gonbidatu zituen udalak, txupinazoa bertatik bertara ikusteko; aurtengo sanferminetako afixa diseinatu duen Adriana Eransus artistak ere udaletxeko balkoietatik ikusi zuen suziriaren jaurtiketa. Halaber, txupinazoan izan ziren Altsasuko Gurasoak ere, Joseba Asiron alkateak gonbidatuta, eta aukera baliatu zuten gazteen egoera salatzeko. «Bide latz honetan, gure seme-alabentzako askatasuna eskatzen dugu; ezin dute kartzelan egon, amesgaiztoa luzatzen ari zaigu», esan zuen Gotzon Urrizola gurasoak Euskalerria irratian egin zioten elkarrizketan. Eskerrak eman zizkien udal ordezkariei gonbidapenarengatik.

Altsasuko (Nafarroa) gazteekiko elkartasuna, baina, ez zen udaletxeko balkoietan geratu. Plazan ere hainbatek atera zituzten auzipetuen aldeko banderak, eta Altsasukoak askatu irakur zitekeen plazaren erdian zabaldutako afixa beltz handi batean. Horrekin batera, hamaika aldarrikapen ikusi ziren plazan. Ura bor-bor dagoen eltze batean nola, halaxe mugitzen ziren pankartak ere, harat eta honat, jendetzaren buruen gainetik. Altsasuko gazteen aldekoa ez ezik, Iruñeko gaztetxeen, euskal presoen eta independentziaren aldeko kartel erraldoiak zabaldu zituzten hainbatek. Baita sanferminetako talde erasoaren auziari erreferentzia egiten zion bat ere, honako lelo honekin: Esta justicia es una mierda [Justizia hau kaka bat da].

Ikusgarrienak, baina, ikurrina eta Nafarroako bandera erraldoiak izan ziren. Plazaren erdigunea estaltzen zuten bi ikurrek, udaletxeko balkoian masta biluzi batek agerian utzitako hutsune instituzionalari erantzuna eman nahi baliote bezala.

Mastan ikurrinik ez

Izan ere, Joseba Asironek bezperan aurreratu bezala, udalak hutsik utzi zuen mastetako bat, «debekatutako identitateak» badaudela adierazteko. Zehazki, alkateak nabarmendu zuen ikurrina udaletxera ateratzea eragozteko «izaera juridikoko mehatxua» zegoela, eta horregatik ez zutela balkoian jarriko.

Erakundeek ezkutatutako ikurrak, hala ere, toki nabarmena izan zuen plazan, baita Alde Zaharreko hainbat balkoi eta leihotan ere, eta jai giroak berehala itzali zuen polemika oro. Txupinazoak eztanda egin eta berehala, La Pamplonesa abestia jo zuten, urtero bezala, Euskal Herri osoko gaiteroek. Kosta egin zitzaien, hala ere, plazatik ateratzea. Musikariak udaletxetik irteterako, normalean jendetza Iruñeko karriketan barna barreiatzen hasia da, baina atzo ez. Atzo, musikariek ahalegin berezia egin behar izan zuten kalejiran atera ahal izateko.

Motxila 21, pozarren

Bitartean, gertatutakoa ezin sinetsita ziren oraindik Leire Zabalza eta Ibai Ganuza Motxila 21eko kideak. «Ederra izan da», laburbildu zuen Zabalzak, malkoak begietan zituela. Metxa piztu aurretik «oso urduri» zeudela aitortu zuen Ganuzak, «baina berehala pasatu zaigu, eta ederki joan da dena».

Iruñeko alkateak goraipatu egin zuen bi gazteek erakutsitako «adorea», eta aurtengo txupinazoak utzitako irudia: «Urteetan, Downen sindromedunen kolektiboa ikusezina izan da sanferminetan. Gaur, balkoian izan ditugu, eta konfiantza, alaitasuna eta umiltasuna erakutsi dizkigute Motxila 21 taldekoek. Irudi ederra izan da».

Azken urteetan txupinazoak izandako bilakaera ere nabarmendu zuen Asironek: «Duela gutxira arte, Iruñean alkateak botatzen zuen txupinazoa, eta, bestela, alkateak nahieran aukeratutako norbaitek. Orain, berriz, herritarrek hautatzen dute suziria jaurtiko duen pertsona edo kolektiboa. Aurten, Motxila 21ekoak izan dira hautatuak, eta ikusgarria izan da, Iruñekoak festa pluralak eta kolore anitzekoak direla frogatu baitute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.