Katalunia. Erreferenduma

Puigdemontek erronkei helduko dieten kontseilariak defendatu ditu

Kataluniako presidentearen iritziz, «kemena» erakutsi dute Madrilen «erasoaldiaren» aurrean

Igor Susaeta.
2017ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak ez du jendaurrean argi adierazi zergatik aldatu dituen gobernuko lau kontseilari. Joan den uztailaren 14an, aldaketak jakinarazi zituenean, hala justifikatu zuen: «Kontseilari guztien determinazioa eta uste osoa beharrezkoa da, salbuespenik gabe». Eta gehitu zuen: «Alde batera egitea erabaki dute». CUP parlamentuko bigarren koalizio independentistak, ordea, erabakia ospatu zuen, «autonomistak» atera direlako gobernutik. Kargua utzi duten guztiak PDECat alderdikoak dira —ERC Esquerra Republicanarekin partekatzen du gobernua, Junts Pel Si koalizioan—. Lau horientzako «errespetua» eskatu zuen Puigdemontek atzo parlamentuan, eta gobernutik «arrazoi pertsonalengatik» alde egin dutela argudiatu. «Nik ez dut inor bota; ez zegoen horretarako arrazoirik. Nire esker ona haientzako».

Kartsuago mintzatu zen, baina, kontseilari berriez. Izan ere,«lur, itsaso eta aire bidezko» Espainiaren «erasoaldiaren» aurrean, «adorea» erakutsi dutela iruditzen zaio presidenteari. Kemena, hain zuzen, urriaren 1erako iragarritako independentzia erreferenduma egiteak, erronka horrek berak, sorraraz ditzakeen ondorio judizial eta ekonomikoei aurre egiteko. Izan ere, «determinazioa» izan zuen ahotan presidenteak duela ia bi aste. Espainiako Gobernuak behin baino gehiagotan adierazi du «ilegala» dela galdeketa, Espainiako Konstituzioaren kontrakoa, eta horren erantzuleen kontra egingo duela. Egin egiten ari da jada. Meritxell Borras Gobernazio kontseilaria, esaterako, auzipetuta dago erreferendum egunerako hautetsontziak lizitatzeagatik. «Dinamika berri batean sartu gara. Paper bat mugitzen dugu, eta delitu berriak asmatzen dituzte», leporatu zion lehengo astean Madrili, Jordi Turull Presidentetzako kontseilari eta bozeramaile berriak —Neus Munteren ordez sartu da gobernuan—. Eta hala da. Puigdemontek behin baino gehiagotan nabarmendu du erreferenduma antolatzen dutenek gobernuaren «babesa» edukiko dutela, baina behar zituen, bai, erronkei aurre egingo dieten kontseilariak.

Horietakoa ez zen Jordi Baiget Enpresa eta Ezagutza kontseilaria zena, adibidez, eta horregatik kargugabetu zuten. Baigetek adierazi zuen hilaren hasieran emandako elkarrizketa batean, Espainiak, estatuak, «erreferenduma gelditzeko adina indar» daukala. Hori esan eta berehala kaleratu zuen Generalitateak, eta handik gutxira azaldu zuen zergatia presidenteak: «[Kataluniako] Gobernuan ez baldin badauka, ezin diogu jendeari konfiantza eskatu».

Adorea da Puigdemontek eskatzen duena, eta Madrilen etengabeko mehatxuak aintzat hartuta, gobernuko kargu batzuk besteak baino arriskutsuagoak dira, Moncloak iragarritako ondorioei dagokienean; Barne kontseilariarena, esaterako. Joaquim Fornek hartu du Jordi Janeren lekukoa. —CUPek duela hilabete batzuk eskatu zuen Jane kargugabetzea—. Mossos d'Esquadra Polizia autonomikoaren ardura dauka Fornek, eta Polizia horrek berebiziko garrantzia edukiko du datorren urriaren 1eko bozketan, hura ere egon daitekeelako Espainiaren mehatxuen jomugan.

Fornek kargua hartu eta hiru egunera, Albert Batlle mossoen buruak dimititu zuen, «arrazoi politikoengatik». Orain hilabete batzuk, elkarrizketa batean, Batllek adierazi zuen erreferendumarekin lotuta Puigdemont edo Carme Forcadell legebiltzarreko burua atxilotzeko aginduak jasoz gero, «egoerak eskatutako moduan» jokatuko zuela. Dimititu zuen egunean nabarmendu zuen, gainera, ziur dagoela mossoek aurrerantzean ere herritarren segurtasuna eta ongizatea bermatuko dituztela, «legea errespetatuz».

Beste kargu arriskutsua Hezkuntza kontseilariarena da. Meritxell Ruizen tokia hartu du Clara Ponsatik, eta kontseilaritza horrek dauka erreferendum egunean eskolak hautesleku bilakatzeko erantzukizuna. Beste kontseilari berria Gobernuko idazkaria da: Joan Vidalek Victor Cullell ordezkatu du.

Babeserako akordioa

Dena dela, gobernuak herenegun bertan gauzatu zuen akordio bat, zeinak bermatuko duen Generalitateko kideen, goi karguen eta langile publikoen defentsa. Turullek zehaztu zuen horrek babes juridikoa emango diela erreferendumaren antolaketan parte hartzen dutenei eta horren ondorioz balizko auzi judizialei aurre egingo dietenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.