AKUSATUAK

2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Matxinada delitua leporatuta epaituak izango diren buruzagi subiranistek hilabete asko daramatzate behin-behineko espetxealdian. Aurrena Espainian egon ziren kartzelatuta, eta joan den uztailetik Katalunian daude. Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart 2017ko urriaren 16an kartzelatu zituzten; Oriol Junqueras eta Joquim Forn, 2017ko azaroaren 2an; eta Carme Forcadell, Jordi Turull, Josep Rull, Dolors Bassa eta Raul Romeva, iazko martxoaren 23an.

Oriol Junqueras

Zer dio fiskaltzak? 2017ko irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren eraikinaren parean egindako protesta «larrien» berri eduki arren, urriaren 1eko erreferenduma antolatzeko polizia operatiboa koordinatzeko bileran parte hartu zuen irailaren 28an. Estatuaren batasuna «hausteko» helburuarekin, eta, nahiz eta jakin «istilu biolentoak» gerta zitezkeela, aurrera eraman zuen galdeketa. Bide horretan, mobilizazioak sustatu zituen, eta Mossos d'Esquadraren operatibo bat hauspotu zuen, Espainiako Poliziari aurre egin ahal izateko. Prozesuaren «liderretako bat» izan zen, eta «beharrezko biolentzia» erabili zuen «emaitza kriminala» ziurtatzeko.

Zer dio defentsak? «Independentismoaren aurkako kausa orokorraren» salaketa juridikoa eta politikoa egingo du. Van den Eynde abokatuak «tranpa egitea» leporatzen dio Espainiako Estatuari, eta uste du etsaiaren zuzenbide penala deitutakoa erabiltzen ari dela. «Hori da zuzenbide penalaren aplikazio formala, baina jendea kriminalizatzeko gaiztotua, ez egin duenarengatik, baizik eta duen esanahiarengatik».

Carme Forcadell

Zer dio fiskaltzak? ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea zenetik ari da estatuaren batasuna «hausteko» ahaleginean. Ganberako presidente bezala, galdeketa justifikatzen eta 2017ko urriaren 27ko independentzia aldarrikapena babesten zuten legeen onarpena legitimatu zuen. Hori guztia egin zuen, Auzitegi Konstituzionalaren ohartarazpenei eta eskaerei kasurik egin gabe. Irailaren 20ko mobilizazioan parte hartu zuen, eta hurrengo egunean egindako manifestaziora deitu zuen.

Zer dio defentsak? Argudiatzen du parlamentuko presidenteak eta Parlamentuko Mahaiak ez dutela ekinbide legegileak oztopatzeko eskumenik. Defentsako idazkia Auzitegi Konstituzionalaren dotrinan oinarritzen da, adierazteko Parlamentuko Mahaiak ezin duela debate parlamentariorik eragotzi, ezta ebazpenek konstituzioa urratzen dutenean ere. Auzitegi Konstituzionala eta Espainiako Estatuaren jurisdikziopeko gainontzeko organoak kritikatzen ditu, nabarmenduz «Espainiaren batasunean» oinarritu direla «oinarrizko eskubideen urraketa» justifikatzeko.

Jordi Sanchez

Zer dio fiskaltzak? ANC elkarte subiranista erabili zuen milaka pertsona mobilizatu eta, masa horren bidez, Poliziaren aginteari aurre egiteko U-1ean. Hala erakutsi zuen, 2017ko irailaren 20ko elkarretaratzeen lidergoa hartuz.

Zer dio defentsak? 2017ko irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren parean egindako mobilizazioa baketsua izan zela dio. Sanchezek azaltzen duenez, ezinezkoa zen bildutako jende guztia kanporatzea kontseilaritza miatzen ari ziren poliziak eraikinetik atera zitezen. Zehazten du, gainera, horri buruz hitz egin zuela guardia zibil batekin, eta hura ere ados zegoela.

Jordi Cuixart

Zer dio fiskaltzak? Omnium Cultural elkarte subiranista erabili zuen milaka pertsona mobilizatu, eta masa horren bidez Poliziaren aginteari aurre egiteko U-1ean. Hala erakutsi zuen irailaren 20ko elkarretaratzeen lidertza hartuz.

Zer dio defentsak? Uste du «demokrazia» bera epaitu nahi dutela epaiketan, eta defentsako idazkian estatua akusatzen du. «Kosta ahala kosta Espainiaren lurralde hautsezintasuna babesteak ezin du ekarri oinarrizko eskubideen urraketa masiboa». 2017Ko irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren eraikinaren parean gertatutakoari dagokionean, zehazten du Cuixartek ez ziola kalterik egin Guardia Zibilaren ibilgailuari, eta, gainera, ez zuela inor hori egitera bultzatu.

Raul Romeva

Zer dio fiskaltzak? Estatu azpiegiturak sustatu zituen atzerrian, horien bidez errepublikaren aitorpena bultzatzeko. Galdeketaren egunean atzerrian bizi zirenek ere bozkatzeko aukera eduki zezaten, hori Internet bidez egiteko aukera ahalbidetzen lagundu zuen. Bestalde, nazioarteko behatzaileei harrera egiteaz arduratu zen.

Zer dio defentsak? Junquerasen defentsarako idazki bera aurkeztu du Gorenean.Independentismoaren aurkako kausa orokorraren» salaketa juridikoa zein politikoa egingo du. Van den Eynde abokatuak «tranpa egitea» leporatzen dio Espainiako Estatuari, eta uste du etsaiaren zuzenbide penala deitutakoa erabiltzen ari dela. «Hori da zuzenbide penalaren aplikazio formala, baina jendea kriminalizatzeko gaiztotua, ez egin duenarengatik, baizik eta duen esanahiarengatik».

Joaquim Forn

Zer dio fiskaltzak? 2017ko irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren eraikinaren parean egindako protesta «larrien» berri eduki arren, urriaren 1eko erreferenduma antolatzeko polizia operatiboa koordinatzeko bileran parte hartu zuen irailaren 28an. Estatuaren batasuna «hausteko» helburuarekin, eta, nahiz eta jakin «istilu biolentoak» gerta zitezkeela, aurrera eraman zuen galdeketa. Bide horretan, mobilizazioak sustatu zituen, eta Mossos d'Esquadraren operatibo bat hauspotu zuen, Espainiako Poliziari aurre egin ahal izateko.

Zer dio defentsak? Idazkariaren arabera, Fornek, barne kontseilari moduan, ez zien irailaren 20ko eta urriaren 1eko operatiboei buruzko agindu teknikorik eman mossoei. Jose Antonio Nieto Espainiako Segurtasunerako Estatu idazkariak urriaren 1a baino bi egun lehenago esandakoa gogoratzen du: «Esku hartzea edozein dela ere, segurtasuna bermatu behar da: bai poliziena, baita herritarrena ere, eraginkortasuna eta elkarbizitza baketsua babesteko. Indarraren erabilera minimoa eta proportzionatua izango da, edozein gehiegikeria baztertuz».

Jordi Turull

Zer dio fiskaltzak? Generalitateko bozeramailea zela baliatuz, mobilizazioak hauspotu zituen, eta, gainera, erreferendumerako publizitate kanpaina diseinatu eta kudeatu zuen. Bozketarako azpiegitura informatikoa koordinatu zuen, eta boluntarioak kudeatu zituen.

Zer dio defentsak? Fiskaltzak egindako kontakizuna ukatzen du, eta azpimarratzen du mobilizazioetan parte hartzera egindako deietan horiek «baketsuak» izan behar zutela eskatu zuela. Bere idazkian gogorarazten du herritarrei ez ziela eskatu hauteslekuak okupatu eta babestu zitzatela, eta nabarmentzen du, gainera, errolda unibertsala gakoetako bat izan zela hauteslekuetan istiluak eragozte aldera.

Josep Rull

Zer dio fiskaltzak? Independentisten estrategia zehazteko hainbat bileratan parte hartu zuen. Erreferendumaren ondoren, Espainiako poliziak hartzeko ardura zuen ontzi bati Palamoseko portuan sartzea eragotzi zion.

Zer dio defentsak? Bere nortasun «bakezalea» aldarrikatzen du, eta defentsa idazkia puntu batean zentratzen du: Espainiako segurtasun indarrei Palamoseko portuan porturatzea ukatu zitzaiela. Horretarako, argudiatzen du portua beteta zegoela, eta, gainera, segurtasun indarrek ez zutela eskaera behar bezala egin. Azkenik, Espainiako Portu Agintaritzaren gutun bat jaso ondoren, Piolin ontziari Bartzelonan porturatzeko baimena eman zitzaion, 2017ko irailaren 20an.

Dolors Bassa

Zer dio fiskaltzak? Bere kontseilaritzaren esku ere bazeuden erreferendumean bozkatzeko erabilitako lekuak, eta kontseilaritza horren departamentuek ordaindu zituzten botopaperak, errolda, eta hauteskunde mahaietako kideen zitazioak.

Zer dio defentsak? Prozesu subiranistan gertakari biolentoak egon zirenik ukatzen du, eta azpimarratzen du «polizien esku hartzeak» herritarren arteko elkarbizitzari «larriki» eragin ziola. Lan kontseilari kargugabetu gisa, 2017ko urriaren 3an eta azaroaren 8an egindako greba orokorrak defendatzen ditu; eta oroitarazten du, gainera, erreferendumaren ondoren egindakoa ez zela «inpugnatua» izan, eta azarokoa «legala» kontsideratua izan zela. «Ez ziren ustezko matxinadaren jarraipen bat izan, baizik eta oinarrizko eskubide baten ariketa legitimoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.