Paula Arregi. Garces de los Fayos ikastolako zuzendaria

«Erronka handia izanik ere, uste dut proiektu ederrena dela Nafarroa Oinez»

Tafallako Garces de los Fayos ikastolak antolatu du aurten Nafarroa Oinez jaia, laugarrenez, eta «ilusioz» eta «indarrez» prestatu dute festa. Arregik gertutik ikusi du bilakaera: haur, gazte eta zuzendari gisa bizi izan ditu jaiak.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Yasmine Khris.
Tafalla
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
«Ilusioz eta indarrez» aurreikusten du aurtengo Nafarroa Oinez jaia Paula Arregi Tafallako Garces de los Fayos ikastolako zuzendariak: irrikan dago gaurko jairako. Aitortu du antolatzaileek eta boluntarioek lan luze eta gogorra egin behar izan dutela urte eta erdi honetan, eta gogotsu daude emaitzak ikusteko. Arregik ongi ezagutzen du Garces de los Fayos ikastola: izan ere, han ikasi zuen, eta, egun, zuzendaritza lanetan aritzen da. Adierazi du Nafarroako erdialdetik haziak erein nahi dituztela biharko kaleak geroz eta euskaldunagoak ikusteko. Nafarroa Oinez-ekin batera, ikastolaren urteurrena ospatzen ari dira.

Ailegatu da Nafarroa Oinez eguna; zer sentipen duzu?

Orain arte nahiko lasai ibili gara, baina azken egun hauek urduritasunez bizi ditugu. Nabaritu da eguna heltzear zegoela, muntaketak hasi zirela eta. Dena dela, ilusioz eta indarrez beteta gatoz.

Tafallako Garces de los Fayos ikastola izanen da erdigunean bertze behin. Ikastola noiz jaio zen?

Aurten, 52 urte bete ditugu; izan ere, pandemiagatik 50. urteurrena ez genuen ospatu, baina ekainean ospatu genuen. 1970eko hamarkadan sortu zen ikastola, zazpi familiaren eskutik, eta gutxika-gutxika indartuz joan da; gaur egun, 250 familiak osatzen dugu ikastolaren komunitatea. Mila ikasle inguru pasatu dira urte hauetan: gure komunitatea oso plurala eta oso aberatsa da. Badakigu bidea luzea dela, oraindik asko geratzen dela egiteko, baina egindako lan guztiagatik ere badugu zer ospatua.

Laugarrenez hartuko du Tafalla Nafarroa Oinez-ek. Nola hartu duzue berria?

Erronka berri bat bezala. Egia da Nafarroa Oinez-en aurreko aldiak beste modu batez bizi izan genituela orain ikastola osatzen dugunok. Haurrak izan gara, gero gazteak, eta orain langile ikuspuntutik biziko dugu, ziurrenik beste alderdi batetik, alegia. Bagenekien pandemia ostean zerbait oso berezia eta handia izanen zela, eta, jakitean, sentsazioa oso polita izan zen. Garai ilunak sufritu ondoren, berriz bueltatuko gara, eta ospakizuna zoragarria izanen da.

Nafarroako erdialdean kokatzen da ikastola: horrek geografikoki zer erran nahi du?

Tafallako eta inguruko hamalau herriz osatuta dago ikastola [Amatriain, Amunarrizketa, Artaxoa, Artariain, Barasoain, Beire, Garinoain, Iratxeta, Larraga, Miranda, Erriberri, Puiu, San Martin Unx eta Tafalla]. Urte hauetan, herri horiek aldatu dira. Badakigu ikastola ez dagoela nahiko genukeen eremu euskaldun batean; zaila da ikastolarekin bakarrik euskara kalean entzutea, baina argi dugu geroz eta euskaldun gehiago garela. Nire ustez, belaunaldi hori eskaintzen ari den indarra eta gogoa azpimarratu beharko genituzke. Ikastolak zerikusi handia du hemen euskarak duen indarrarekin.

Erdian erein duzue leloa aurten. Zer mezu helarazi nahi duzue lelo horrekin?

Bi hitz dira, baina hamaika mezu ditu barnean. Tafalla Nafarroako erdialdean dago kokatuta, aurten ikastolaren mende erdia ospatzen ari gara, eta erein hasieratik egin izan dugu. Euskalduna ez den eremu batean haziak ereiten aritu gara, uzta polit bat jasotzeko. Hasierako uzta hori gaur egun kalean dugu jada, baina jarraitu behar dugu ereiten, euskara lantzen, euskal kultura sustatzen. Hori guztia laburbiltzen saiatu gara lelo horrekin.

Zertarako erabiliko dituzue aurtengo irabaziak?

Hiru helburu nagusi ditugu. Alde batetik, jarraitu nahi dugu euskara eta euskal kultura sustatzen, Tafallan nahiz inguruan. Bestaldetik, egia da gizartea aldatuz joan dela, gure proiektu pedagogikoak aldatuz joan direla, eta, bitartean, ditugun espazioak aldatu beharra sumatu dugu. Jadanik ez ditugu behar lehen zeuden gela arruntak, baina behar ditugu espazio berriak: haurren artean eztabaidak sortzeko, zaharren artean proiektuak egiteko... Horretarako egokitu behar ditugu espazio horiek. Haurrak ardatz izanik, haien beharrak aztertuta, horretarako bideratuko genuke Nafarroa Oinez-en lortzen duguna. Azkenik, ez dugu ahaztu behar 2011n egin genuen Nafarroa Oinez jaiarekin eraikin berri bat sortzea lortu genuela: DBHko eraikina, hain zuzen. Baina horrek zorrak ekarri dizkigu, eta zor horiei aurre egin behar diegu.

Urtero bezala, boluntarioen lana beharrezkoa izan da, ezta?

Haiek gabe, ezinezkoa da Nafarroa Oinez sortzea. Urte eta erdi daramagu lanean, eta boluntarioasko eta asko aurkeztu dira Nafarroa Oinez-en parte hartzeko eta hura aurrera eramateko. Eskatu dugunean, beti laguntzeko prest egon dira, eta benetan eskertu nahi nieke, bihotzez.

1986an lehenbiziko Nafarroa Oinez ospatu zen Tafallan. Geroztik, ikastolan eta gizartean aldaketa handiak gertatu dira. Nola oroitzen dituzu aurreko Nafarroa Oinez jaiak?

Nik bizi izan ditut haur, gazte eta zuzendari gisa! Beti pentsatu dut Nafarroa Oinez disfrutatzeko egun bat zela. Euskara zabaltzeko egun bat, euskal eta euskaltzale topagune bat, eta disfrutatze hori ez da aldatzen. Izan ere, hemen denok irrikan gaude ongi pasatzeko, baina helburuak eta eginbeharrak aldatzen dira, eta jaia horren arabera bizitzen duzu. Nik badakit lan eginen dudala, baina baita izugarri disfrutatuko dudala ere.

Zer esan nahi du hainbertze pertsona euskalduntzeak, Nafarroak duen errealitate linguistikoan?

Ohore bat da. Azkenean, euskara eta euskal kultura sustatu beharra dago, eta ez bakarrik alor akademikoan. Erronka handia da guretzat, baina lortu behar dugu aisialdian ere erabiltzea, eta egunerokotasunean haur horiek euskaldun gisa ikustea. Erronka handia izanik ere, uste dut proiektu ederrena hori dela.

Egitarauko zer jarduera nabarmenduko zenuke?

Asko daude! Hainbeste eta hainbeste dira, eta baita gurekin parte hartu nahi izan duten erakundeak ere. Horretarako, bi egunetarako ekitaldiak sortu ditugu. Egun nagusia igandea [gaurkoa] izanen da, baina larunbatean [atzo] hainbat ekintza eta ekitaldi egonen dira Tafallan. Alde horretatik, uste dut lortu dugula adin guztientzako ekintzak sortzea: batez ere haurrentzako ekintzen aldeko apustua egin dugu, tailer ezberdinak sortzen, hainbat jolas pedagogiko egokitzen... Gazteek gustuko dituzten taldeak ikusteko aukera izanen dute, eta familiek ere ongi pasatzeko aukera izanen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.