Aiegiko emakume gazte bat hil du bere nebak, Vienan

Bi arreba elkarrekin joan ziren gizonaren bila Europako hirira, haren berri izateko. Hilotza Nafarroara ekartzeko prozeduran ari da sendia

Erredakzioa
Iruñea
2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
25 urteko emakume bat zen, Aiegikoa (Nafarroa): Eyerus Egea. Ahizpa batekin joan zen Vienara anaiaren bila, etxekoek harekin kontaktua ahulduta zutela eta. Albiste agentziek jakinarazi dutenez, aspalditxotik ez zekiten «ia deus ere» haren inguruan, eta zituzten albiste apurrak hark drogekin zituen mendekotasunekin lotutako arazoei buruzkoak ziren. Vienako tren geltoki nagusian bertan, ordea, labankadaka oldartu zitzaion anaia arrebari, eta hantxe bertan hil egin zuen. Beste arreba, berriz, ez zuen zauritu. Astearte goizaldean jazo zen erasoa.

Hainbat iturriren arabera, hasiera batean ihes egiten ahalegindu zen erasotzailea, baina mendean hartu zuten tren geltokiko segurtasun zerbitzuek. Gero, Poliziaren aurrean, erasoa egin zuela onartu zuen. 21 urte ditu gizonak. Bolada bat zeraman Austriako hiriburuan; hasieran sukaldari lanetan ibilia bazen ere, haren arazoak larriagotuz joan ziren susmoa zuen sendiak. Austriako hedabide baten arabera, aldi bat bazeraman lanik gabe, eta droga trafikoan ari zen.

Austriako trenbide enpresa OBBko eledun batek jakinarazi duenez, zortzi pertsona behar izan zituzten erasotzailea mendean hartzeko. Larrialdi zerbitzuak ere deitu zituzten emakume gaztea bere onera ekartzeko, baina ahaleginak antzuak izan ziren: zauri oso larriak zituen. Familiak laguntza eskatu du jazoera hau gainditzeko, eta Nafarroako Gobernuak jakinarazi du baliabideak ipini dituela: hain justu, SOS Nafarroak arta psikologikoa emateko talde bat bidali du Vienara.

Enbaxadarekin

Espainiako Poliziak ere esan du kasuaren gertuko jarraipena egiten ari dela. Familiari arreta ematen ari dela adierazi du. Haiek urratsak hasi dituzte emakumearen hilotza lehenbailehen Nafarroara ekartzeko, eta Poliziak esan du Espainiaren Enbaxadarekin batera prozedura hori arintzeko bideak hasi dituztela. Biktima eta erasotzailea, biak Afrikan sortu ziren. Familia batek adopzioan hartuta, Aiegin hazi ziren. Hainbat hedabideren arabera, hildako emakume gaztea orain Londresen bizi zen. Harreman estuak zituen Estellerrian, nerabezaroan eta lehen gaztaroan onduak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.