Senen Amunarriz. Papel Aralar

«Askotan, gure papera da plastikoaren ordezko bakarra»

Papel Aralar Amezketako papergintza konpainiak irabazi du aurten Gipuzkoako Merkataritza Ganberak ematen duen Gipuzkoako Enpresa saria.

GIPUZKOAKO MERKATARITZA GANBERA.
Irune Lasa.
Donostia
2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Papel Aralarren sortzailearen, hau da, aitonaren izen bera du enpresaren zuzendari nagusiak, Senen Amunarrizek. «Horrela ez dago bisita txartelik aldatu beharrik», egin du txantxa, aitak ere izen bera baitu, eta semeak ere bai. Papel Aralar 1935ean sortu zuten, 1936. urtean zabaldu Amezketako lantegia, eta handik bi hilabetera itxi zuen gerrak. Bi urtez egon zen itxirik, atzera jarduera berreskuratu arte. Gaur egun, 200 langile ditu konpainiak, 125 milioi euroko fakturazioa, eta ekoizpenaren hiru laurden esportatzen dituzte.

Saria jaso duzunean, aipatu duzu paperaren sektoreak asko sufritu duela azken urteetan.

Hala da eta. 2004. urtean, 22 papergile ginen; gaur egun, bederatzi gelditzen gara.

Zertan asmatu duzue?

Inbertsioak eginez, berrikuntza landuz eta produktu berriak merkaturatuz iraun dugu bizirik. Erabat berriak ziren produktu gamak ateratzen jakin dugu, eta, 1957. urteaz geroztik, gure fakturazioaren erdia baino gehiago dator esportazioetatik. Gaur egun edonork esportatzen du, baina gu 50eko urteetan hasiak ginen.

Esan duzu plastikoaren ordezkoa zaretela.

Hori da. Gure irudian itzelezko aldaketa da. Nik beti ikusi dut paperak irudi txarra zuela Europa hegoaldean, baina Eskandinaviako herrialdeetara joaten zinenean, Finlandiara-eta, han beti hartu dute papergintza bioekonomia gisa; zuhaitzak zituzten, pasta ekoizten zuten... Hemen alderantzizkoa zen: paperak zuhaitzak akabatzen zituela. Orain, hori irauli egin da, eta hainbat eta hainbat produktutan plastikoaren alternatiba bideragarri bakarra gara. Orain gu ari gara, eta beste batzuk ere bai, muga edo hesi funtzionalak dituzten paperak merkaturatzen; paper iragazgaitzak, oxigenorako porositaterik ez duten paperak, koipearentzako hesia duten paperak... Horien guztien xedea plastikoa ordezkatzea da.

Bospasei produktu berri merkaturatzeko asmoa ere baduzue.

Garapen fasean ditugu zenbait produktu, eta horietako batzuk inportanteak, McDonald's bezalako multinazional handiekin batera lantzen ari garenak. Halakoak egiteko makina berri bat jarri genuen martxan 2015. urtean, eta beste makina bat ezarriko dugu. Alegia, hazkunde betean gara. Azken hamar urteetan, 120 milioi euro inbertitu ditugu makinetan.

Araflush egiteko, adibidez.

Produktu hori tutuerietako buxadurak eragozteko garatu dugu. Ehuneko ehun zelulosazkoa den produktu bat da, paper disolbagarria, naturala eta biodegradagarria: horrexek ordezkatu du ehuneko ehun plastikoa zen produktu bat, paper zapi bustiak. Araflushek merkatu mugatua du orain. Halere, makina berriarekin, lortuko dugu %90 plastikoa den beste produktu bat ordezkatzea: umeentzako paper zapiak. Merkatu hori zapi bustiena baino dezente handiagoa da, bolumen handikoa.

Beste adibide bat: garagardo botilentzako etiketak.

Hor ere espezializazio handia daukagu, eta negozio bolumen nahiko handia. Gure bezero txinatar batek egunero 65 milioi garagardo botilatxo ekoizten ditu; bai, egunero. Eta, beraz, egunero 65 milioi etiketa eta kontraetiketa jartzen ditu.

Eta paper horiek Amezketan egin dira?

Guzti-guztiak ez, baina zati handi bat bai. Garagardo etiketetarako papera mundu osoan saltzen dugu guk: Brasil, AEBak, Kolonbia... Paper oso berezia da. Kontua ez da soilik inprimagarria izatea, botilara ongi itsastea eta tolesturarik ez sortzea; sosaren kontrako erresistentzia izan behar du, botila garbitzen denerako. Baina etiketa kendu behar denerako ere propietate jakin batzuk behar ditu. Produktu nahiko berezia da. Hiru fabrikatzaile daude munduan, eta gu gara horietako bat.

Familia enpresa zarete; hirugarren belaunaldia eta laugarrena zaudete fabrikan. Zer abantaila eta desabantaila ditu horrek?

Gauzak ondo doazenean, ez dago problemarik, eta beti joan gara ondo. Ondo moldatzen gara.

Badago kezka bat: kanpotik handiak etortzea Gipuzkoako punta-puntako familia enpresak jatera. Izan duzue halako saiorik?

Enpresa lehiakideak eta inbertsio funtsak etengabe ari dira aukerak begiratzen. Baina guk nahiago dugu txikienetan buru izan, handienetan azkenputz baino. Oraingoz ez dute lortu gu tentatzerik, pasioz egiten baitugu egiten duguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.