Siriako gerrak 10 urte. Ilham Ehmed. Siriako Kontseilu Demokratikoko buruzagia

«Elkarrizketei esker, konponbide politiko bat adostu ahalko dugu»

Nazioarteko potentzien jarrerarekin oso kritikoa da Ehmed. Errusiak eta AEBek gatazka gelditzeko ahalmena dutela uste du, baina euren interesak zaintzeko xedea izan dutela orain arte egin dituzten politikak.

O. C.
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Siriako Kontseilu Demokratikoko (MSD) Batzorde Eragileko presidenteak, Ilham Ehmedek, honela laburbiltzen du nola dagoen Siriako egoera politikoa hamar urteko gerraren ondoren: «Lurralde honetako biztanle gehienak desplazatuta edo errefuxiatuta daude Siriatik kanpo. Horren arrazoia da Damaskoko erregimena konponbide militarraren alde egiten ari dela oraindik ere, nahiz eta agerikoa den beste bat dela krisi honetatik ateratzeko bidea: bat egitea herrialdea demokratizatu dadin eta herriak aske izan daitezen».

Zer espero duzue 2021 honetarako?

Administrazio Autonomoaren lana mugatuta egon da 2020an, Turkiako Estatuak Siriaren iparraldeko eta ekialdeko zenbait eremu okupatuak dituelako, su-etena urratu delako, eta Errusia eta AEBak isilik egon direlako. Administrazio Autonomoa proiektu demokratiko bat ezartzen ari da. Egitasmo horrek modua ematen dio gizarteari bere burua gobernatzeko, nahiz eta guztiz egoera ezohikoan bizi, eta Siria osorako lehen esperientzia bat da. Turkiak Administrazio Autonomoari eraso zionean, mundu guztiak esan zuen egitasmoak ez zuela bi egun ere iraungo. Aitzitik, argi geratu zenean aurrera segitzen zuela, herria hura defendatzen ari zela, jende asko ohartu zen ez zela ideia huts bat: ikusi zuten gizartea bera ari zela proiektua babesten, eta zenbaitek haren alde egitea erabaki zuten, nazioartean. Zenbait ordezkaritza eskualde hartara joaten ari dira, eta bisita horiek esanahi politiko diplomatikoa dute. Ez dugu esan nahi Administrazio Autonomoari aitortza politikoa egin diotenik: oraindik ez. Baina uste dugu Siriako krisiari konponbide demokratiko bat aurkitzeko ahaleginen bidez azkenean baietz, aitortuko dutela.

Turkia da oraindik ere oztoporik handiena Siriako gatazkari edozein konponbide emateko orduan.

Zalantzarik gabe. Turkiako Estatuak eta haren mertzenarioek krimen asko egiten dituzte oraindik ere Siriaren iparraldeko eta ekialdeko herrien kontra. Aldi berean, Turkiak turkiartzeko jarduerak sustatzen dihardu gaur egun ere, bere dibisa ezarriz eta eremu okupatuetako demografia egitura aldatuz. Afrinen bakarrik [zeina 2018ko martxoan okupatu baitzuten Turkiak eta haren mertzenarioek], 400.000 mertzenario eta haien familiak jarri dira bizitzen; haietako gehienak Idlib eskualdetik, Alepo hego-mendebaldetik eta Ghuta eskualdetik lekualdatu zituzten.

EI Estatu Islamikoaren kontrako borroka ez da amaitu. Eta EIko presoen eta haien familien auzia ere ez da konpondu oraindik.

SDFk [Siriako Indar Demokratikoak, kurduen autodefentsa miliziek gidatuak] operazioak egiten segitu du EIren zelula lokartuen kontra jotzeko, bai 2020. urte osoan eta bai 2021eko lehenbiziko hilabeteotan. Ezinago argi dago Turkiak Sirian darabilen politikak baduela beste helburu bat ere: berriro sendotzea Estatu Islamikoa. EIko dozenaka mila kide eta haien familiak atxilotu zituzten Siria iparraldean eta ekialdean, eta, oraindik ere, arazo bat dira eskualde horrentzat. Nazioarteko komunitateak ez du neurririk hartu EIko kideak epaitzeko. 2014az geroztik, Herriaren Defentsarako Auzitegiek 7.000 siriar epaitu dituzte Estatu Islamikoko kide direlako susmopean. 2020an, 200 haur atzerritar eta 29 emakume entregatu zizkieten sorterriko ordezkariei. Hala ere, 49.000 haur daude oraindik Siriaren ipar-ekialdeko kanpamentuetan.

Hala eta guztiz, elkarrizketa sustatzen ari zarete oraindik ere, baita Siriako oposizio nazionalarekin ere.

Gure ustez, hitz eginez bakarrik lor ditzakegu konponbide bat eta bake egonkor eta iraunkor bat. Elkarrizketari esker, 2021ean konponbide politiko bat adostu ahalko dugu, Turkiako armada inbaditzailea Siriako lurraldetik atera ahal izango dugu, errefuxiatuak eta lekualdatuak euren herrialdera itzuli ahal izango dira, eta kurduen arteko elkarrizketaren segida bermatu ahal izango da.

Konstituzio berriaren inguruko negoziazioei dagokienez, Errusiak, Iranek eta Turkiak Astanako negoziazioetan sortu zuten Batzorde Konstituzionala, eta batzorde horretatik kanpo geratu ziren kurduak eta Siriaren Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazioa —bost milioi pertsona ordezkatzen dituzte—. Nazio Batuen Erakundea saiatu arren, argi dago negoziazioek porrot egin dutela. Mandatari bereziak berak aitortu behar izan du, azken bilera sortaren ostean, urtarrilean. Azkenik, askotan esan bezala, argi dago Siriako konstituzio berria siriarren arteko elkarrizketatik sortu behar dela; denek hartu behar dute parte.

Zer espero duzue AEBetako administrazio berriaren aldetik?

AEBen politiken ondorioz luzatu zen krisia, izan zuzeneko esku hartzeen ondorioz edo ezer ez egiteagatik. Gogoan izan behar dugu demokratak boterean zeudela Sirian gerra hasi zenean. [Barack]Obamaren garaian, elkarlanean EIren aurka aritzea adostu zen, eta arlo militarrean gauza asko lortu ziren. Zoritxarrez, arlo politikoan ez zen halako arrakastarik lortu. Itxaropen nagusia zera da, administrazio berriak jarrera sendoa agertzea Siria osoarentzako irtenbide politiko baten alde.

Garbi dago AEBen estrategiak bere interesak lehenesten dituela. Eskualdea egonkor egotea ere estrategia horren parte da. Horregatik, uste dugu litekeena dela Bidenen gidaritzapean AEBek aktiboki parte hartzea Siriako politikan.

Eta Errusiak?

Errusiak indarra dauka Sirian, eta eragin handia. Erakutsi du gauza asko egiteko ahalmena daukala. Errusiak jarrera eraikitzailea erakutsi beharko luke gatazka kurduari irtenbide bat bilatzeko. Orain arte ez du hala jokatu, eta ez ezin zuelako: ez du hala jokatu, hain zuzen, bere interesak hobekiago ordezkatzen zituelako Turkiak. Espero dugu Errusiak jarrera eraikitzailea hartzea irtenbide politiko bat bilatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.