Gorka Aranberri. Urdaibaiko patroia

«Aurten ari naiz gehien gozatzen»

Irabazteak poza ekartzen dio kirolariari, eta aurten Urdaibai asko ari da irabazten. Sei bandera lortu ditu udan, eta patroia izan da garaipen horien oinarri sendoenetako bat.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2014ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Bazkaldu aurretik erantzun die galderei Gorka Aranberrik (Zarautz, Gipuzkoa, 1987), telefonoz. Hitz errazekoa da, eta ondo azaltzen ditu gauzak. Urdaibairen txopatik ere zuzen asko zuzentzen ari da arraunlari multzoa garaipenen bidera. Sei dauzka taldeak aurtengo udan, eta ez da ase patroia.

Zer balio ematen diozu Espainiako Txapelketa irabazteari?

Sekula irabazi gabe neukan titulua da, eta zaila da hor gailentzea. Taldeko arraunlari batzuk ere nire egoera berean zeuden. Prestigio handiko txapelketa da.

Lehen luzean hautsi zenuten estropada igandean. Hori izan zen zuen estrategia?

Ez. Gu geure estropada egitera atera ginen, eta ez genuen espero halako aldea ateratzea lehen luzean. Ondo etorri zitzaigun. Izan ere, bueltako luzeetan, aurreneko kalekoek gutxi behar izaten zuten laugarren kalekoari aldea erraz jateko, eremuak babesa ematen zielako lehen kalekoei. Eta bueltako luzeetan kosta egin zitzaigun gozatzea.

Estropadak metro batzuk gehiago izan balitu, akaso titulua ez zenuten irabaziko.

Bai. Kaiku abiadura bizian heldu zen, atzetik aurrera, eta eskerrak bukatu zen lekuan bukatu zela.

Halako lehen luzea egin eta aurkari guztiak bospasei segundora utzi eta gero, bigarren luzean zein izaten da patroiaren lana?

Kanpora joateko arraunketa eta barrura etortzekoa ez dira berdinak. Kanpora bizi joaten gara, irteerako txanparen inertziarekin, eta barrura arraunketa horrek bere neurrira etorri behar du, egonkortu egin behar du. Baina lo ere ezin da hartu, olatua aldekoa izaten delako barrurako luzeetan, eta erritmoa bizitu behar izaten delako batzuetan. Patroiaren lana da arraunketa egokira bideratzea arraunlariak, ahalik eta ekonomikoena izan dadila, estropada erdia baino gehiago geratzen delako.

Urdaibairen denboraldia handia ari da izaten kanpotik begiratuta. Hala iruditzen zaizu zuri ere?

Bai. San Miguel ligako zigorra oztopo handia ari da izaten, baina, hala ere, hiru bandera irabazi ditugu Ligan, txapelketa guztiak ere lortu ditugu, eta denboraldi-aurrean ere ondo ibili ginen. Nota oso ona jartzen diot.

Zigorraren oztopo hori nola ari zarete kudeatzen taldean?

Gure sekretua da kontu horren inguruan heltzen ari den informazio guztiari kasurik ez egitea. Bakartuta bezala gaude. Gu arraunerako, entrenatzeko eta astebukaeretako estropadak irabazteko elkartzen gara. Bulegoko kontu horiek, bulegoko jendearentzat.

Lehen txandan joan edo azkenekoan joan, berdin ez da gozatzen ezta?

Lehen txandako aurkariei errespetu guztia erakutsita, azkar ateratzen diegu aldea, eta nahigabe ere burua lasaitu egiten zaigu. Arraunlarien gainean egon behar izaten dut, lanean fin segi dezaten. Zure arraunketa aurkitzeko errazagoa da bakarrik joanda, baina aurkari sendoak alboan ez izatea txarrerako da.

Ez jaisteko kanporaketa saihestuko al du Urdaibaik?

Uretan arraunera joaten gara, eta kalkuluak lehorrekoentzat uzten ditugu. Estropadaz estropada goaz, eta ez dakit zer gertatuko den azkenean azken-aurreko postua atzean uzteko borrokarekin. Kanporaketara joan behar badugu, joan egingo gara; ez bagara libratzen eta maila galtzen badugu, maila galduko dugu.

Ligako estropada guztietan zuen onena eman beharrean zaudete puntuak eta postuak berreskuratzeko; irailera begira nekea pilatzen ari zarete?

Aurreko urtean erakutsi zuen entrenatzaileak ondo dakiela taldearen indarrak kudeatzen, eta sasoian heldu ginen Kontxara. Aurten ere, berdin. Berak esaten zuen iazko taldeari eutsi diogula, eta Ligan koska bat egingo genuela gora. Arrazoi zuen: iaz bi bandera irabazi genituen Ligan, eta aurten hiru dauzkagu jada. Ez dago ordezko arraunlaririk gurean, denak izan daitezke titular, eta hori oso akuilagarria da arraunlarientzat. Denek irabazi dute bandera bat gutxienez aurten, eta horrek asko esan nahi du.

Abuztuan gaude, eta zure herriko ikurrina dator laster. Jopuntuan izango duzu, seguru.

Bai horixe! Inoiz ez dut etxeko ikurrina irabazi, eta egutegian gorriz markatuta daukat.

Aurtengoa da gehien gozatzen ari zaren urtea?

Beste batzuetan ere gozatu izan dut, baina azkeneko urteak bakarrik kontuan hartuta, gehien aurten ari naiz gozatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.