Kontratu partzialen langabezia saria baztertzailea da emakumeentzat

Luxenburgok dio Espainiak ezarri duen kalkulu sistema ez datorrela bat Europako legediarekin

Kontratu partzialarekin zebilen garbitzaile batek jarritako salaketaren harira ebatzi du Luxenburgoko auzitegiak. BERRIA.
xabier martin
2017ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Europako zuzenbidearen aurka ari da Espainiako Estatua kontratu partziala eduki dutenen langileen langabezia saria kalkulatzen duenean. Kontratu partzial bertikalekin dago arazoa. Kontratu horiekin beharrean daudenak asteko egun jakinetan aritzen dira soilik, ez egunero lanaldi partzial batez. Behargin horien kasuan Estatuko Lan Zerbitzu Publikoak (SEPE) bakarrik lan egindako egunak hartzen ditu kontuan prestazioa kalkulatzean, ez zenbat urtez aritu diren beharrean, beste kontratuekin egiten duen moduan. Bada, «mota horretako kontratuarekin aritzen diren langile gehienak emakumezkoak direnez, haien aurkako tratu baztertzailea dago», EBko Justizia Auzitegiaren arabera.

Bartzelonako garbitzaile baten kasua izan da Europako epaitegira iritsi dena. Hamabi urte eta erdiz aritu zen lanean, 1999ko abendutik 2013ko uztailera, kontratuan etenik eduki gabe. Astean hiru egunez aritu zen, bi ordu eta erdiz. Kontratu hura bukatzean, langabezia saria eskatu zuen, eta SEPEk 120 eguneko langabezia saria eman zion, kontratua eten eta aurreko sei urte osoak aintzat hartu gabe, bakarrik lan egindako egunekin egin zuelako kalkulua. Emakumeak uste du 720 eguneko saria izateko eskubidea duela, eta erreklamazioa egin zion SEPEri. Estatuak 420 eguneko langabezia onartu zion orduan, baina emakumeak nahi zituen 720 egunetik urrun, eta Bartzelonako epaitegi batean salaketa jarri zuen.

%80 emakumeak dira

Epaitegi horrek Europara jo zuen, Espainiako Gizarte Segurantzaren lege jakin hori emakumeen eta gizonen arteko tratu berdintasunaren Europako arauarekin bat ote datorren jakiteko. Bada, Luxenburgok erantzun du: Batasunaren legediak ez du onartzen soilik kontratu partzial bertikalen kasuan langabezia sariaren kalkuluan salbuespena egitea, hau da, bakarrik lan egindako egunak zenbatzea.

Bazterketa argi bat dagoela dio auzitegiak, «frogatutzat jotzen delako kontratu partzial bertikalarekin aritzen diren gehienak emakumeak direla». Kontratu partzial bertikala dutenen %70-80 dira emakumeak. Nafarroako Gobernuak aurtengo uda bukaeran plazaratutako txosten batek ere garbi erakusten du: hamar kontratu partzialetik zortzi emakumeek betetzen dituzte Nafarroan. Gainera, gizonak baino ordubete eta 44 minutu gehiago aritzen dira etxeko lanetan, txosten horren arabera.

Horiek horrela, ematen du SEPEk aldatu egin beharko duela kontratu partzial mota horiei aplikatzen dien kalkulu sistema saria kudeatzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.