Euskal Herriko Itzulia

Arrantza egin du ur harroetan

Aranburuk garaipen handi bat lortu du Sestaon, bukaeran eraso ausart eta indartsua jota. Frailek bigarren egin du, eta, hala, Astanaren festa biribildu

Arrantza egin du ur harroetan.
enaut agirrebengoa
2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Kainabera bota. Itxaron. Jaso. Eta arrantzarik ez. Hala zebilen Alex Aranburu 2018an Caja Ruraletik Astanara joan zenetik. Gogotik saiatzen ari zen, eta ikusten zitzaion balentriaren bat egiteko ahalmena, baina garaipenek alde egiten zioten, iheskor. Bada, bestela izan zen atzo, Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapan. Faboritoek harrotu egin zituzten urak La Asturianan gora, eta, azken kilometroetan, maisulan estrategikoa egin zuen Aranburuk, Omar Frailerekin batera. Santurtziarrak erasoa jo zuen hamar kilometroren faltan, jaitsieraren hasieran zegoen muino batean. Amu paregabea izan zen segidan Aranburuk indarrez eta ausardiaz jo eta Sestaon sari preziatua lor zezan. Astanaren erakustaldia ez zen edonolakoa izan, Fraile bigarren helmugaratu baitzen. Distira egin zuen, hortaz, etxe inguruko errepideetan.

Etapa ez ezik, lidergoa ere lortzear izan zen Aranburu, gainsariak tarteko, baina Primoz Roglicengandik (Jumbo Visma) bost segundora gelditu zen azkenean. Onenen arteko eraso festak ez zuen aztoratu esloveniarra. Alabaina, haren taldekide Jonas Vingegaardek sufritu egin zuen, eta hirugarren postua galdu. Bertan Brandon McNulty ageri da orain, sei segundoko atzerapenarekin. Bigarren zegoen lehen. Fraile, berriz, zortzigarren jarri da, 34 segundora; eta Pello Bilbao (Bahrain) hamargarren da, 42ra.

Zazpi txirrindularik osatu zuten Itzuliko lehen ihesaldia: Mikel Iturriak (Euskaltel), Jon Irisarrik (Caja Rural), Quinten Hermansek (Wanty), Martinj Tusveldek eta Kevin Vermaerkek (DSM), Ben Gastauerrek (Ag2r) eta Oscar Cabedok (Burgos). Etapa abiatu eta gutxira egin zuten ihes, eta lau minutuko langa gainditzea lortu zuten. Tusveld zegoen hobekien kokaturik sailkapen nagusian: 41. postuan, lidergotik 1.07ra. Irisarrik eta Iturriak, berriz, esfortzurako prest zituzten hankak, bezperako erlojupekoa lasai hartu ostean; azken-laugarren izan zen bata, eta hamabost postu gorago bukatu zuen besteak.

Irisarrik begiz jota zeukan mendiko sailkapena, eta puntuen bila jo zuen San Kosmen eta Bezin, atzo igo zituzten hirugarren mailako bi mendateetan. Alabaina, bi aldietan aurretik izan zuen Hermans. Tarteko esprintetan, berriz, Iturriak lortu zuen puntu gehien: hamasei guztira, Barakaldon bigarren eta Zallan aurrena izan ostean. Garaipenaren ametsa, ordea, lausotu egin zitzaien kilometroak igaro ahala. Lema, espero zen bezala, Jumbo Vismak hartu zuen hasieran. Liderraren taldea izateak ardura hori dakar. Baina, harrigarriki, Movistarrek lekukoa hartu zion helmugarako oraindik 80 kilometro falta zirela. Alejandro Valverderengan konfiantza itsua zuten seinale. Elkarlanean aritu ziren Jumborekin, eta gerturatu egin zitzaizkien iheslariei: 60 kilometrora, 2.45era zituzten, eta 1.40ra 50 kilometroren faltan.

Gauzak oso serio jarri ziren La Asturianako igoerara bidean. Etapako puntu beroa zen, eta hautagaien taldeek berotu handia hartu zuten mendatera tropel buruan iristeko. Ineos, Bahrain, Astana, Bora, Groupama, Trek... Asko izan ziren kokapenik onenaren borrokan sartu ziren taldeak. Abiada bizia eta tentsio handia izan zen. Unerik txarrenean izan zuen matxura Guillaume Martinek (Cofidis), eta jokoz kanpo gelditu zen. Lehenago lurrera joan zen Wilco Kelderman (Bora), baina lortu zuen tropelera itzultzea.

Atzean bizi zen frenesiaren ondorioz, La Asturianako lehen maldetara 30 segundo eskasen aldearekin iritsi ziren iheslariak. Jai zuten. Berehala eman zuten amore, Cabedoren salbuespenarekin. Aurrera egin zuen Burgos taldeko txirrindulariak, esperantzari eusteko eta bere buruaren berri emateko ahaleginean. Alabaina, berandu gabe irentsi zuen tropelak, oilarren arteko eraso festa hasi orduko. David Gaudu (Groupama) izan zen arbola astintzen lehena, eta haren erasoari jarraipena eman zion Pogacarrek. Bost kilometrora zegoen oraindik gailurra, eta hemeretzira helmuga. Haatik, esloveniar gaztea bulkaden bidez lehiatzen da. Utikan kalkuluak.

Haren gurpilera iristea lortu zuten Roglicek, Ion Izagirrek (Astana), Mikel Landak (Bahrain) eta Michael Woodsek (Israel). Su eten labur baten ondoren, Izagirrek egin zuen ahalegina, eta berriz ere Pogacar irten zen atzetik. Jolas egiteko gogoa zuen iazko Tourreko irabazleak. Hori horrela, beste mugimendu bat egin zuen geroago, Maximilian Schachmanni (Bora) ihardetsiz. Igoera hiperaktiboa egin zuen, Roglicek ez bezala. Liderrak odol hotzez jokatu zuen, haren taldekideek huts egin arren. Lasterketak inor gutxik bezala irakurtzen ditu, eta ez zen su guztiak itzaltzen tematu. Momentuaren zain egon zen, eta gailurretik bi kilometrora egin zuen aurrera, Schachmannen gurpila hartuta. Haiekin bat egin zuten McNulty eta Sergio Huguitak (Education), eta laukoteak buruan igaro zuen gaina.

Bilbaok hartu zuen jazarpenaren ekimena, eta berehala elkartu ziren bi multzoak, jaitsiera sigi-sagatsuaren hasieran. Abiada bizia hartu aurretik, koska bat igo behar zuten, helmugatik hamar kilometrora, eta maisutasun estrategikoa erakutsi zuen bertan Astanak. Dela aurrez egindako plana hezurmamituta, edo dela inspirazioaren bidez, mugimendu bikaina egin zuten Fraileren eta Aranbururen artean. Erasoa bata bestearen atzetik egin zuten, eta tartea zabaldu zuen ezkiotarrak. Asko zuen irabazteko, baina galtzeko ere bai, kukuak oker joz gero, aukerarik gabe geldituko zelako berarentzat aproposa izan zitekeen esprint batean.

Pogacarren mokadua

Dena emanda zihoan, eta ahalegina emankorra ari zen izaten: seifaltan, 25 segundora eraman zuen aldea. Hurrengo bi kilometroetan beste hamar segundo atera zizkien jazarleei. Bukaerako hormak ez zuen hormatu, eta hamabost segundoren aldearekin iritsi zen helmugara. Orro egin zuen. Kumea lehoi bihurtu zen, bere ibilbideko garaipenik handiena lortuta. Frailek biribildu egin zuen Astanaren festa, esprintean nagusituz, eta hirugarren Pogacar izan zen. Lau segundo kendu zizkion hark Roglici, gainsariei esker. Apurrak hartzeko baimena eman zion liderrak. Damutu egin liteke bukaeran.

167,7 kilometroko etapa jokatuko da gaur, Amurrio eta Ermualde artean. Aurrenekoz igoko dute Laudioko mendate hori, eta tarteak sortuko ditu hautagaien artean. Izan ere, lau kilometro besterik ez dituen arren, bataz besteko pendiza %10ekoa du, %17ko eta %20ko zatiekin. Hiru igoera gaindituko dituzte aurrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.