Gogoaren tosta berean doa kezka

Arraunlariak irrikaz daude entrenamenduak berriz uretan egiteko, ia hiru hilabete baitaramatzate hori egin ezinda. Kezka ere badute, ordea: gorputza lan berrietara moldatu beharra, arraunkera sendotzeko denbora gutxi izatea, eta COVID-19 gaitzak sortzen dien ezinegona.

Arraun, Donostiarra, Hondarribia eta Orio, iaz, Euskotren ligako estropadan, Portugaleten. A. LOIOLA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
«Urarekin egunero egiten dut amets», esan du Gurutze Lopetegi Zumaiako arraunlariak (Zestoa, Gipuzkoa, 1986). «Inoiz ez dut eduki orain bezalako gogorik uretan entrenatzeko», atera zaio Nerea Perez Hondarribiako patroiari (Tolosa, Gipuzkoa, 1997). «Irrikaz gaude betiko entrenamenduak egin eta ergometroa bazterrean lagatzeko», adierazi du Eñaut Silbeti Getariako arraunlariak (Getaria, Gipuzkoa, 1997). «Sekulako gogoa daukat traineruan sartzeko», kontatu du Josu Elu Ondarroako arraunlariak (Ondarroa, Bizkaia, 1983).

Lau adierazpen horiek ederki asko azaltzen dute zer daukaten buruan orain arraunlari gehienek. Ia hiru hilabete daramatzate etxean entrenatzen, COVID 19-ak eragindako krisiaren eraginez, eta agian datorren astelehenean beteko dute nahia, Eusko Jaurlaritzak eskatu baitio Espainiako Gobernuari uzteko arraunlariei ohiko moduan entrenatzen.

Arraunlariak argia ikusten hasi dira azken egunetan, eta ez soilik politika munduan har daitekeen erabaki horregatik. Arraun ligek zehaztu egin zuten egutegia aurreko asteburuan, eta horrek ere indarra eman die, ñabardurak ñabardura: «Egin dugun sakrifizio handia egin eta gero, argia piztu zaigu jakitean uretan entrenatu ahal izango garela, eta lehiatzeko aukera izango dugula», azaldu du Lopetegik. Etxeko entrenamendu astunei aurre egiteko bizipoza eman die horrek, baita etxeko lan saio amaigabeei zentzua jartzeko ere: «Ligako egutegia zehaztea eta datak finkatzea oso ona izan da. Helburuak jartzeko balio digu entrenamenduetan, jakiteko zertarako landu gauzak», kontatu du Silbetik. Bere buruarekin ibili dituen komeriak kontatuz azaldu du Perezek azken egunetakoa: «Nik neuk hasieran, duela bi hilabete eta erdi, garbi neukan jokatu egingo genuela, eta besteak animatzen egon nintzen, entrenatzen jarraitzeko. Duela hiru aste, ordea, buruan sartu zitzaidan ezetz, ez genuela lehiarik izango, baina motibatu egin naiz berriz». Elu ere pozik dago taldekideekin batera entrenatzeko aukera laster izango dutelako, baina oraindik ez du garbi ikusten lehiarena: «Ilusioa piztu zigun egutegiarenak, jakina, baina ez dut garbi ikusten. Hasieran protokolo bat atera zuen Traineruen Kluben Elkarteak testei dagokienez, eta orain beste bat atera du, guztiz ezberdina gai horretan». Uste du TKEk «eskuak garbitu» dituela: «Tostakidearekin hamar zentimetroko tartea izaten dugu, eta ahotik botatzen dugun guztia jan egingo du albokoak. Jokatu egin behar da liga bai edo bai, eta hor konpon arraunlariak, betiko moduan».

Beste hirurek ere eman dute iritzia gaixotasuna harrapatzeko izan daitekeen arriskuaz. Lopetegirentza,t beldurra baino gehiago «errespetua» sortzen dio egoerak: «Hilabete gogorrak izan dira gaitzarenak, eta ikusten da norbait gaixotzen bada inguruko guztiak arriskuan jartzen dituela. Eta horrek kezka eragiten du. Hala ere, badaude profesionalak hori guztia bermatzeko, eta haiek jartzen dituzte baldintzak, eta taldean eta zuzendaritzan ahalik eta zorrotzen beteko ditugu. Aurrera egin beharko dugu». Silbeti ere ez dago erabat lasai: «Arriskua esaten duten baino handiagoa da. Ez dugu elkar ukituko, baina txistua, izerdia... Kontaktuan egongo gara modu horretara. Arriskua egon badago, baina ematen du egoera orokorra duela aste batzuk baino hobea dela, eta, hori ikusita, hamabost lagun elkarren ondoan terrazan eserita badaude, gurea ere antzekoa izango da. Baina beldur pixka bat ematen du». Perezek zuhurtziari heldu dio: «Beldurra gaixotzeko ez daukat. Kontuz ibili beharko dugula bai, eta entrenatzaileak esana digu ez joateko terrazetara lagunekin-eta, taldekideekin edo etxekoekin bakarrik joateko. Azkenean, bat gaixotzen bada, besteok berrogeialdian ipini beharko dugu, eta horrek ardura ematen du». TKEko klubetan, egin zaizkie test serologikoak arraunlariei, eta horien emaitzek lasaitu egin dute Hondarribiako patroia: «Zazpiehun bat arraunlari izango gara bi liga nagusietan, eta ez da positiborik azaldu». Eluk garbi dauka beldurrarena norberaren pentsatzeko moduaren barruan dagoela, eta hautua egina dauka: «Gaixotu, edozein tokitan gaixotu zaitezke, eta norberaren pentsaera da: zer da hobea, etxean gaizki bizitzea, ala arriskatu eta kalean gaixotzea? Nahiago bigarrena».

Hainbat arraun taldetan badaude arraunlariak beldurra barneratuago dutenak, eta, zenbaiten kasuan, lehiatu ala ez zalantzan daude. ETE ligan ariko den Zumaiaren kasuan, denak prest daudela esan du Lopetegik: «Batzuek besteek baino kezka handiagoa daukate, baina gogoak irabazten dio kezkari gure kasuan». KAE 1 ligan aterako den Getarian, pare bat kasu berezi daudela kontatu du Silbetik: «Krisi garai honetan, bi taldekide aita izan dira, eta kezka badago. Baina denok gaude prest uretara joateko». Perezek ere antzera hitz egin du: «Gurean ere denok gaude animatuta, eta Euskotren ligan lehiatzen segitzeko gogoarekin». Eluren Ondarroa Eusko Label ligan ariko da aurten ere, eta garbi esan du taldekide batzuek ez dakitela zer egin: «Zenbaitek ez dute argi. Badakite erabateko segurtasuna ez dela egongo, beste leku guztietan bezala. Geure esku utzi dute hau dena TKEtik, eta beldurra baino gehiago da bakarrik utzi gaituztela arraunlariei. Talde motza gara, eta saiatuko gara ahalik eta baja gutxien izaten, eta ea lasaitzen ditugun kezkati horiek. Egoera orokorra ondo doa ,eta ea pixka bat animatzen diren».

Lehiaketari buruzko iritziak

Gertu ikusten dute lehiara itzultzeko aukera, eta hainbesteko zirrara eragiten duen une horretan pentsatzen ere hasita daude laurak. Asko aipatzen da ezohiko prestaketaren eraginez edozer gauza gerta daitekeela uretan. Baieztapen horretan, lau arraunlariak zenbat buru hainbat aburu ibili dira. Lopetegiren iritziz, zalantzaz beteta izango dira denak: «Lehen, neguko jaitsieretan, informazioa jasotzen zen talde bakoitza zertan zebilen jakiteko, eta orain ere badugu hori, baina ondorengo dena aldatu da. Horregatik, orain, galdera ikur handi batekin aterako gara denak. Ahal den gogorrena izan beharko da buruz, eta fisikoa ahalik eta ondoen mantendu. Ea zer irteten den». Silbetik dio ez dela ezusterik egongo: «Onenak irabaziko du». Oso antzera mintzatu da Elu: «Betikoak ibiliko dira goian, erdikoak erdian, eta behekoak behean». Beste muturrera joan da Perez: « Oraintxe oso zail ikusten dut zer gerta daitekeen aurreikustea. Ez dakit talde bakoitza bere lekuan ibiliko den ere».

Lehiaren aurretik, uretako lan saioetan murgilduko dira laurak, eta horren inguruan badute kezkaren bat edo beste: «Fisiko aldetik zoragarri egongo gara, baina ez da gauza bera ergometroan aritzea edo traineruan itsasoan jardutea. Lehen egunetan izango dira babak, gerriko minak eta halakoak. Denboraldi-aurreko lehen uretako saioen antzekoa izango da oraingoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.