begona del teso
IRITZIA

Kaka sandwicha eta Txinako bandera

2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
We Are One A Global Film Festival, hilaren 7an bukatuko den zinema festa digitala, planetako hamaika jaialdik gauzatua, barne hartu ezinezko proposamena da. Ezin besarkatuzkoa. Programazio barrunbe mugagabean esploratzaile diharduen ikuslea zoratuko da azkar, eta Donostiak, Berlinek, Cannesek, Locarnok, Jerusalemek, Tokiok, Mumbaik eta Sundancek pantailaraturiko horrenbeste tentazio eta amuren aurrean amore emango, arras etsirik.

Ikaragarria, hamar eguneko anabasa hori. Maite/miretsi egiten dituzun maisu guztiak solasaldietan, hitz aspertuetan, ikasgai magistraletan; esku batean mikrofonoa eta bestean kafea dutela, gonbidatuekin hitz jokoetan.

Deliziosa, hala eta guztiz ere, eguneko 24 orduz luzatzen den nahaste-borrastea. Beste inon, beste inoiz dastatuko ez dituzun animaziozko puskak. XV. mendean pintaturiko fresko baten pertsonaiek —Paolo Uccelloren La Bataille de San Roman-ekoek— bi minutuz berenganatu dute, Georges Schwizgebelen kameraren bitartez, mendeetan zehar izan ez duten mugimendua. Eta gu aho zabalik, bihotza taupaka.

Denetarik dago hondorik gabeko zaku zibernetiko horretan. Veneziak Godardi egin zion gorazarrea —24 Frame by Century— edota Sarajevoko zinema bilkurak, gaurko zauriak oraindik sendatu gabe dituen horrek, atzoko mina —1914ko gerrarena, alegia— leundu gura zoroan botatako begirada tristatua —Bridges of Sarajevo—.

Nonahi bilatuta ere, zerbait aurkitu baietz. Baina zabiltzate kontuz, erne, tente, edo mozkor-mozkor eginda amaituko duzue zinemaldia. Zeluloidezko aitzurra perilosoa izan ohi da, eta bestondoa arinduko duen botikarik ez da oraindik deskubritu. Gaindosia sekula ez da komeni. Bai, gauza jakina da: zainetan behar den baino zeluloide gehiago sartzea Deabruari pagatu beharreko bidesaria da. Gogoz pagatuz gero,segi segan, martxan, aukeran. Damurik gabe.

Halere, zin degizuet, We Are One jaialdia lagunen artean pasatzen badugu, baduzue, askoz hobeto. Igandean geratuak ginen, esaterako, Guillermo del Toro eta biok. Bera Marrakexen zegoen,lepo zen antzoki bateko jendearekin hizketan. Dena suertatu zen, zitzaien, zitzaigun, hizpide: katoliko amorratua —sutsua, suzkoa— zuen amona, mamuen dantzan sinesten zuen osaba, motorrak ederki asko gidatzen zituen aita, familiak irabazitako loteria sari handi-handia...

Dirutza harekin, erosi zuen aitak etxetzarra eta, ilustratuaren planta egiteko asmoz, liburuak pisura, kiloka. Denak irakurri zituen txikitan Guillermok. Edozein moduz. Horrexegatik zeuden bere iruditerian maila berean De Chiricoren lanak eta Stan Leeren Spider Manen marrazkiak. Ume zela, Gillermok ez zekien bata bestearengandik bereizten. Heldu zenean ikasi zuen diskriminatzen, baina orduan ez zuen bereizketa egin nahi, eskerrak.

Aipatu zion entzule/miresle batek bere zinema osoan munstroak gizakiak baino atseginagoak, duinagoak, maitagarriagoak direla. Onartu zuen mexikarrak. Komentatu ere harro zegoela horregatik. Iraganeko pelikuletan neska munstroaren atzaparretan ikusten genuen oro, otoi egiten genuen salbatuko zuen heroia ager zedin. Orain, aldiz, neskok ederki dakigu gustura gaudela izaki horiekin eta ez dugula salbatzaile beharrik. Izanere, ez dugu ederrago den inor ezagutzen. Izan ere, haiek baino amorosago tratatuko gaituztenik ez dugu ez itxaroten, ez espero. Horrexegatik maite dugu, sakon, Aintzira Beltzeko Kreatura. Horrexegatik, barrenetan sumatzen dugu La sombra del agua filmaren izakia jainko bat dela. Eta birrindu nahi duen zientzialaria, arropa garestiz jantzitako Don Inorrez bat, giza zaborra.

Aitortu zuen Guillermok, irribarretsu, gustuko zuela aspaldiko zinemak heroi jotako horiek galtzen uztea denon begiradapean. Gogoko, Dorian Grayen erretratuan bezala, beren barruko eta kanpoko mixeria guztiak agerian jartzea.

Zorrotz, baina hizkera gozoaz salatu zuen gure zinema-kultura asko pobretu dela. Antza, ez diogu argudioaz aparteko beste ezeri erreparatzen, ohartu gabe zuzendariak egindako hautu bakoitzak moldatzen duela pelikula era batez edo bestez. Esanahi berezia dute kamera mugimendu bakoitzak, plano konposizio bakoitzak, jantzi batek edo besteak, pelikulari darizkion koloreek. Mezu bat dute, estilo kontu bat. Aipatu zituen lezio magistral berean De Niro, Scorsese, Cuaron, Minelli, Kurosawa eta The Godfather. Sutsu mintzatu zen japonierazko Wadi-Sabi hitzak gordetzen duen estetika-filosofiaz. Inperfekzioaren edertasuna adierazi nahi du, eta Del Torok horri eusten dio, bai bizirik irauteko, bai zinema egiterakoan, bai nor, zer, zein maitatzen eta miretsi behar duen erabakitzerakoan ere.

Esan zuen ez dela existitzen paradoxarik gabeko arterik. Egiari zor, paradoxak bizi gaitu. Gogorarazi zigun oztopoa bera dela bidea. Eta bai, «kaka sandwicha» esamoldea erabili zuen, bihurri, denon harridurarako. Abisua pasatu zien aretoan zeuden zinemagile izan nahi duten guztiei: zinema egiten duzun bakoitzean kaka sandwicha jaten duzu. Zorte pixka batez, batzuetan, ogi xerrak gutxi kakaztuak izango dira; besteetan, berriz, mamirik ez duzu aurkituko gorotz artean. Baina nola edo hala, beti dastatuko duzu zikinkeria, tragedia, ezina. Ez du axolarik, zinemak bizi gaitu eta.

Hurrengo hitzordua Jackie Chanekin, arte martzialetako maisuarekin, genuen hartuta Sundancen. Gustu handiz entzun genion merezimenduzko Oscarra duen pailazo jakintsu horri, kaleetan, zinema estudioetan eta borroketan bizitza zer den ikasi duen horri; Hong Kongen jaiotako horri, Travoltak, Tarantinok, Sidney Poitierrek eta antzekoek estimu handian izan dioten horri. Bere gazte denboretan gaizkin, itsusi, maleziaz jokatu izan zuen horri, orain planetako iraunkortasunaz eta bertako biztanleen ongizateaz serio eta dirutzaz arduratzen den horri. Pipertsua izan zen hartu-eman digitala; aspaldiko zinema merke, trauskil baina majo hura beti ezpainetan, beti oroitzapen eta omenez.

Zutik jarrita egin zioten agurra ikusleek, txalo zaparrada batez. Eta gu, kontent. Baina gero suak eta amorruak hartu zuen etxe barruko pantaila gurea, ze Hong Kongetik hasi baitziren mezuak iristen. Esan, esaten zuten Jackie, Jackie Chan maitatua, Txinako Gobernuaren eta Txinako banderaren alde agertu dela, libertate ororen alde dauden herrikideen kontra... Hura desengainua nirea... Bai, Guillermok arrazoia zuen.Zeluloide zale-jaleontzat ere, zinema askotan kaka sandwicha da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.