Gaitza da saltzea

Athleticek Betis hartuko du gaur San Mamesen. Helburu barik eta ilusioa galduta, ez dirudi partida aproposa zaleen babesa jasotzeko

Iker Muniain, Deportivoren aurka jokatutako partidan. Baliteke gaur hasieratik jokatzea. JAVIER ZORRILLA / EFE.
haritz gallastegi
2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Athleticen irrikaz daude denboraldia amaitu, atseden apur bat hartu eta beste proiektu bati ekiteko. Porrota izan da Jose Angel Ziganda Kuko-ren egitasmoa. Entrenatzaileak ez du asmatu, eta jokalariak ere ez dira kapaz izan eurena emateko. «Cordoba, Nuñez eta Kepa izan ezik, beste inork ez du aurreko urteetako maila eman. Ni naiz horren erantzule nagusia», adierazi zuen atzo Zigandak. Finean, lehenbailehen ahazteko denboraldia izan da.

Baina oraindik hiru partida geratzen dira jokatzeko, eta talde zuri-gorriak San Mamesen jokatu beharko ditu horietatik bi. Ez da erraza izango zaleak erakartzea. Ez dago zalantzan dagoena konbentzitzeko arrazoi handirik, eta are gutxiago joateko asmorik ez daukanari iritzia aldatzeko. Taldearen emaitzak txarrak dira, eta jokoa, eskasa. Gainera, ez dago ezer jokoan.Taldea ezinean ikustea ez da inoren gustukoa. Beraz, ez dago ezer aurpegiratzerik taldeari bizkarra emango dioten jarraitzaileei. Euren erabakia da, eta askatasun osoa dute gura dutena egiteko. Hala ere, onean zein txarrean taldeari babesa erakusten diotenak ere ez dira gutxi. Horiek egongo dira gaur San Mamesen, Athleticek Betisen aurka jokatuko duen neurketan.

Partidak ez dauka interes handirik, baina inork ez du gustuko galtzea. Sasoi honetan, gainera, Athleticek nahi baino gehiagotan eman du amore. Gaur lan ona egiteak ez du ezer aldatuko, baina, motibazio barik zelairatuz gero, sasoi betean dagoen Betisek min handia eman diezaioke, eta jarraitzaileek ez diote barkatuko. Aspaldian, txistuak ohikoak bihurtu dira Katedralean.

Zigandak gutxienez hiru aldaketa egingo ditu taldearen jokoa hobetzeko. Defentsan bi hegalekoak aldatu beharko ditu. Balentziagak min hartu zuen astearteko lan saioan, eta agur esan dio denboraldiari. Saboritek hartuko du haren lekua. Eskuinean, berriz, De Marcosek partida bateko zigorra bete beharko du, txartel pilaketa dela medio. Lekuek hartuko du bere lekua. Halaber,taldeak Raul Garciaren hutsunea izango du zelai erdian. Nafarra ere zigortuta dago. Hortaz, Muniainek hasieratik joka dezake. Bestalde, Aduriz osatu da, eta gertu dago taldeari laguntzeko.

Orain arte ikusitakoa aintzat hartuta, ez dago arrazoirik taldearen maila ona izango dela pentsatzeko. Beraz, sufritzeko aukera handiagoa egongo da gozatzeko baino. Baina, txarrenean jarrita ere, zaleek txalo egiteko aukera izango dute une batez. Carles Puyolek Athleticek urtero klub bakarreko jokalariari ematen dion saria jasoko baitu. Haren ibilbide profesional osoa Bartzelonan betetzeaz gain, garaipen asko lortu zituen futbolaria izan zen. Baina, horrez gain, Athleticeko zaleek zelaian erakutsitako balioengatik miresten dute. Gaur, merezitako txalo zaparra eskainiko diote erdiko atzelari bikain izandakoari.

Espedientea ireki dio UEFAk

Bestalde, UEFAk espedientea ireki dio Athletici, joan den otsailaren 22an San Mamesen Spartak Moskuren aurka jokatutako partidan gertatutakoagatik. UEFAk errudun jo du kluba antolaketa eskasagatik, bengalak sartzen uzteagatik, zaleen arteko istiluengatik eta zelaira objektuak erori izanagatik. Segurtasun lanetan ari zen ertzain bat hil zen egun horretan, bihotzekoak jota.

ATHLETIC-BETIS

Athletic. Kepa; Lekue, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Saborit; San Jose, Iturraspe; Susaeta, Muniain, Cordoba; eta Williams.

Betis. Pedro; Barragan, Jordi Amat, Bartra, Javi Garcia, Durmisi;

Joaquin, Fabian, Budebuz;Sanabria eta Tello.

Epailea. Alberola Rojas.

Lekua. San Mames (53.000 ikusle).

Ordua. 16:15ean (BeIN La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.