Hassan Ait Xau. Mendi korrikalaria

«Ez dut baztertzen ultradistantzian aritzea»

Ait Xau mendi lasterketetako korrikalaririk ezagunenetakoa eta maitatuenetakoa da azken hamarkadan Euskal Herrian. Edozer gauza eskatuta ere, ez du inoiz aurpegi txarrik jartzen. Urteak aurrera doazen arren, oraindik ere onenekin dabil lehian.
UNAI UGARTEMENDIA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2020ko maiatzak 26

Konfinamendu bete-betean zela, apiril amaieran, lan istripua izan zuen Hassan Ait Xau mendi korrikalariak (Todgha, Maroko, 1977). Egun hartan bertan ebakuntza egin zioten, eta hiru aste pasatu ditu igeltsuarekin. Egun gogorrak igaro dituen arren, ez du irribarrea galdu.

Zer moduz zaude eskuan izandako lan istriputik?

Orain, nahiko ondo. Baina izugarrizko sustoa hartu nuen! Apirilaren 28an izan zen. Makina bat martxan jartzen ari ginen, eta deskuidu txiki bat izan genuen. Konturatzerako, kateak hatz bat harrapatu zidan. Badirudi gutxienez zortzi aste beharko ditudala erabat osatzeko.

Kirola egiteko moduan izango al zara hemendik gutxira?

Igeltsua kendu didatenetik, alde handia nabaritu dut. Pixkanaka joan beharko dut, baina konfinamendua igaro eta gero, arnasa hartzera ateratzea ezinbestekoa da. Itxialdian ere zerbait egiten egon naiz etxean. Mendira ez joatea asko igarri dut. Naturarekin kontaktua behar nuen.

Inoiz egona al zinen hainbeste denboran geldirik?

Bai, ia urtero egoten naiz hilabete pare bat kirolik egin gabe. Erabat uzten dut kirola denbora horretan! Ia urte osoa pasatzen dugu entrenatzen edo lasterketetan, eta gorputzak asko eskertzen du geldialdia. Orain urte batzuk, uztailean eta abuztuan egiten nuen etena; ondoren, irailean, berriro ere martxan jartzeko. Euskal selekzioan nagoenetik, aldiz, azaroan eta abenduan egiten dut geldialdia. Abenduko azken astean itzultzen naiz, Villabonako eta Zizurkilgo San Silbestreak egiteko.

Urte asko daramatzazu. Amodioak ekarri zintuen Villabonara (Gipuzkoa).

Bai, bai. Nire emazteak, bidaia bat egin zuen Marokora 1997an, eta orduan ezagutu genuen elkar. Hurrengo urteetan ere itzuli egin zen, eta azkenean zerbait pentsatu behar genuela erabaki genuen. Denontzat errazena ni hona etortzea izango zela erabaki genuen. Emakume batentzat askoz gogorragoa da bizitza Marokon. 2000. urtean iritsi nintzen Euskal Herrira. Bost urtetara lortu nuen herritartasuna.

Hogei urte daramatzazu jada Euskal Herrian. Zeren falta sumatzen duzu Marokotik?

Familia eta lagunak. Hango lasaitasuna ere eskertuko nuke. Gutxirekin oso pozik bizi dira. Hemen, berriz, dena dugu; baina, hala ere, zerbait falta dugula iruditzen zaigu beti. Guk etxean ez genuen telebistarik izan nik 11 urte nituen arte, baina pozik bizi ginen. Ez gara ezerekin konformatzen, eta gauzak ere ez ditugu baloratzen.

Euskal Herrira etorri aurretik kirola egiten al zenuen?

Marokon futbolean ibiltzen ginen. 1.400 metrora dagoen herri batean bizi ginen, mendian. Ezin dut esan kirolaria nintzenik. Erretzaile amorratua nintzen! Kirola egitea ez zegoen oso ondo ikusita. Gogoan daukat korrika egin nahi zutenak goizeko lauretan joaten zirela. Bertako jendeak beti esaten zien: «Ez al duzue beste zeregin hoberik?». Hala ere, pentsatzen hasita, konturatzen naiz eskola hiru kilometrora genuela, eta egunean bi joan-etorri egiten nituela [barrezka]. Hortaz, hamabi kilometro ziren. Egun guztia korrika pasatzen genuen!

Hona iritsi arte, beraz, ez zinen serio korrika egiten hasi?

Aipatu bezala, hona iritsi nintzenean, erretzen jarraitzen nuen. Egunean pakete bat baino gehiago erretzen nuen. Emaztea txikitatik kirolaria izan da, eta beti ari zitzaidan esaten utzi egin behar nuela tabakoa. Ostiral batean, emazteari esan nion astelehenean erretzeari utziko niola, eta halaxe egin nuen. Handik gutxira, Zumaiara joan nintzen. Lagun batek Zakila Bira korritzen zuen, eta animatu egin nahi nuen. Unean bertan harra sartu zitzaidan. Jende mordoa korrika, hango giroa... Handik egun batzuetara, Behobia-Donostia prestatzen hasiko nintzela esan nion emazteari.

Nola gogoratzen dituzu korrika egiten hasi zinen lehen egun haiek?

Oso gogorrak egin zitzaizkidan! Villabonatik Anoetara [hiru kilometro daude] joan, eta ez nintzen iristen! Gutxinaka ohitzen joan nintzen, eta lehen lasterketa Donostiako hamabost kilometrokoa izan zen. Asko sufritu nuen; baina, aldi berean, denbora ona egin nuen. Hura amaitzea izugarria izan zen! Handik Behobiara joan nintzen.

Noiz eta nola erabaki zenuen mendian hastea?

2006an hasi nintzen mendian korrika. Mendira entrenatzera joan nintzen lehen egunean konturatu nintzen errepidea baino askoz ere politagoa zela. Etxera lokaztuta iritsi nintzen, eta umetako garaiak etorri zitzaizkidan burura, Marokon ere egun guztia lokatz artean pasatzen genuelako. Lehen lasterketa etxe ondokoa izan zen: Loatzoko igoera. Laugarren amaitu nuen. Lehen lasterketa luzea, berriz, Camille Extreme [Izaba, Nafarroa]. Hura beste kontu bat izan zen.

Ez duzu oso oroitzapen onik hartaz, ezta?

Nire entrenamenduak oso motzak izaten ziren, eta Izaban 31 kilometro egin behar izan nituen. Ez nintzen kontziente zer egitera nindoan. Urte hartan 40 gradu egin zituen, eta lasterketetan ez edatera ohituta nengoen. Azken kilometroetan karranpekin hasi nintzen. Halako batean, iritsi nintzen. Helmuga zeharkatu bezain laster, lurrera erori, eta botaka hasi nintzen. Anbulantzia batean sartu ninduten, eta Iruñeko ospitalean amaitu nuen, deshidratatuta. Anbulantzian jada gazura sartu zidaten, eta Iruñean berriz ere gazura sartu ondoren, etxera bidali ninduten.

2012an, hala ere, Camille Extreme irabazi zenuen. Arantza bat ateratzea bezala izan al zen?

Bai. Oso polita izan zen. Ondo prestatu nintzen, eta gozatu egin nuen. Oso gustuko dudan lasterketa da.

Nola hartu zenuen euskal selekzioaren deia?

2012an Euskal Kopa irabazi nuen, eta hurrengo urtean selekzioan hasteko aukera eman zidaten. Hura izugarria izan zen niretzat. Hasieratik, oso giro ona genuen, eta oso ondo hartu ninduten. Eneko Aliende zen hautatzailea, eta asko lagundu ninduen. Lehen lasterketa apirilean jokatu nuen, Otañesen [Kantabria, Espainia]. Espainiako Kopako lasterketa zen, eta elastiko urdina jartzea handia izan zen. Luis Alberto Hernandok irabazi zuen, eta ni laugarren izan nintzen helmugan. Nirekin batera hasi zen Aritz Egea, eta Jokin Lizeaga, Oier Ariznabarreta eta Imanol Goñi zeuden, besteak beste, selekzioan. Talde bikaina genuen.

Euskal selekzioak inoiz izan duen belaunaldirik onena al da zuena?

Agian, bai. Bost urteren bueltan, lasterketa asko irabazi genituen. Baina ez Euskal Herrian bakarrik, Munduko Kopan ere lehen hamabostetan sartzen ginen lau edo bost. Bakarka, agian, ez zegoen Kilian Jornet bezalakorik, baina taldeka oso indartsuak ginen.

Zuk, esaterako, Munduko Kopako proba bat ere irabazi zenuen 2016an, Montanan (AEB): The Rut 28K. Nola duzu gogoan?

Urte oso arraroa izan zen 2016a. Urte askotan iturgin lanetan ibili ondoren, lana aldatu nuen. Askoz ere denbora gehiago neukan entrenatzeko, eta denboraldia hasterako nahiko sasoiko nengoen. Zegaman erretiratu egin behar izan nuen, eta punturik gabe gelditu nintzen Munduko Koparako. Udan, berriz, lau lasterketa gogor egin nituen lau astean. Azkenekoan, Italian, bihurritua egin nuen orkatilan, baina lasterketa amaitzea lortu nuen. Laugarren izan nintzen. Ondoren, Andorran, bigarren helmugaratu nintzen, eta Aritz Egeak hirugarren amaitu zuen. Pentsa, bi euskaldun Munduko Kopako proba batean! Handik, Suitzara joan nintzen, eta berriro ere laugarren amaitu nuen. Munduko Kopan bigarren jarri nintzen Ameriketara joan aurretik. Montanakoa izugarria izan zen, eromena. Lasterketa hasi orduko, lehen kilometroa osatu, erlojuari begiratu, eta 3:05 markatu zidan! Aurrera joaten utzi nien aurkariei. Beldurra nuen lehertuko nintzen, baina postuak aurreratzen joan nintzen. Azken kilometroetan, Dakota Jones amerikarra aurreratu nuen arte. Hasieran, ezin nuen sinetsi. Aitziber Ibarbia eta Maria Zorroza ere han ziren. Erdi negarrez amaitu genuen emozioarengatik.

Hortik harago, oso oroitzapen polita duzu bidaia hartaz, ezta?

Bai. Egun haietan, Martin Zabaletarekin egoteko aukera izan genuen. Lasterketa jokatzen zen lekutik gertu bizi da, eta haren etxean egoteko aukera izan genuen. Esperientzia izugarriak kontatu zizkigun.

Sasoiko zaudetenean, zure belaunaldikoek oraindik ere lasterketa guztiak irabazten dituzue. Gazteak nola ikusten dituzu?

Indartsu ikusten ditut, baina azkarregi aspertzen direla iruditzen zait. Askok, lasterketaren bat irabazi ondoren, apenas ematen diote jarraipena beren ibilbideari.

Orain dela pare bat urte selekzioa uztekotan egon zinen. Oraindik, ordea, hor segitzen duzu. Nolatan?

Orain dela sei urte ere hori esan nuen! [barrezka] Ordu asko pasatzen nituen lanean, eta oso denbora gutxi nuen. Etxera berandu iristen nintzen, alabarekin ere ordu gutxi ematen nituen... Gainera, selekzioarekin konprometituta nengoen, eta hitza betetzea gustatzen zait. Inoiz ez dut exijentziarik izan hautatzaileen aldetik, baina dena ematea gustatzen zait. Orain, denbora gehiago dut, eta alaba ere hazten doa. Oraindik sasoiko nago, mendia gustatzen zait, eta selekzioko lagunartea oso ona da. Ahal dugun bitartean jarraituko dugu.

Aurtengo zein helburu zenituen?

Ez neukan lasterketa asko egiteko asmorik. Munduko Kopan aritu nahi nuen, eta Zegama-Aizkorri jokatzeko ere banuen asmoa. Bestalde, taldekako Euskal Herriko Txapelketa ere begiz jota neukan. Orain jokatu behar zen Araian [Araba], eta lan ona egiteko asmoa genuen Camp Basekoekin. Baina batez ere Camille Extreme egiteko gogoan nuen. Espainiako Txapelketa izango zen, selekzioka ere bai...

Asko aldatu dira mendi lasterketak zu hasi zinenetik?

Baietz esango nuke. Ni ez naiz inoiz egutegia jarraitzeko zalea izan. Lehen, esaterako, larunbatean erabakitzen nuen igandean non lehiatu. Lanaren, alabaren, edo sasoiaren arabera lehiatzen nuen. Orain, aldiz, lasterketa batzuetarako, sei hilabete lehenago eman behar da izena. Guk, selekziokook, alde horretatik zorte handia dugu. Askotan, egun gutxi batzuk lehenago izena emateko aukera izaten dugulako. Nahiz eta oso eskertuta egon aukera hori izateagatik, inoiz ez naiz eroso sentitu horrelakoetan. Bestalde, mendia gehiegi masifikatu dela iruditzen zait. Xarma galdu da garai bateko mendi lasterketa haietatik. Alde ona ere badauka horrek, halere: jendeak kirol gehiago egiten du.

Korrikalari asko, urteak aurrera joan ahala, distantzia luzatzen hasten dira. Ez al duzu ultradistantzian pentsatzen?

Orain urte batzuk erokeria bat iruditzen zitzaidan halako zerbait egitea. Orain, aldiz, ez dut baztertzen. Ez nituzke 170 kilometroko lasterketak egingo, baizik eta 65 edo 80 kilometro artekoak: Euskal Herria Mendi Erronka [Leitza, Nafarroa] edo Goierriko Bi Handiak [Beasain, Gipuzkoa], adibidez.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Positibo kopuruak goia jo du Nafarroan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 749 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta nabarmen ugaritu dira Nafarroan: 362 kutsatu detektatu dituzte azken egunean. 501 lagun daude erietxeratuta Hego Euskal Herrian, eta 82 gaixo daude ZIUetan.

Zestoa, artxiboko irudi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Eraikin publikoak eta tabernak itxi dituzte Zestoan

Berria

28 kasu baieztatu dituzte azken egunetan, eta neurri murriztaileak hartu dituzte agerraldiari aurre egiteko asmoz. Datozen egunetan egoera «kontrolatzea» espero dute.

Iñigo Urkullu omenaldian ©Eusko Jaurlaritza

Koronabirusaren biktimak omendu dituzte Gasteizen

Uxue Rey Gorraiz

Iñigo Urkullu lehendakariak gidatu du ekitaldia. Pandemiarengatik hildakoak gogoratu ditu, eta elkartasuna adierazi die familiei. «Elkarrizketa soziala» bultzatu dadin galdegin du, bizikidetza sozialaren berreraikuntzarako.

Sindikatuen eta Sareren elkarretaratzea, presoen egoeraren harira Bilbon. ©Marisol Ramires/FOKU

Hainbat espetxetan komunikazioak eten dituztela salatu dute Sarek eta Etxerat-ek

Maria Ortega Zubiate

Presoek eta haien senideek “garai oso zailak” bizi dituztela adierazi dute bi elkarteek, eta pandemiak “salbuespenezko erregimenaren aplikazioa” areagotzen duela. Positibotzat jo dituzte Eusko Legebiltzarrean eta Espainian espetxe politika aldatzeko egindako adierazpenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Unai Ugartemendia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna