Lau hankakoen konpainia

Ohiko bihurtzen ari da etxean animaliak edukitzea. Konpainia egiten dute, eta askok onura fisiko eta psikologikoak dakartzate. Nolanahi ere, jabeek badituzte zaintza betebeharrak, eta, horrez gain, animalia horiek hiltzen direnean, garrantzitsua da dolua egitea.

BERRIA.
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Munduan zazpiehun milioi txakur baino gehiago daude. Etxe adina familia mota izango dira Euskal Herrian ere, eta askok txakurrik ere izango du. Animalia bat adopzioan hartzea edo erostea erabakitzeak betebeharrak ditu. Izan ere, lau hankako izaki bizidunen oinarrizko beharrak jabearen menpekoak izango dira bizirik dagoen artean: elikadura, higienea, osasuna, sozializazioa... Denak.

Bulkadei erantzunez jardun lezake askok, eta bi aldiz pentsatu gabe animalia bat etxean sartu,konpainia izateagatik edo heldutakoan ongi etorria emango dion norbait edukitzeagatik. Arreta, denbora eta pazientzia eskatzen dute animaliek; ez dena debalde.

Autoestimua hobetzen du maskota bat izateak, Sandra Marin psikologoaren arabera: «Geure burua onartzearen eta ikuspegi positiboaren alde egiten du horrek». Horren alderik agerikoena izan daiteke, psikologoaren hitzetan,etxeko animaliek bakardade sentimendua saihesten laguntzen dutela: «Animaliek erakusten diguten maitasunak, laguntzak eta leialtasunak, ikusten gaituztenean poza adieraziz, edo jolasteko gure arreta eskatuz, maitatuak sentiarazten gaituzte, gure konpainia pozgarria dela erakutsiz».

Gaur egungo bizi erritmoarekin nekez saihestu daiteke estresa, gaixotasun anitzen arrisku faktorea dena. Bada, Marinen hitzetan, maskotek murriztu egiten dute: «Gure maskota laztantzeak, harekin jolasteak edo harekin ibiltzeak egunerokoan kezkatzen gaituzten tentsioetatik askatu gaitzake; horrela, erlaxatzeko uneak eskaintzen dizkigute, eta gure aldartea hobetzen dute. Halako egoerek apaldu egiten dute gorputzean dugun kortisol hormona —estresarekin askatzen da—, eta horrek eragina izan dezake atsedenaren oinarrizko alderdietan: loan, besteak beste».

Magiarik gabe

Iratxe Cuevas psikologoa ere etxean animalia bat izateak osasun fisikoan eta psikologikoan dituen onurez mintzatu da, baina horri «ohar bat» egin nahi izan dio: «Askotan entzun dut txakurren bat oparitu dutela norbaiti laguntzeko, pertsona hori kalera irten dadin. Ez dugu espero behar txakurrak magiarik egingo duenik. Zaindu egin behar dira; animalia bizidunak dira, eta ez dira gaitz bat sendatzeko erremedioa. Abandonu asko egon baitaiteke emaitzarik ez egotekotan».

Bizitzak heriotza du atzetik, eta animaliak ere hil egiten dira. Marin: «Argi dago maskota ez dela inoiz ahazten, baina hori ez da helburua. Zure maskotaren heriotza gainditzeko modu nagusia zorionez gogoratzea da. Argi dago haien argazkiak ikusteak triste jarriko gaituela, baina haiek ikusi eta bihotza beteta sentitzean, orduan gaindituko dugu».

Hutsunea sortzen duela dio Marinek: «Egunero zure maskota ikustetik, laztantzetik, paseatzetik eta elikatzetik bat-batean gehiago ez ikustera pasatzea errotiko aldaketa da adimenarentzat». Hil ondoren geratzen den hutsunea, gogorarazpen hori «maitasun bihurtzea» da dolua: «Horri egiten dio erreferentzia gainditu hitzak, egoera onartzeari».

Hobeto sentitzeko egin daitekeen gomendioa eman du Marinek: «Ulertzen zaituen eta lagundua sentiarazten zaituen jendez inguratu, eta negar egin. Garrantzitsua da sentimenduak ez zapaltzea, inoiz ez dute-eta alde egingo. Ez izan presarik. Pertsona bakoitza ezberdina da, eta denbora jakin bat behar da dolua gainditzeko».

Maskota errepikaezina da

Burua ulertzeko metodo ona iruditzen zaio Marini idaztea: «Oso terapeutikoa da egoera horretan nola sentitzen zaren idaztea, zerk beldurtzen zaituen edo kezkatzen zaituen idaztea... hobeto sentitzeko zer egiteko asmoa duzun aipatzeak ere ideiak ordenatzen laguntzen du».

Gogoratu du maskota bakoitza bakarra eta errepikaezina dela, eta alferrik dela beste batekin ordezkatzea; hobe dela onartzea animalietako bakoitzak bizitza modu ezberdinean beteko duela.

Cuevasi ere antzekoak zaizkio animalia bat galtzearen ondoriozko dolua etapertsona batena: «Oso garrantzitsua da hori kontuan izatea. Gizartean ez da ulertzen, sarritan, animalia batekin harreman estua daukazula. Agian, pertsonaren batek familiarekin ez dauka traturik, baina etxean duen animalia bere laguntzat dauka,eta bere emozio guztiak hor jarri ditu. Doluak egin egin behar dira. Pasatu egin behar dira. Lehen hilabeteetan, negar egin behar da, eta txarto pasatu behar dugu».

Gizartean nabari du era guztietako doluak egiteko ahulgunea: «Geure burua behartzen dugu ala ingurukoek behartzen gaituzte orria pasatzera, kapituluak ixtera; baina doluaren parte bakoitzak bere denbora du.Emozioak bizi egin behar dira. Diren eran, datozen eran».

Gizakien pareko dolua

Animalia sufritzen ari denean, sakrifikatu behar denean, hiltzen lagundu behar zaionean, heriotza hori landu daitekeela aipatu du Cuevasek: «Ez da soilik negarra negarraren truke: ulertu egin behar da zer gertatzen ari den. Animalia hil denean, batzuek laguntza behar izaten dute dolua igarotzeko. Normalean, ordea, ez dute deitzen horregatik; hori terapian agertzen da». Triste dagoenean deitu izan dio jendeak, ezkutatuz animaliaren bat galdu duela, eta hori tabu izatearekin lotzen du: «Jendeak lotsaz kontatzen ditu edo ezkutatu egiten ditu animalien doluak».

Haurrei heriotza zer den azaltzeko lehen unea izan daiteke, maiz, animalia bat hiltzen denekoa. Horri buruz ere irmo hitz egin du Cuevasek: «Umeei zuzen azaldu behar zaizkie gauzak, baina haiek ulertzen duten hizkuntza batean. Ezkutatzeak ez dauka zentzurik, mina agertu egingo da eta. Eta isiltzea ere ez da egokia. Familiako kide bat hiltzen denean ere ez. Imajinatu, inguruko denak negarrez eta haurra heldulekurik gabe; ez duelako ulertzen, esaten ez bazaio. Emozioak gure antzera bizi eta ulertzen dituzte. Egia erdirik gabe eta eufemismorik gabe kontatzea da onena».

Azaldu du materiala badagoela horretarako: liburuak eta filmak:«Doluamaiz bat-batean agertzen da, une zaurgarrienean, etahorren bidez azal liteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.