Donostiako 66. Zinemaldia. KRITIKA. Perlak

Angolarik gordinenean

Another Day of Life filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'Un día más con vida / Another Day of Life'

Zuzendaria: Raul de la Fuente, Damian Nenow. Herrialdea: Euskal Herria-Polonia. Iraupena: 86 minutu.

Angola, 1975. urtea. Deskolonizazio prozesuak gerra zibila leherrarazi du. Bertan da Ryszard Kapuscinski kazetari poloniarra, bere argazki kamerarekin gertatzen ari dena erretratatu nahian. Bidean ezagutuko dituen pertsonaiek lagunduko digute egoera ulertzen, Kapuscinskiren egia lortzeko grinak bultzatuta.

Ariketa interesgarria burutzen dute Raul de la Fuente eta Damian Nenow zuzendariek; animazioa, artxiboko irudiak eta elkarrizketak uztartzen dituzte Afrikako gatazka luzeena izan zen Angolako gerra zibilaren lehen uneak kontatzeko. Animazioak sor dezakeen ipuin kutsu hori eta, batez ere, erabiltzen dituzten irudi poetikoek sortzen duten fantasiazko giro hori elkarrizketa eta artxiboko irudiek konpentsatzen dute, istorioa benetan gertatu zela gogorarazten baitute. Ikusleari zuzendutako astinaldi bat eskaintzen dute, errealitatearen pasarte baten lekuko izaten ari garela oroitaraziz, gerraren gordintasuna irudikatuz, eta, aldi berean, zinema pieza baten aurrean gaudela erakusten digute, ikus-entzunezko lengoaiarekin jolastuz. Oreka polita aurkitu dute zuzendariek.

Istorio gogorra da Another Day of Life-ek kontatzen diguna. Gerra luze baten eta horrek dakarren min guztiaren lagintxo bat erakusten digu. Baina Historiako halako pasarte latz baten kontakizunak eragin dezakeen sufrimendua eta inpotentzia alde batera utzita, apur bat hotz utzi nau filmak. Pertsonaia batetik bestera garamatza istorioak, benetan inor ezagutzeko aukerarik eman gabe. Seguruena Kapuscinskik berak ere ez zuen inor ezagutzeko astirik izan eta, beraz, azalekoak diruditen ezaugarri pare batek definitzen du pertsonaia bakoitza. Baina, filma amaituta, ez naiz protagonista bera ere deskribatzeko gai ikusi, eta horrek istoriotik urrundu nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.