Albistea entzun

Andre begiz, klik

Euskal Herriko estudioetan argazkigintzan aritu ziren lehen andreak Madame Moreno eta Beatriz de Azpiazu e Iztueta izan ziren; lehen argazkilari afizionatua eta aitortua, Eulalia Abaitua. Historialariek diote argazkigintzan aritu ziren andre aitzindari asko itzalean gelditu direla.
<b>Pilar de Zubiaurre. </b>Beste bi emakumerekin batera ageri da argazki bat ateratzen (ezkerrekoa da), Saturrarango hondartzan (Mutriku, Gipuzkoa). 1901ekoa da.
Pilar de Zubiaurre. Beste bi emakumerekin batera ageri da argazki bat ateratzen (ezkerrekoa da), Saturrarango hondartzan (Mutriku, Gipuzkoa). 1901ekoa da. ZUBIAURRE SENDIA Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko martxoak 9

Aurreko mendeko bigarren partean edo mende honetan jaiotakoentzat, kontu arrunta da argazki bat ateratzea eta norbere izenez sinatzea. Argazkigintza sortu ondorengo lehen hamarkadetan, ordea, andreek ateratako argazki asko senarren edo senide gizonezkoen sinadurarekin agertzen ziren. Euskal Herrian, emakume batek sinatuta ezagutzen diren aurreneko argazkiak Baionako Madame Morenorenak dira. Ondorio horretara iritsi da Juantxo Egaña historialaria, zenbait ikerketa egin ostean. 1860ko hamarkadan, Moreno senar-emazteek estudio bat zuten Lapurdiko hiriburuan. «Erretratu asko atera zizkieten Baionako herritarrei, eta hori da lehen aldia Euskal Herriko emakumezko bat argazkilaritzari lotua ageri dena», dio Egañak.


Madame Moreno. Juantxo Egañƒa historialariaren arabera, Baionako Madame Moreno da argazkigintzari lotua ageri den lehen euskal emakumea; 1860ko hamarkadakoa da argazkia (andrea, ezezaguna). JUANTXO EGAÑA FONDOA

Madame Morenok sinatutako argazki batean, garai hartako emakume bat ageri da soineko elegante bat jantzita. 1860ko hamarkadakoa da, baina historialariak ezin izan du jakin andrea nor den: «Ia ez dago informaziorik Madame Morenori buruz».

Bilboko Euskal Museoak, beste alde batetik, Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853-1943) argazkilariaren lana eman du ezagutzera azken hiru hamarkadetan. Karmele Goñi Auzmendi museoko zuzendari zela, erakusketa bat antolatzea eskatu zion Maite Jimenezi, 1990ean, emakume aitzindarien inguruan. «Orduan hasi nintzen Abaituaren argazkiekin lanean», oroitu du Jimenezek. Euskal Museoko artxibategiaren arabera, 1870ekoa da Abaituaren argazki zaharrenetako bat, Bilboko Areatzan ateratakoa. Duela 11 urte, Abaituari buruzko biografia idatzi zuen Jimenezek. «Euskal Herrian argazkilari aitzindaria izan zen. Emakume argazkilari afizionatu gisa, behintzat, hura izan zen Euskal Herriko aurrenekoa». Abaituaren 34 argazki jarri dituzte Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitzan. Erakusketa apirilaren 23ra arte egongo da ikusgai, eta, gero, Enkarterrietako Museora eramango dute (Sopuerta, Bizkaia).

Eulalia Abaitua, 1875eko argazki batean. EULALIA ABAITUA

Abaituaren lana, halaber, inspirazio iturri bilakatu da Ainhoa Urgoitia zinemagilearentzat. Norberaren gela dokumentala egiten ari da, Abaituaren ondarea «ikustarazteko» asmoarekin, Enrique Reyrekin batera eta Bitart New Media ekoiztetxearekin. Udaberrian estreinatuko dute lana. «Argazki proiektu batean lanean ari nintzela, erreferenteen bilaketa egin nuen, eta beti gizonezkoen erreferenteak azaltzen zitzaizkidan». Abaitua topatu zuen halako batean: «Haren lanak, haren begiradak eta garairako zuen modernitateak arreta eman zidaten». Dokumentalaren izenburua Virginia Woolf idazlearen liburu batetik hartu du zinemagileak: «Woolfek esaten zuen emakume sortzaile batek bere logela propioa behar duela sortu ahal izateko. Abaituak berak logela propio bat zeukan etxean, eta senarrak lagundu egiten zion argazkigintzan».


Abaitua eta bere senarra. Ainhoa Urgoitia zinemagilearen arabera, Eulalia Abaituak logela propioa zuen, eta senarraren laguntza izan zuen argazkigintzan aritzeko. EULALIA ABAITUA

Jimenezek azaldu duenez, «nahiko zabala» zen Abaituaren argazkien gaitegia: «Nekazarien eta arrantzaleen mundua erretratatu zuen; Bilboko eta Bizkaiko herrietako argazkiak topa daitezke, eta bere bidaietakoak». Jimenezek eta Urgoitiak nabarmendu dute argazkilariaren familiako argazkiak ere garrantzitsuak izan zirela. Jimenezek hala gaineratu du: «Jende arrunta bere zereginetan ateratzen saiatu zen». Halaber, Urgoitiak uste du Abaitua dokumentalista «oso ona» izan zela: «Emakume langile askoren bozgorailu lanak egin zituen, eta ikusgaitasuna eman zien. Testuinguruan ere jarri zituen». Zinemagilearen arabera, Abaituak «begirada propioa» zuen. «Erabili zituen teknikak modernoak ziren; adibidez, esposizio bikoitza».

Eulalia Abaituaren argazki zaharrenetako bat. Bilboko Euskal Museoaren arabera, Abaituaren argazki zaharrenetako bat 1870ean ateratakoa da. Irudian, Bilboko Areatza. BILBOKO EUSKAL MUSEOA

Familia burges batekoa zen Abaitua; horri esker izan zuen aukera argazkigintzarako tresneria erosteko. Jimenezek hala dio: «Argi dago diruduna izan behar zela argazkilaritzan aritu ahal izateko, bai Euskal Herrian bai munduan. Dirua behar zen tresneria guztia izateko». Urgoitiak ohartarazi duenez, ordea, «Badago diskurtso bat esaten duena familia burgesa zela, eta bazuela aukera ekonomikoa argazkigintzan aritzeko. Baina zenbat emakume burges zeuden, eta zenbat dedikatu ziren argazkigintzara?».


Beatriz de Azpiazu e Iztueta. Senarra hil ostean, estudioaren ardura hartu zuen, Gasteizen. Hark ateratako erretratu bat, 1885a baino lehen. JUANTXO EGAÑA FONDOA

Urgoitiari iruditzen zaio Abaitua bezalako euskal emakume gehiago egongo zirela XIX. mendean, baina Bilbokoa dela ezagutzen dena. «Hori da heldu zaiguna, baina garrantzitsua litzateke emakume argazkilari guztiei aitortza egitea».

XIX. mendean argazkigintzan aritu zen beste emakume bat aurkitu du Egañak: Beatriz de Azpiazu e Iztueta. Gasteizen estudio baten ardura hartu zuen Eduardo Lucas Moreno senarra hil zenean, eta argazkiak Viuda de Moreno y Salinas gisa sinatzen zituen. Egañak haren foto cabinet bat lortu du (erretratuentzat erabiltzen zen argazki mota, 1870-1880 inguruan). «1885ekoa baino lehenagokoa behar du izan».

Estudioetan lanean

XX. mendearen hasieran, Abaituaren argazkiez gain, badira Euskal Herriko beste andre batzuek ateratakoak ere. Bilboko Arte Ederren museoan, 2019an, argazki berezi bat erakutsi zuten Los Zubiaurre erakusketan: hiru andre azaltzen dira Saturrarango hondartzan (Mutriku, Gipuzkoan), kamera handi batekin, eserita dauden gizonei argazki bat ateratzen. Pilar de Zubiaurre da hiru andreetako bat, kamera eskuetan darabilena. 1901ekoa da irudia. Erreportajean ageri den lehen argazkia da azken lerrootan deskribatu dena.

XX. mendeko lehen hamarkadetan argazkigintzan jardun ziren beste zenbait emakume aurkitu ditu Egañak. Argazkilari «amateurren» artean, Isabelle Baignol topatu du, Ziburun (Lapurdi) jaioa. «1920ko eta 1930eko hamarkadetan aritu zen argazkiak ateratzen. Estudiokoak ere atera zituen».

1912an badaude Donostiako argazkilari baten erreferentziak: Mercedes Malkarenak. «Novedades aldizkarian zenbait erretrato argitaratu zituen», azaldu du Egañak. 1912tik 1929ra egin zuen lan argazkilari gisa. Historialariari nabarmentzeko modukoa iruditzen zaio, halaber, Carmen Resines: 1905ean saritu egin zuten Bilboko argazki estereostopikoaren erakusketa batean. Gainera, Donostiako Udaleko alkateorde izendatu zuten 1928an —Hego Euskal Herrian kargu hori bete zuen aurreneko emakumea izan zen—.

Egañaren arabera, XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran estudio askotan senar-emazteak aritzen ziren lanean: «Andreek lan guztiak egiten zituzten, baina bigarren planoan gelditu dira, itzalean. Lan asko gizonaren izenarekin sinatzen zituzten, nahiz eta andreek egin».

Hauek dira argazki estudioetan lan egin zuten andreetako batzuk: Agustina Zugasti, Urruñan (Lapurdi) jaioa, Ricardo Martin argazkilariarekin ezkondu zen, eta gizona hil zenean estudioaren ardura hartu zuen Donostiako Hondarribia kalean; Gasteizko Dato kalean, Perea argazkilaria hil zenean haren alabek hartu zuten estudioaren ardura; Iruñean, Lydia Anozek argazkilari lanak egin zituen Pedro Maria Irurzun senarrarekin batera, eta Donostian, Willy Kochen estudioan makina bat lan egin zituen haren arreba Carmen Kochek: «Dendan askotariko lanak egiten zituen: laboratorioan, estudioko argazkiak egiten...». Egañaren iritziz, emakume horiei guztiei ez zaie inoiz aitortzarik egin. «Baina nonbait agerian gelditu beharko du».

Nafarroan, Julia Zornoza Iriarte izan zen estudio batean argazkiei ukituak egiten aritu zen lehen emakumeetako bat. Etxalarren jaio zen, eta 36ko gerran errepresaliatua izan zen: atxilotu ostean, frankistek Altsasuko kaleetan barrena eraman zuten ilea moztuta.

Egañak XX. mendearen hasierako beste argazkilari batzuen lanak topatu ditu: besteak beste, Petra Romerorena (Donostia), Pastora Castrorena (Irun, Gipuzkoa), Camille Desirerena (Tolosa, Gipuzkoa) eta Maritxu Irustarena (Eibar, Gipuzkoa). Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Jacqueline Konarzewskaren argazki bat, berriz, XX. mendeko historiaren parte da: 1944ko uztailean, Donibane Lohizuneko Gambetta kalean, jende andana ageri da naziengandik liberatu izana ospatzen.

Jacqueline Kornazewska argazkilariak 1944ko uztailean Donibane Lohizunen (Lapurdi) ateratako argazkia. Izenburua: Cortège accompagnant une femme rondue à la liberation. JACQUELINE KORNAZEWSKA

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Aktore ezagunak, eta euskaldunak

Elkanori buruzko telesail bat grabatzen ari dira Getxon

Urtzi Urkizu

RTVEren eta Amazon Prime Videoren 'Sin límites' telesailaren grabaketak Euskal Herrian abiarazi dituzte. Simon West zinemagilea da ekoizpenaren zuzendaria.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Elkarte kultural eta artistiko bat sortu nahi dugu»

Jone Arruabarrena

Mermaid Zine proiektua sortzen ari dira Rodriguez eta Zabaleta: artea zabaltzeko baliatuko dute egitasmoa, eta jarri dute lehen erakusketa.
Australiako <em>Hardball</em> telesaila ostiraletan hasi da ematen ETB1. Gaztetxoei zuzendutako komedia bat da. ©ETB

'Hardball' Youtuben ere estreinatu du ETBk, eta bide hori baliatuko du

Urtzi Urkizu

Orain arte, ETBk geroago jarri izan ditu edukiak Youtuben; zenbait kasutan, ez ditu bertan jarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna