Europarren erroetara begirada

Izotz Aroko argazkiak batu dituzte San Telmo museoan, «Europako kultur ondarea zabaltzeko»

Gaurko eta orduko gizarteak kontrajarri nahi izan dituzte, batzuen eta besteen arteko aldeak ez direla hain handiak erakusteko. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Europako hainbat hiritan izan ostean, Donostiara eraman dute Ice Age Europe Now erakusketa: Europako Izotz Aroko aurkikuntzen «kalitate eta formatu handiko» argazkiak batu dituzte San Telmo museoaren atarian. Ekainaren 10era arte egongo da ikusgai, une oro: dena den, bisita gidatuak egingo dituzte asteartetan, larunbatetan eta igandeetan, euskaraz zein gaztelaniaz. Erakusketaren bidez, 2018ko ondarearen urte europarrari ekarpena egin diote, horrela.

Euskal Herrian topatu diren historiaurreko aztarnak eta Europako beste zenbait txokotan egin diren aurkikuntzak batu dituzte erakusketan, Juanjo Aranburu Ekainberriko arduradunak azaldu duenez. Zuloaga plazako hamabost paneletan elkartu dituzte, besteak beste, Ekainberriko zaldiak eta Altamirako bisonteak (Kantabria, Espainia).

Ice Age Europe sareak antolatutako erakusketa da, eta Euskal Herriko hiru ordezkarik parte hartzen dute: Ekainberriko, Izturitze eta Otsozelaiko eta Santimamiñeko kobazuloak. Horren parte dira, halaber, Alemaniako, Belgikako, Kroaziako, Espainiako, Frantziako, Italiako eta Erresuma Batuko zentro gehiago. Hain zuzen, hausnarketarako esaldi bana dute panelek, euskarazkoak barne: erakusketarekin batera bidaiatuko du Europan barrena, hortaz, euskarak.

«Gaurko eta orduko gizarteak kontrajarri nahi genituen: gure galderetako bat da ea zertarako balio duen ondareak, eta gure nahia da gaur egunerako baliagarria izatea», nabarmendu du Aranburuk. Oso urrutiko iruditu arren, lehengo eta gaurko arazoak ez direla oso diferenteak erakutsi nahi izan dute: «Beste mundu batekotzat ditugu, eta gu aurreratuagoak garela uste dugu: erakusketa ikusita, beharbada, zalantzan jarriko dugu ideia hori».

Homo sapiens-ak eta neandertalak batera erakusten ditu lehenengo panelak: «Neandertal bat, bere itxura naturalean, gaur egungo janzkera edo moduetara eramango bagenu, ez luke atentzio berezik deituko», dio Aranburuk, barre txikiarekin. Bi espezieen arteko bizikidetza nolakoa izan zen aztertzen ari dira zientzialariak, Aranburuk azaldu duenez: «Zalantzan ari gara jartzen orain arte egitatetzat genituen gauzak: ikertzen goazen heinean, kontakizun bakar hori ez da hain bakarra, eta konplexuagoa bihurtzen da».

Plastikoak aztarna gisa

Izotz Aroko gizakien bizimodua islatzeaz gain, hausnarketa bultzatu nahi dute, batez ere, erakusketaren bidez. «Gaur egun, erronka handiak ditugu migrazioei eta klima aldaketari lotuta, eta erakusketa honek balio dezake horiei nola aurre egin pentsarazteko», azaldu du Aranburuk.

L forman jarri dute erakusketa, San Telmo museoaren ataritik hasita ikusteko pentsatuta. Azken panelak ematen du zer pentsatua: «Irudikatu nahi izan dugu guk utziko dugun balizko aztarnategi bat: guk tresnak edo hezurrak topatzen ditugu, baina zer topatuko dute etorkizunean? Bada, batik bat, plastikoak».

Gipuzkoako Turismo diputatu Denis Itxasok «elkarlanaren espiritua» nabarmendu du, kasu honetan, Gordailuaren, Ekainberriren eta San Telmo museoaren artekoa. Halaber, nabarmendu du Ekainberri Ice Age Europe sarean egotea bere garaian egin ziren aurkikuntzei eta aldundiak Ekainberriren erreplika antolatzeko apustuari esker izan dela: «Ordutik hona aurrehistoriako ondare horri guztiari garrantzia ematen saiatzen gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.