2020. urteko krisiak beste 22.500 langabe gehitu ditu Hego Euskal Herrian

Ia 50.000 lagun daude aldi baterako enplegu erregulazioan, eta horrek eragotzi du langabezia gehiago handitzea. 2019an irabazitako enplegua desagertu da

Iker Aranburu - Irune Lasa
2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Arrasto sakona uzten ari da koronabirusaren krisia Hego Euskal Herriko lan merkatuan. Urtebeteko epean, 22.517 lagun gehiago batu dira enplegu bulegoetako langabeen zerrendara. Beste hainbeste jaitsi da langileen kopurua, erreferentzia gisa hartuta zenbat lagun ari diren Gizarte Segurantzan kotizatzen: 2020ko abenduan baino 24.212 gutxiago dira. Bestela esanda: 2019an sortutako enplegu guztia galdu da 2020an, baina ez gehiago. Gaur egungo langabe kopurua ikusteko —169.877—, berriz, atzerago egin behar da, 2017ko irailera.



Zenbaki beltzak dira, agian ez ezkorrenek uste zuten bezain beltzak, baina oso litekeena da beste koska bat okertzea urtearen hasieran, urtarrila izan ohi baita hilabeterik kaskarrena lan merkatuarentzat. Iaz, COVID-19a Txina urruneko gaitz bat zenean, 13.500 kotizatzaile galdu zituen Hegoaldeak, eta 4.100 lagun gehitu ziren langabeen zerrendetara.

LANGABEZIA
Nafarroan, okerrago

Abendua, berez, ez da txarra izan Hego Euskal Herriko lan merkatuarentzat. Azaroan baino 2.096 langabe gutxiago zeuden Lanbiden eta Nafar Lansaren. Aurreko urteekin alderatuta, datu txukuna da: 2019an, igo egin zen langabeen kopurua hilabete horretan (+1.167); 2018an, 2020an bezainbeste jaitsi zen (-1.998).

Abenduak eten egin du industriaren bilakaera txukuna (+967). Zenbaki hobeak eman dituzte zerbitzuek (-2.161) eta aurretik enplegurik ez zutenek (-1.046).

Lurralde batetik bestera, ordea, bada alderik. Azaroan baino langabe gutxiago daude Bizkaian (-2.172), Gipuzkoan (-781) eta Araban (-243), baina gehiago Nafarroan (+1.100). Azken lurralde horren bilakaera hobea izan zen pandemiaren hasieran, baina nabarmen okerragoa azken hilabeteetan. Horrela, urtearen amaieran 40.637 langabe erregistratuta zeuden Nafarroan, ia maiatzean zeudenak (41.137), ekonomia sei asteko itxialdi batetik motel irekitzen ari zenean.

Beste hiru lurraldeetan, ordea, abuztuan jo zuen goia langabe kopuruak (146.450), baina orduz gero hilero jaitsi da: abuztuan baino 17.210 langabe gutxiago zeuden abenduan.

Bilakaera desberdin horren ondorioz, Nafarroako langabezia tasak (%13,9) gainditu egin du Bizkaiarena (%13,7), eta hori ez da aspaldi ikusi. Gainetik dute Araba (%14,4), baina lurralde horretako datuetan gorabehera handiak izaten dira, INEren biztanleria aktiboaren inkestak lagin txikia duelako. Gipuzkoa azpitik dago, ohi bezala, %10eko tasa baitu.

SEXU ARRAKALA
Handia da, baina ez da handitu

Ohikoa da emakumeentzat lan merkatua zailagoa izatea gizonentzat baino. Prekaritate tasa handiagoak dituzte, soldata txikiagoak jasotzen dituzte, eta, gainera, haietako gehiago daude lanik gabe. 2020. urtearen amaieran, 93.566 andre zeuden langabezian, eta 76.311 gizon. Hau da, langabeen %55,1 emakumeak dira, eta %44, 9 gizonak.

Edonola ere, egoera hori ezin zaio leporatu COVID-19ari. Otsailean, konfinamendua hasi aurretik, langabeen %57 ziren emakumeak, eta %43 gizonak. Hamar hilabete geroago, nabarmen handiagoa da emakumeen langabezia tasa, baina proportzionalki gutxiago goratu da —%%13,3tik %14,6ra—, gizonena baino —%9,3tik %11ra—.

ERREGULAZIOAK
8.000 gehiago

Barne produktu gordina %10 inguru jaitsita, espero zitekeen langabeziak erraz asko gaindituko zuela 200.000 lagunen muga, eta mende honetako kopururik handienera hurbilduko zela, 2013ko martxoko 235.826 horietara. Zorionez, halakorik ez da gertatu, faktore bati esker: ABEE aldi baterako enplegu erregulazioak. ABEEak ez dira berez gauza berria, baina oso gutxi erabiltzen ziren krisi hau iritsi arte. Espainiako Gizarte Segurantzaren azken datuen arabera, abenduaren amaieran 49.659 langile zeuden aldi baterako enplegurik gabe edo lanaldi murriztuarekin.

Azaroarekin alderatuta, ia 8.000 gehiago daude erregulazioan. Pentsatzekoa denez, batik bat ostalaritzari lotutakoak izan direla. Azaroaren 26an jaso zuten berriro zabaltzeko baimena Nafarroan, sei asteko itxieraren ondoren, eta abenduaren 12an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Edukiera eta ordutegia murriztuta dauzkatenez, ostatu gehienak langile gutxiagorekin ari dira lanean, eta batzuk itxita daude oraindik. Edonola ere, zenbakietan ikus daiteke Gabonetan langile batzuk berreskuratu dituztela tabernek eta jatetxeek, abenduan batez beste baino 4.400 gehiago egon direlako aldi baterako erregulazioan hilabete amaieran baino.

Erregulazioan daudenen kopuruak apirilean jo zuen goia (230.000 lagun), tabernak ez ezik denda gehienak eta industriaren zati handi bat ere itxita egon zirenean. Orduz gero, txikitu egin da kopurua, eta urrian jo zuen behea, 25.000 langilerekin.

Gaur egun indarrean dauden ABEEei buruzko baldintzak urtarrilaren amaieran dira amaitzekoak. Espainiako Gobernuak, CEOE patronalak, eta CCOO eta UGT sindikatuak bihar hasiko dira negoziatzen hortik aurreragoko baldintzak. Sisteman aldaketa handirik ez egitea da Madrilgo agintarien asmoa.

KONTRATUAK
Mugagabeak %7,5 dira

Apaldu den enpleguari sortu ez dena batu behar zaio. 2020an 1,5 milioi kontratu inguru izenpetu dituzte Hego Euskal Herriko enpresek eta administrazioek. 2019an baino 455.000 gutxiago da hori (-%31).

Aldaketa handirik ez da izan, ordea, kontratazioaren izaeran: kontratuen %7,75 baizik ez dira mugagabeak izan, 2019koaren antzeko kopurua (%7,77). Abenduan are txikiagoa izan da kopurua (%6,76), baina hori ohikoa da, Gabonei lotutako kontratazio laburren ondorioz.

LANGABEZIA SARIAK
Estaldura gora

Urtebetean %27,7tik %34,5era handitu da langabezia sari arruntaren estaldura, baina datu horiek tranpa bat dute, erregulazioan daudenek jasotzen dituztenak ere sartzen direlako, administratiboki langabezian ez izan arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.