HAUTAGAIAK

ANDY RAIN / EFE.
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Theresa Mayren ordezko izateko 11 hautagai aurkeztu dira oraingoz; gainontzekoek etzira arteko epea dute hautagaitza aurkezteko. Hautatua Alderdi Kontserbadorearen buruzagi bilakatuko da, baita Erresuma Batuko lehen ministro ere; alderdiak uztailaren 22ko astean esango du nork irabazi duen. Lehenik brexit-a gauzatu, eta gero boz orokorretara deitu; bide orri horren alde agertu dira barne lehian parte hartuko duten hautagaiak.

BORIS JOHNSON
Faboritoak gehien polarizatzen du

Kontserbadoreen oinarrien faboritoa da, hautagairik gogokoena, eta Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak hainbatetan goraipatu du, esanez merkataritza akordio «itzela» adostuko duela harekin Erresuma Batua Europako Batasunetik (EB) ateratzen denean. Babesak ez zaizkio falta, baina, bestalde, Boris Johnsonek (New York, AEB, 1964) arazo bat du, eta gerora hori izan liteke erabakigarriena: alderdikideen artean gehien polarizatzen duen hautagaia da.

Londresko alkate ohia zortzi urtez egon zen kargu horretan— figura xelebre bat bilakatu da, bere adierazpenen eta ekintzen ondorioz: ohiko bilakatu da Londresen bizikleta gainean ikustea, soinean gorbata eta trajea dituela; oihartzun handia izan zuen, gainera, 2012an gertatu zitzaionak: blokeatuta geratu zen Victoria Parkeko tirolina batean, Erresuma Batuko bi bandera eskuan. Figura horren beste adibide bat da Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteari buruzko olerkirik iraingarrienaren lehiaketa irabazi zuela, 2016an; saria 1.129,6 eurokoa izan zen.

Johnson, bada, kosmopolita samarra da, ziurrenik brexit-aren aldekoen arten gehiena. Turkiako arbasoak ditu, AEBetan jaio zen —2016an egin zion uko herritartasunari—, eta Bruselan pasatu zuen haurtzaroaren parte bat, aita Europako Batasuneko (EB) funtzionarioa baitzuen; halere, talde komunitariotik ateratzearen aldekoen figura garrantzitsuena bilaka liteke.

Atzerri ministro izan zen 2016tik 2018ra, Mayren gobernuan. Kargua duela 11 hilabete utzi zuen, Bruselak eta Londresek adosturiko akordioaren aurka baitago. Esan du lehen ministro izaten bada herrialdea prestatuko duela itunik gabe irteteko, eta Bruselara itzuliko dela berriz negoziatzera Irlandako mugarako protokoloa —backstop delakoa—. EBk esana du ez duela horretarako asmorik, eta, kasu horretan, Johnsonek adierazi du akordiorik gabe aterako duela herrialdea urriaren 31n.

MICHAEL GOVE
«Batasunaren hautagaitza» aurkeztu du

Boris Jonhsonekin batera, Michael Gove (Edinburgo, 1967) izan zen Leave kanpainaren aurpegirik ezagunena. Galdeketaren ostean, askok traiziotzat jo zuten Johnsonen aurka aurkeztu izana tory-en buruzagi izateko; orain, ordea, ospea berreskuratua du, eta «batasunaren hautagaitzat» aurkeztu du bere burua. Brexit-aren auzian konpromisoa erakutsi du, bozketa guztietan egin baitu Mayren itunaren alde; esana du akordiorik gabe irtetea ez dagoela «Britainiaren interesen artean».

DOMINIC RAAB
'Backstop'-a begitan hartua du

Dominic Raabek (Buckinghamshire, Ingalaterra, 1974) azaroan utzi zuen Brexit-erako ministro kargua, kritikoa baita bi aldeek adostu zuten itunarekin. Desadostasunak Irlandako mugako protokoloaren —backstop-a— inguruan ditu, eta hori berriz negoziatu nahi du, EBk esana duen arren ez duela egingo. Sektorerik gogorrenaren ordezkarietako bat da, eta EBtik irtetearen aldekoa.

ANDREA LEADSOM
May amiltzea eragin zuen

Andrea Leadsom (Aylesbury, Ingalaterra, 1963) 2016ko barne lehiara ere aurkeztu zen, baina hautagaitza bertan behera utzi zuen honako hau iradoki zuenean: «[May baino] Hautagai hobea naiz ama naizelako». Uste du herrialdeak prest egon beharko lukeela EBtik itunik gabe ateratzeko. Maiatzera arte gobernuaren eta parlamentuaren artekoharremanaz arduratzen den ministroa izan zen; hark dimititzea erabakiagarria izan zen Mayk ere dimisioa aurkezteko.

JEREMY HUNT
'Remain'-etik 'leave'-rako saltoa egin du

Jeremy Hunt (Kennington, Ingalaterra, 1966) hautatu zuen Mayk Jonhsonen ordezko izateko Atzerri ministro karguan. EBn geratzearen alde bozkatu zuen galdeketan, baina harrezkeroztik jarrera aldatu du, eta irteeraren aldekoa da. Prest agertu da urriaren 31ko data atzeratzeko, negoziazioak errazte aldera, eta esana du itunik gabeko brexit-a «suizidio politiko bat» izango dela.

SAJID JAVID
Alderdiaren sektore eskuindarrena ordezkatuko du

Sajid Javidek (Rochdale, Ingalaterra, 1969) sektorerik eskuindarrena ordezkatzen du. Galdeketan EBn geratzearen alde bozkatu zuen, baina inoiz ez ditu ezkutatu bere iritzi euroeszeptikoak. 2016ko erreferendumaren emaitza gauzatzeko egingo du lan, gobernuan sartu zenetik hainbatetan esan duen bezala; Erresuma Batua urriaren 31n atera dadila nahi du. Barne ministro da iaztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.