Indarkeria matxista

Baionako bestetan talde bortxaketa bat gertatu dela salatu dute

Caroline Parizel prokuradoreordeak esan du bi gizonek emazte bat bortxatu zutela erasotzaileetako baten etxean, ortzegun gauean

Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza, Baionako suprefeta eta Baionako prokuradoreordea. GUILLAUME FAFUVEAU.
Ainize Madariaga
Baiona
2022ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Baionako aurtengo bestak orokorrean giro «jabalean» eta «onean» gertatu badira ere, azpimarratzekoa da talde bortxaketa bat gertatu dela eta hamaika lagunek kexa ezarri dutela baizik eta ziztatu dituztela, arduradunek atzo eginiko agerraldian jakiterat eman zutenez.

Talde bortxaketa ortzegun gauean gertatu zen: bi gizonek emazte gazte bat bortxatu baitzuten, erasotzaileetako baten etxean, Baionan. «Egileak kontrol judizialaren esku ezarri dituzte larunbataz geroztik», zehaztu du Caroline Parizel Baionako prokuradoreordeak.

PAF alternatiba feministaren aldeko elkartearen izenean mintzatu da Nathali Riobe, eta ez dator bat aurtengo besten bilan baikorrarekin: «Bortxaketa eta eraso sexista zein sexualik dagoen bitartean ezin dugu bilan baikorrik atera. Zenbaki ofizialek kopuru batzuk erakusten dituzte, baina oso zaila da zinez jakitea zenbat izan diren. Egia da aitzineko bestei alderatuz gutiago egon direla. Alta, hau ez da akitu: egunerokoa da gure guduka».

Baliteke ondoko egunetan gertakari gehiagoren berri jakitea, biktimek ez baitituzte kexak beti jartzen, edo ez berehala. Andree Diarte Planning Familial elkarteko koordinatzaileak, adibidez, hala kontatu du: «Larunbatean emazte gazte bat eraso sexual batez kexatu da, baina ez du kexarik ezarri; ez dugu elementu gehiagorik».

Sentsibilizazioan urratsa

Baionako Herriko Etxearekin eta bertze hainbat elkarterekin batera, aurten ere Maina harrera gunea muntatu eta koordinatu du Planning Familial elkarteak, bortizkeria sexista eta sexualei aitzi egiteko. Diartek bilan orokor baikorra egiten du: «Ziztadak ez ziren gure eskumenekoak. Gure esku dira batez ere eraso sexual eta sexistak, ez dira hainbeste izan; nahiz eta anitz kexatu diren ipurdia edota titiak ukitu baitizkiete, bai ere laido sexistak pairatu baitituzte. Betikoak dira: gaizki bizitzen dira eta erran egin behar da, baina ez da haragokorik izan. Beraz, oro har baikorra da gure bilana».

3.045 laguni banatu diete gaiaz informatzeko materiala, eta orotara 2.090 lagunekin mintzatu dira, izan karriketan barrena, edota Maina harrera gunean, Xaho kaitik hurbil: «Denbora anitz pasatu dugu sentsibilizatzen. Aurten askoz jende gehiago interesatu da gaiaz, sentitzen da interesa orokortzen ari dela, zinez baikorra da hau». Eraso sexistez gain, hiru emazte gazteri harrera egin zieten, ustez GHB bota baitzieten basoetan: «Egiten zutenaren kontzientzia galdua zuten, gaizki izan dira. Haietako batek bere burua Errobirat bota nahi izan du, bertzea arrunt nahasia zen... Ostatu batean izan da, Plaza Berdearen parean». Badirudi oraingoz ez dutela kexa ofizialik ezarri.

Aurtengo bestek bazuten bertze arrangurarik: ziztada salbaiak. Prokuradoreordeak hala xehatu du: «Herritarrak zinez kezkatuak ziren; horregatik, sistema berria ezarri genuen martxan. Bereziki prestatuak ginen ziztadei aitzi egiteko, baina baikorki harrapatuak izan gara. Ikusiz bestetarat zenbat jende bertaratu den, zinez guti izan dira hala baieztatuak: hirurogei baino gehiago agertu dira ziztadez arranguraturik, haietarik hamazazpiri egin diote odol analisia, eta hamaikak kexa ezarri dute. Orokorrean giro goxoa zen. Indar polizialak ikusteaz ere kontent zen jendea». Oroitarazi du milioi bat lagun baino haboro izan direla, ororen buru, jende guti arriskuan ezarririk.

Philippe Le Moing-Surzur Baionako suprefeta ere zentzu berean mintzatu da: «Ziztadez bazen arrangura; fenomeno aski beldurgarria izan zitekeen: dispositiboa ezarri genuen martxan zeina gai baitzen jende franko tratatzeko. Baina susmoa genuen laztura handiagoa zela egitatea baino, eta zenbakiek arrazoia eman digute: hamazazpi odol analisi egin dira, eta hamaika kexa ezarri. Gehiegi badira ere, ez dira izan batzuek uste zuten bezainbeste».

Satisfos hartu du hitza Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak: «Urostasuna erdietsi dugu, partez, segurtasun neurriei esker. Eskertzen ditut segurtasunaren alde lanean aritu diren guziak». Baionako besten 90. urtebetetzea giro «jabalean» ospatu dela azpimarratu du. Garraio sistemaz ere zinez kontent agertu da, kontuan hartuz besten bezpera arte tren txoferrak greban egon direla.

Bestak, diru ekarle ere bai

Elkarteak ere zinez kontent jalgi dira. Lukas Hiriartek, konparazione, Gazte Asanbladaren izenean erran du «usaiako giro onean» pasatu direla bestak Patxa plazan: «Bilana baikorra da. Erasorik ez da izan, ez ziztadarik. Sekula baino jende gehiago egon da».

Baionako bi ikastolak biltzen dituen BIL elkarteko Peio Lambert ere pozik aritu da besten bukaeraz: «Dena ontsa pasatu da, giro biziki onean; plazer egiten du berriz atzematea jendea, dantzariak eta musikariak». Franck Cerramon Miarritzeko ikastolako lehendakariak ere bilan baikorra atera du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.