Koldo Izagirre

Bi dohakaberen ustezkoa

2021eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Tarrapataka abiatu da. Eskaileretarik. Hirugarreneko argibonbilek badute hiru bat aste husturik, baina 3A, 3B, 3C eta 3Dko bizilagunak ez dira printzarik arduratuko. Alda ditzala 6Akoak, zertarako izendatu zuten bestela komunitateko lehendakari? Atzeko batean erorka txatxu bat egiteko kinkan egon zen ilunarte horretan. Txatxua, hots, mokorra apurtu edo txurnioa urkatzen duten borrerorka horietakoa.

Inor guti karrikan, epel usainik ez. Eta hala ere, eskuak sakelan sartu gabe egin du aitzina.

— Kontuz, lagun!

Balkoietara behatu du. Leiho guztien betazalak zarraturik oraindik. Asteroko sexu automatikoa edo. Aitzina aurrendariok.

— Kontuz, lagun, faborez!

Parke hondatu berriko zanbuluak eta aspaldi iraindutako platanondoak. Aitzina aurrendariok.

— Kontuz, lagun, kontuz minik eman gabe!

Eman? Min eman 5Cko Olatz G.k? Hartzeko dabil eta! Aitzina aurrendariok burua lurruntzen.

Zer edo zer ahomentatuko dio 6Ako ganorabakoari. Ez, ez dio fitsik aipatuko. Berak beteko bonbilak argiz, 5Cko nik neuk. Beti bezala. Zapata kaxa bi dauka Philips, Garza, Lexman, Megaman, Clartech, StarLight, ExtraStar eta Attraluxez lepo. Argitasunaren gosesioan bizi da.

— Kontuz, geldi bertan!

Apaldu egin du burua ihartzen hasiak diren hortentsia urdinei arreta ukatuz. Gelditu egin da. Bide bazterra oinezkoena dela adierazten duen intxixua dauka begipean. Eta gutixkoz oinpean ere hartu ez badu. Tai-Txiko monitoreak irakatsi moduan jarri da pikotxean, gerria behartu gabe, belaunak flexionatuz, ikusi duena trufa optikoren bat ote. Zinezko egia, landaretxo bat ari zaio sortzen oinez ibiltzeko espazio mugatuan zoazela adierazten duen intxixu etzanari. Sendabelarra izan liteke, sendabelarra ttentte bere lilitto gorriarekin makadamaren ekokimika toxikotik eguzkitara intxixu zuriztatuaren besaurrean.

Eskua eskaini dio barkamena eskatuz. Alferrik ordea.

— Denborak ez dauka astirik.

Hori omen da gizartea burutik eginda daukan alderazioa.

— Inor asti premian bada, denbora da!

Nongo ikertzuloko arranparrilan erreziklatu ote dute ergel inteligente hau?

— Denbora murriztuan bizi gara. Kendu besterik ez diogu egiten astiaren harrobitik. Denborarena zen espazioa inbaditu dugu.

Clartech, StarLight, Osram, Extra-Star eta Attraluxe watt batzuk beharko ditu Olatz G.k, egia esan, izakil dohakabe honen elekeriatik ondorio jasangarriren bat asmatzeko.

— Heldu eskuari, lagunduko dizut altxatzen.

Ezetz ostera intxixuak, etzanean egotekoa dela beti, bizikleten eta odol zein elektrika indarreko patinen pirrilek zanpa dezaten, baita bera bezalako gorren zapatek ere.

— Duela kilometro bat esan dizut kontuz ibiltzeko. Duela kilometro erdi,kontuz ibiltzeko faborez. Duela kilometro laurden, ez emateko minik. Lau leku desberdinetan etzanarazi nauzu aldi berean! Neure egonarri pertsonala gastatzen aritu zara!

— Burua lurrundu didate argibonbilek, barka iezadazu halako esker txarra, zu hemen gu zaintzen beti hankapeko eta...

— Ez erruki nitaz, badaude ni baino dohakabeagoak.

Ez dio onik egin intxixuaren apal antzeko harrokeria horrek Olatz G.ri. Eskuari muzin eta errukiari zaputz? Hats erre bat hesteetarik goiti.

— HorraOlentzero, Errege Magoei adarra jotzen zien hori eta bera berbera adibidez. Ikusten duzu hor? Papa Noel bezalako gaztagin amateur baten aurka eskalada urbanotan lehiatzen balkoietan... Ez dea ahalkegarri? Papa Noelekin erronkan egun argiz, mozkortu eta Euskal Herri osoan lapurtu eta oparitu etxez etxe ibili ordez etxeko helbidea galduta! Olentzero, izan hintzen eta ez dakik!

— Eta zu, zer izan zinen zu, zer zara izan ez zinena?

—Zuek ez dakizue inor eta ezer itxaron gabe itxaroten. Abiadura bizian bizitzea bizitza laburtzea da. Hementxe nago ni, laster ikazkin ohi hori neure gainean erortzeko arriskuan dela jakinagatik, inora abiatu gabe ni. Neure egonarritik ematen. Denborari.

Baiki, ergeldo hau okertegi intelektualen baten zemaitza dugu. Herritar sumituaren potrotipoa. O, bai! O, bai ni zure lagun...!

— Eta zuk ba al dakizu pazientzia betetzen zaidanean zer datorren?

Irriño anker bat zintzilik duela.

Olatz G.k errukirik gabe ireki du intxixuaren sabela alderik alde. Aizto gaiztoz. Eta harri kozkorrez bete dio, predikatzen duen egontasuna betikoagotzeko. Bihotz hotzez. Ondoren, zuztarretikerauzi du lilittoa intxixuaren besaurretik.

— Madarikatua! Madarik…!

Etxerantz hartu du heriosuhar denborari astirik eman gabe historiakalteratzeko, etzanik topatu dituen intxixu guztiak zanpazapartatuz belartxoa salbatu nahiaren handiz.

— Olatz, ezer itxaron gabe itxaroten ikasi behar duzu, inor itxaron gabe ikasi behar duzu itxaroten, ezer itxaron gabe...

Eskutik jausi zaion lilitto gorrixkak, noski, belarrira. Laztasun laztantsuz. Hirugarren solairuko iluntasunean, bere zain zegoen erorka txatxua egindakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.