Koldo Izagirre

Gezur maitale dohakabearen gehiegia

2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Egiaren ogia... hitzen hotsantzak halabeharrez oratua. Gogolan gozoan murgildurik, egiaren ardoa etorri zaio. Egia batekoz bestera hartu eta hona hemen gezurra. Biribilketa simetrikoetan jarraiturik, gezurraren hezurra sortu zaio. Halabeharrez, noski. Hezurra, muinaren kutxa. Zein ote da egiaren ogiaren muina? Eta egiaren ardoarena?

Ametz basoan barrena gezur maitale dohakabea ordu erdigeroago. Ametzaren orria, haritzaren orria. Zenbatek daki bereizten? Egia eta gezurra bezain hurre bata bestearen.

Garuna irakiten beti, dohakabeak.

Epimenides lagunaren deia, elkarrekin bazkaltzeko aukera.

Ezin diola ziurtatu, egiteko gogor batean ari dela une honetan eta ez duela berehala amaituko.

Egiteko gogor batean, egiazki?

Bai zera egiazki, gezurretan!

Zergatik esan behar dut egia, zergatik erakutsi behar diot inori neure barrua? Egia ez esatea, gezurra esatea ote? Egia beti berbera? Inoiz aldatzen ez? Eta, nola liteke, aldatu arren, egia beti egia izatea? Nolakoa ote da egiaren abegia? Ezagutzen du inork egiaren amildegia? Zenbat hitzek osatzen dute egiaren aurpegia? Nongo adarretan dago egia eskegia? Inork badaki zertara datorren egiaren estrategia? Nork zabaltzen eta zarratzen du egiaren gordegia? Zerk frogatzen du egiaren zilegia? Zein ote da egiagoa, egia ala alegia?

Gezurra zibilizazioaren lorpena da, irudimenaren emaitza.

Gezurraren funtsa babesa da, egiarena erasoa.

Egia sinetsi egin behar den diktadura da.

Babestutako igelen putzu aldera jo du, han umeak asteburuetan, orain inor ez. Bizipentsamendu bitakora ateraorduko Epimenides berriro deika.

Erreserbatu dinat, platanondoen gerizpean ordu bi eta erdietan.

Saiatuko nauk.

Inork egin ote du egiak sortu gerlen kontaduria? Egiaren ifrentzu perfektua gezurra baldin bada, gezurra izan liteke bakea. Zenbat egia, hainbat gatazka. Azken finean, egia ez ote da iritzi bat? Zenbat egia behar da egoera bat ulertzeko? Begiaren egia. Esan al genezake, ordea, egiaren begia?

Ez, egiak gure begia behar du.

Egia itsua da.

Hasperen egin du, etsipentsamendu bitakora itxiz. Ari da zer edo zeraitzinatzen Atenea aldizkarikoek eskatu dioten lanean. Ez zaio damutu baietza emana, baina egia utzi eta gezurrari buruz egin nahi luke gogorreta. Altxatu eta jatetxeko bideari lotu da, igelen adioari gor.

Egia, itsua denez, inpudikoa da.

Esaldia idazten hasi ez eta Epimenides behor zurian hankarkulu. Segitzeko agindu dio, bera oinez helduko delaordu laurden barru.

Egia ala gezurra?

Garuna ketan.

Jabea bezain paradoxazale, filosofoaren behorra basamailukiak jaten ari da bide bazterrean, belarrari uzkur.

Brisa epela platanondoen abaroan.

Egia eta gezurra inguruko mahaietan, erleak iduri.

Lan gehiegi egiten dun, gehiegiak gainez egiten din.

Eta irriƱo itun bat gezikatu dio Epimenidesek gezur maitale dohakabeari.

Gezurra esan dinat.

Ez diat lan askorik egiten.

Egia baldin bada gezurra esan dudala, zer esan dinat, gezurra ala egia?

Gezurra esan duk, gezurretan aritu haizelako.

Gezurra baldin bada gezurra esan dudala, zer esan dinat, gezurra ala egia?

Egia esan duk, gezurretan aritu haizelako.

Kafeondoko whisky algara egin du Epimenidesek.

Gezur maitaleak komunerako bidea hartu du.

Alferrik ari haiz, astia izan dinat aurretik ordaintzeko, hogeita bost minutu.

Egia ala gezurra?

Komunaren abaroan, gehiegia idatzi du letra larriz bere despentsategian. Ez daki errealitateaz haratagoko edo oinarri fisikorik gabeko egia idoro duen, ez dio ardura. Kontzeptu berri baten atarian da, egiaren aniztasuna adierazteko balio lezake, ausaz. Egiaren gaineko egia: gehiegia. Eta erietako antxoa kiratsa garbitukeran gezurraren beldurraz eta gezurraren ezkurraz inplikatu du garuna urrikalmen garau barik gure gezur maitale dohakabeak.

Egunero ikusten, entzuten eta irakurtzen duela ustetu zaio gehiegia izenda litekeen hau.

Egiaren eta gezurraren sinestesia.

Gehiegia, oraingoz, gezurra hainbat maite lezakeen berba du.

Edozelan be, xeheki errebasatuko du hau dena hau igelen putzuan. Edo Epimenidesek Kretan erosi berri duen hondartzan. Gezurraren gehiegia ez bada behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.