Egutegi gero eta zabalagoa

Lau lasterketa berri erantsi zaizkio emakumezkoen World Tourrari. Elitean hamabost talde ariko dira, tartean Movistar.

enaut agirrebengoa
2023ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Hazten jarraitzen du emakumezkoen ziklismoak. Horren erakusgarri da World Tour egutegia: lau proba gehiago jokatuko dira aurten goreneko mailan, 31 guztira. Iaz, Frantziako Tourra eta Euskal Herriko Itzulia izan ziren berritasun nagusiak, eta sasoi honetan Arabiar Emirerrietako eta Suitzako itzuliak eta Omloop Het Nieuwsblad klasikoa gehituko zaizkie. Txirrindulariek Down Under itzulian lehiatzeko aukera ere izan zuten iragan igandetik asteartera bitarte. Sasoiko lehen lasterketa izan zen, eta Grace Brownek (FDJ) irabazi zuen.

Espainiako Vueltaren data aldaketa da beste berritasun handia. Maiatzean jokatuko da, eta iaz baino bi etapa gehiago izango ditu; zazpi orotara. Handik bost egunera hasiko da Itzulia, Euskal Herrian lehiatuko den World Tourreko proba bakarra. Nafarroako Klasikoa ProSeries mailako lasterketa izango da, eta UCIren zirkuitu kontinentalaren barruan jokatuko dira Eibarko Sari Nagusia eta Durango-Durango saria.

Fenix Deceunincken igoerarekin, guztira hamabost izango dira maila nagusian lehiatuko diren taldeak. Horietako bat da Movistar, Lourdes Oiarbideren taldea. Bertatik bertara bizi izango du Annemiek van Vleutenen agurreko denboraldia. Munduko txapeldunak amaiera emango dio hamasei urteko ibilbide ikusgarriari. Ane Santesteban da elitean diharduen beste euskal herritarra, Australiako Jayco taldean. Hirugarren sasoia izango du han. Seigarren izan zen iazko Vueltan.

Laboral Kutxak World Tourrera igo nahi du datorren urterako, eta, hori lortzeko, eraberritu egin du taldea: 11 ziklista fitxatu ditu. Eider Merino da denetan sonatuena. Bere onera itzuli nahi du etxeko beroan. Naia Amondarain, Mireia Arriazu, Tania Calvo, Idoia Eraso, Usoa Ostolaza eta Eneritz Vadillo dira taldeko beste euskal herritarrak. Bizkaia-Durangok etxeko bi ziklista izango ditu: Eukene Larrarte eta Irene Loizate. Sopelan, Maitane Arana, Lur Florido, Muskilda Oloriz, Laia Puigdefabregas eta Nahia Imaz ariko dira, eta Ziortza Isasik Italiako Bepink taldearen elastikoa jantziko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.