Ikusi, ikasi eta erabili

Jokin Altuna eta Xabi Tolosa oso ondo ari dira: lau garaipen dituzte jada. Atzelariak dioenez, «oso baliagarria» zaio binakakoan aritu zen lehen aldian pilatutako esperientzia.

Xabi Tolosa, pilota jotzeko prest, Binakako Txapelketan jokatutako partida batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Oroitzapen ederra du Xabi Tolosak (Anoeta, Gipuzkoa, 1995) aurreko binakakoaz. Lehen aldiz aritu zen titular gisa, Joseba Ezkurdiarekin, eta «ikaragarri gozatu eta ikasi» zuen.

Ikasitakoa «oso baliagarri» ari zaio izaten bigarren aldian. Jokin Altunarekin ari da. Oso ondo ari dira: bigarren postuan dira, eta lehen sei partidetatik lau irabazi dituzte —Tolosak Danel Elezkanorekin irabazi zuen bat—. Aldea dago iazkoarekin konparatuta. Neurketa kopuru bera jokatuta, garaipen bakarra zuten arbizuarrak eta anoetarrak, eta txapelketan bost lortu zituzten, orain dituztenak baino bakar bat gehiago.

«Konfiantza eta aste barruko lanak egiteko indar handiagoa»; horixe ematen diete lau garaipenek. Baina berehala zehaztu du ez diotela askorik erreparatzen sailkapenari. «Aste barruan eta partidetan lan ona egiteak axola digu. Eta, oraingoz, ondo ari gara; horregatik gara bigarrenak. Baina goiz da sailkapenari begira ibiltzeko». Iazko esperientziari heldu dio. «Txapelketa luzea da hau. Ezin da lo hartu. Ondo jokatzen eta puntuak batzen segitu behar dugu».

«Itxaropentsu» dago: «Gustura ari gara Jokin eta biok; oso ondo ari gara bikote moduan». Baikor egoteko beste arrazoi bat du: sinetsita dago «gora» egingo dutela. «Ez Jokin ez ni ez gaude oraindik sasoi bete-betean. Harrapatzen dugunean, gora egingo dugu».

Bikotea egitea da lehen egitekoa; lau hilabete luzeko elkarbizitza da binakakoa, eta, bikotea egin ezean, akabo. Tolosak eta Altunak abantaila handia dute, aspalditik ezagutzen baitute elkar. «Gertukoak gara ere bai, eta elkarrekin joaten gara autoan batera eta bestera. Horrek mesede egiten du bikote sendoagoa egiteko».

Hala ere, dioenez, «oso erraza» da amezketarraren bikotea izatea. «Pilotari ikaragarria da, onena. Baina pertsona gisa ere ikaragarri jatorra da; beti dago laguntzeko prest. Esperientzia handia du, eta horrek konfiantza eta lasaitasun handia ematen dizu jokatzen duzunean. Sekulako maila du. Nire egitekoa da atzean eustea, eta Jokinek izugarri errazten dit lana. Ikusgarria da zein abilezia duen aurrean gutxirekin horrenbeste lortzeko. Plazer hutsa da haren moduko pilotari batekin jokatzea».

«Oso gustura» dabil, eta «konfiantzaz». «Asko» nabari du lehen aldiak emandako «esperientzia». «Hobeto eusten diot erritmoari eta aste barruko lanari, pazientzia handiagoa dut, eta buruz azkarragoa naiz. Burugogorra izan naiz beti; inoiz ez dut etsi. Baina iazko bizipenek izugarri lagundu didate hobetzeko».

«Prozesu baten beste katebegi bat»; halaxe definitu du zer den harentzat binakakoa jokatzea. «Nire ametsa profesionala izatea zen, eta lortu dut. Gero, txapel bat irabazi nahi nuen Bigarren Mailan, eta hori ere lortu nuen, bitan, binaka. Eta, azkenik, Lehen Mailako txapelketa bat jokatu nahi nuen. Urte askoan sekulako lehia egon da Aspen binakakoan tokia izateko. Iaz lortu zuen lehen aldiz, eta, aurten, bigarrenez. Joseba eta Jokin bezalako bi pilotari handirekin jokatu dut, eta hori izugarria da. Sekulako ilusioa pizten dit».

«Inor ez dago barkatzeko»

Espero zuen txapelketa izaten ari da: «Gogorra». Haren iritziz, Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta «koska bat edo bi gorago» daude; bestela, «parekotasun handia» dagoela dio. «Inor ez dago barkatzeko. Ondo jokatu beharra dago irabazteko. Gauzak asko alda daitezke jardunaldi batetik bestera».

Unai Lasoren eta Ander Imazen aurka jokatuko dute igandean, Donostian. Aspeko atzelariaren arabera, «izugarri baliotsua» litzateke bosgarren garaipena lortzea, baina erronkaren zailtasunaren jakinean dago. «Oso partida gogorra izango da. Biok irabazi dugu azken partida; haiek, nagusitasunez [22-8 Ezkurdiari eta Julen Martijari]».

Argi dauka egitekoa. «Batetik, saiatu behar dugu Unairi aurrean ahalik eta pilota gutxien uzten, sekulako erraztasuna baitu tantoa amaitzen. Eta, bestetik, ahalegindu behar dugu aurrean aukerak sortzen, Jokin sar dadin. Frontoi azkarra da Atano, erasoan jokatzeko aproposa, eta, ondorioz, defentsan aritzeko zaila. Ea partida ona egin eta irabazten dugun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.