Arrauna. Euskotren liga

Bandera, eta altxorra zakura

Arraun Lagunak nagusitu da Hondarribian. Orio hirugarren izan da, eta bost puntura urrundu da

Arraun Lagunak taldeko arraunlariak atzo, Hondarribiko uretan, Oriorekiko aldea handitu dutela ospatzen. GORKA RUBIO / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iragan asteburuan beldurra sartu zion gorputzean Oriok Arraun Lagunaki, baina ametsetako estropada egin zuten atzo donostiarrek. Arraun Lagunak-ek astindu zuen Hondarribiko bandera Euskotren Ligako bederatzigarren Jardunaldian. Haize ufada nabarmenak izan zituzten mendebaldetik, eta metro eta erdi inguruko olatuetan lehia bizia izan zuten Donostiarrarekin. Garaipen handia izan zen helburua lortzeko bidean. Oriok sufritu egin zuen lehenengo kaletik, eta lan ona egin zuen arren, hirugarren izan zen. Arraun Lagunak, beraz, lehen postuan sendotu da, eta bi taldeen arteko aldea bost punturena da orain sailkapen nagusian.

Hasiera parekatua izan zuen ohorezko txandak. Tolosaldeak berehala galdu zituen lau segundo, eta atzetik egin zuen estropada osoa. Oriok ere majo sufritu zuen lehenengo kalean, baina lanean jarraitu zuen. Donostiako bi ontziek, berriz, parean egin zuten estropada guztia bi kale onenetatik; hirugarrena eta laugarren. Hala ere, Andrea Astudillok, Arraun Lagunakeko patroiak, argi zeukan aurkari nagusia Orio zela. Sarritan aipatu zien taldekideei Oriorekin zeukaten aldea. Ziabogatik elkarrekin atera ziren Donostiako bi taldeak, baina Oriok, itsaso zakar batean, pare bat segundo jan zizkien ziaboga on batekin, eta lau segundora gerturatzea lortu zuen.

Bigarren luzea ederra joan zen. Segundo baten tartea izan zuten Donostiarrak eta Arraun Lagunak-ek, batzuetan baten alde, besteetan bestearen alde. Baina Juan Mari Etxaberen taldeak jakin bazekien liga jokoan zegoela, eta azken metroetan garaile handien segurtasuna erakutsi zuen. Bigarren kalera eraman zuen Lugañene trainerua Astudillok, eta berebiziko garrantzia duen garaipena eskuratu zuten donostiarrek. Bost estropada soilik falta dira liga amaitzeko, eta aldea handitu egin dute. Hori dela eta, pozik agertu zen Astudillo estropada amaitzean: «Erregularrak izaten ari gara. Gaurkoa oso positiboa da, baina bihar [gaur] beste lehia bat izango dugu».

Aurreneko txandan teorian Galiziako bi ontziek zituzten kale onenak, baina sasoi osoan bezala, berehala gelditu zen atzean Tiran. Cabok, baina, maila bikaina erakutsi zuen hasieratik, eta kalea aprobetxatuz gertu izan zuten txandako garaipena. Lehenengo bi kaleetan lehia bizia izan zuten bi gipuzkoarrek joanekoan. Elkarrengandik oso hurbil aritu ziren Hibaika eta Hondarribia, bata bestearen kalean sartuz. Lehenengo kalean batzuetan, bigarrenean besteetan; eta epaileak bandera zuria erakutsi behar izan zuen. Cabok berean segitu zuen estropada eremuaren beste aldetik, eta pare-parean iritsi ziren hiru taldeak ziabogara.

Bigarren luzeko lehen metroetan hiru segundoren abantaila hartu zuten Galiziako gorriek, eta Hibaika pixkanaka atzean gelditu zen. Azkenerako Caboren eta Hondarribiaren arteko buruz buruko lehia ikusi zen. Lehen kalean majo sufritu zuten etxekoek, baina 0 kaletik egin zituzten azken minutuak, eta eutsi bakarrik ez, galiziarrei aurrea hartu zieten helmugan. Gaur Lekeitioko itsaszabalean jokatuko da estropada, Euskotren Ligako hamargarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.