Valentzia 0-1 Eibar

Hartu arnasa lasai

Eibarrek garaipen handia lortu du Valentzian, eta ia ziurtatu du Lehen Mailan jarraitzea. Luzapenean sartu du gola Charlesek

Eibarreko Sergi Enrich eta Valentziako Francis Coquelin lehian atzoko partidan. KAI FÖRSTERLING / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Gola. 0-1: Charlesek (93.min). Epailea. Estrada Fernandez. Txartel horiak: Valentziako Roncagliari eta Solerri; eta Eibarreko Jose Angeli, Charlesi eta Sergiori. Bestelakoak. 35.393 ikusle Mestalla estadioan.

Denboraldi honetako ekuazioa biribiltzeko, zertxobait falta zaio orain Eibarri, atzo Valentziaren zelaian garaipen bikaina lortu eta gero. Partidaren aurretik, puntua ontzat jotzen zen Lehen Mailan jarraitzeko helburura gehiago gerturatzeko, eta, hirurak etxera ekarrita, sekulako aurrerapausoa eman du. Eginda ez dauka, baina azkeneko hiru jardunaldietako batean bukatuko du sasoi honetako matematika eragiketa luzea. Gauza ondo ez amaitzea deskalabru beldurgarria izango litzateke.

Bazen kezka atzoko partidaren atarian. Berrogei punturekin ekin zion taldeak jardunaldiari, eta seira zeukan jaitsiera. Galduz gero zer? Komeriak, ziurrenik. Gainera, aurkaria Valentzia izanda, kezkak larritasun neurri handi samarra ere bazeukan. Denboraldiko partida eskasena eginda joan zen Eibar atzo Valentziari aurre egitera, Huescan itxura oso txarra emanda. Baina atzo beste Eibar bat ikusi zen Mestallan, izenez eta izanez.

Peña, Enrich, Jose Angel, Jordan eta Orellana hamaikakoan ziren, Huescan ez bezala. Izen indartsu horiek ekarpen handia egin zioten taldearen izanari. Ondo jokatu zuen Jose Luis Mendilibarren taldeak, ohiko jokoa egin zuelako. Zalantzak daudenean, erabaki zentzuzkoa izaten da betiko bidea hartzea. Eibarrek erakutsia du sasoi honetan talde handia dela dakien bezala jokatzen duenean, eta atzo, nortasun irmoa erakutsiz, hori egin zuen.

Orellana Enrichen atzetik aritu zen, zelai-erdian Valentziak baino jokalari bat gehiago edukitzeko, eta erasoan dotore aurkitu zituen leku onak txiletarrak. Defentsan, Parejo euskarria eta Valentziaren iparrorratza geratzeko ere aukera ona izan zen Orellanarena.

Lortu zuen Eibarrek aurkariaren zelaian jokatzea, aukerak egitea ere bai, bigarren zatiko lehen erdian izan ezik, eta hor belztu ziren lainoak. Eskerrak Dmitrovici. Berdinketa ontzat jotzen zenean, Charlesek baloi galdu bat harrapatu eta gola sartu zuen, 93. minutuan. Arnasa sakona eta luzea ekarriko duen gola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.