VALENTZIA 0 ATHLETIC 2

Hautagai sendoa da

Athleticek nagusitasunez irabazi du Valentzian, eta bete-betean da Europa ligarako sailkatzeko lehian. Raul Garciak sartu ditu bi golak

Athleticeko jokalariak, Raul Garciak atzo sartutako lehen gola ospatzen. MANUEL BRUQUE / EFE.
ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Raul Garciak (13. min.). 0-2: Raul Garciak (47. min.). Epailea. Estrada Fernandez. Txartel horia Valentziako Diakhabyri.Bestelakoak. Koronabirusagatik, zalerik ez harmailetan.

Athleticek bete-betean segitzen du Europan sartzeko borrokan. Sinesten segitzeko motiboak eman behar dizkio, gainera, atzo Mestallan jokatutako partidak. 0-2 azpiratu zuen Valentzia, Raul Garciak sartutako bi goli esker. Baina batez erezuri-gorriek egindako jokoa nabarmendu behar da. Denboraldi honetan etxetik kanpo jokatutako partidarik osoenetakoa egin zuen Garitanoren taldeak: zelaian ondo jarrita, eta presio ona oinarri hartuta, oreka edukiz erasoko eta defentsako jokoaren artean.

Valentzia bolada txarrean heldu zen atzoko partidara. Celades entrenatzaile kargutik kendu, eta atzo zuen lehen neurketa aulkian Vorok. Etxean partidarik galdu gabe zegoen sasoi honetan Valentzia. Atzo, ordea, Athleticek hiru puntuak lortu zituen Mestallan.

Vororen taldea, hala ere, hobeto hasi zen. Unai Simonik gelditu oso ona egin zion Guedesi seigarren minutuan, eta, ondoren, Maxi Gomezek ere erremate on bat egin zuen buruz. Baloia gutxigatik joan zen kanpora. Asmatu zuena Athletic izan zen. Oker larria egin zuen Kondogbiak, eta baloia Muniainek jaso zuen. Kapitainak berehala ikusi zuen Raul Garcia bakarrik zegoela penalti puntuaren inguruan, eta pasea ederki baliatu zuen hark Cillesenen atea zulatzeko (13. min.).

Partida alde jarri zitzaien zuri-gorriei. Nahi zuten lekuan zuten, erritmoa kontrolatuta, eta presioan asmatzen. Estu zegoen Valentzia. Talde bat bolada txarrean badago, edo haren inguruan giroa gaiztotua badago, edozein kolpe gogorra izaten da, eta hala pasatu zitzaien etxekoei.

Gertu izan zuen Athleticek bigarren gola 19. minutuan. Cordobak, hainbat aurkari atzean utzi, eta area ertzetik jaurti zuen. Florenzik ozta-ozta aldendu zuen baloia, hankarekin. Zelaian ondo jarrita segitu zuen Garitanoren taldeak, hegalak baliatuz eta erdiraketen bidez arriskua sortuz.

Lehen zatiko azken ordu laurdenean baino ez zuen aurrera egin Valentziak. Parejo eta Guedes baloia gehiagotan izaten hasi ziren, eta antzeman zuten etxekoek. Partidako minuturik onenak orduan egin zituzten. Baina Maxi Gomezek ez zien ginga jarri. Buruz errematatzaile petoa da, baina bigarrenez huts egin zuen. Florenzik gozo erdiratu zion baloia, eta area txikian kanpora bidali zuen, dena alde bazuen ere.

Bigarren zatia hasi eta berehala iritsi zen zuri-gorrien bigarren gola, 47. minutuan. Jaume Costak ez zuen baloia ateratzen asmatu;orduan, Raul Garciak baloia jaso, eta bitan pentsatu gabe ezkerrez jaurtiketa indartsua eta ona egin zuen sarera.

Horrek patxada eta lasaitasuna eman zien Garitanoren jokalariei. Gainera, Valentziak behera egin zuen fisikoki.Jokaldi bakanetan baino ez zen ailegatu Unai Simonen atera, eta Athleticek ondo kontrolatu zuen partida, atzean serio segituz, amaiera bitarte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.