Albistea entzun

ATHLETIC 3 - 0 CADIZ

Jokatu, gozatu eta irabazi

Athleticek arlo guztietan hartu du mendean Cadiz. Zuri-gorriek bigarren garaipena kateatu dute etxean, eta gora begira jarri dira
Iñaki Williams, berak sartutako gola ospatzen.
Iñaki Williams, berak sartutako gola ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Haritz Gallastegi -

2023ko irailak 17 - Bilbo

1-0. Guruzetak (66. min.). 2-0. Villalibrek (68. min.). 3-0. Iñaki Williamsek (91. min.).

San Mames. Bigarren zatiko erdira iristear dago partida. Athleticek aukera garbi asko izan ditu, baina neurketa hutsean dago. Robert Navarrok eskuin hegaletik barneraketa ona egin du, eta maisutasunez jarri dio baloia Maxi Gomezi. Urduritu egin dira San Mamesko harmailetan dauden 43.000 jarraitzaileak. Aukera garbia da, baina aurrelariak txarto jo du baloia, eta indar gabe iritsi zaio Unai Simoni.

Minutu bat ez da pasatu, eta baloia beste arean dago. Oscar de Marcos ondoko marraraino iritsi da, eta haren erdiraketa sareetara bidali du Gorka Guruzetak buruz. Pozez lehertu da San Mames. Handik bi minutura, zelaia zapaldu berri duen Asier Villalibrek baliatu egin du Cadizeko atzelari baten urruntze txarra buruz erremate gurutzatua egin, eta 2-0ekoa egiteko. Lehen golaren pozari lasaitasuna gehitu zaio Athleticeko teknikari, jokalari eta zaleen artean. Oraingoan ez da berriro gertatuko. Athleticek ez du zelai utziko ondo jokatu eta galduta. Iñaki Williamsek luzapenean sartutako hirugarren golak taldeak neurketan zehar egindako lana biribildu baino ez du egingo. 3-0. Merezita irabazi du Athleticek.

«Athletic gehiago izan da. Partida txarra jokatu dugu; ez gara lehiatu». Sergio Gonzalez Cadizeko entrenatzaileak ahobizarrik gabe hitz egin zuen atzo neurketa amaitu berritan. Ez zaio arrazoirik falta. Bere taldeak ez zuen gauza handirik egin, baina neurri handi batean, Athleticen meritua izan zen. Zuri-gorriei kosta egin zitzaien neurketari neurria hartzea. Cadiz atzean sartu zen, eta Athletic ez zen kapaz izan gustuko duen erritmo biziarekin jokatzeko. Iñigo Ruiz de Galarreta zen erasoan argitasuna zuen jokalari bakarra. Eibartarrak partida handia osatu zuen, eta zaleek zutik agurtu zuten Ernesto Valverdek aldatu zuenean.

Zuri-gorrien jokoa ez zen erauntsi bat, eta, hala ere, lau aukera garbi izan zituen atsedenaldira iritsi aurretik: lehena, Guruzetak. Aurrelariak atezainaren eskuetara errematatu zuen Galarretak ateratako falta bat. Lehen aukera huts egin arren, partida bikaina jokatu zuen aurrelari donostiarrak. Lehen bost jardunalditan hiru gol sartu ditu, eta egonkortzen ari da gorengo mailan.

Bigarren aukera garbia Oihan Sancetek izan zuen. Alex Berenguerrek ezker hegaletik egindako erdiraketa langara bidali zuen buruz. Hirugarren abisua Berenguerrek areaz kanpotik egindako jaurtiketa indartsua izan zen. Zutoin ondotik kanpora joan zen nafarraren ahalegina. Eta aurreneko zatia amaitzear zela, Sancetek baliatu egin zuen area barruan egon zen jokaldi nahasi bat, baloia hartu, eta langara jaurtitzeko.

Bigarren zatia ere ildo beretik hasi zen: Athletic erasora, eta, Cadiz, ahal zuen moduan eusten. Neurketako bosgarren abagune garbia Guruzetak izan zuen. Area ertzetik egin zuen errematea Iza Carcelenek atera zuen goleko marraren gainean. Sinestea ere kosta egiten zen. Hortik aurrera gertatu zena esanda dago. Cadizek huts egin zuen bere aukerarik onena, eta ondoren etorri ziren zuri-gorrien golak.

Athleticen bigarren garaipena da jarraian etxean; hiru partida jokatu ditu bere zaleen aurrean. Hamar punturekin, sailkapenaren goiko postuetan jarri da. Denboraldia hasi baino ez da egin, baina puntuak pilatzea baino sendagai hoberik ez dago denboraldiaurreko ezkortasunari aurre egiteko.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Anbizioaren langa, goian

Haritz Gallastegi

Realak eta Athleticek derbia jokatuko dute gaur Anoetan. Biak bolada onean daude joko eta emaitza aldetik. Sarrerak agortu dira, eta giro bikaina egongo da

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Naturala izan behar du huts egiteak; denek egiten dugu»

Ainara Arratibel Gascon

Realak Betisen kontra jokatuko bihar Zubietan (12:00, ETB1). Arnaizek nabarmendu du zaleentzat erakargarria den joko bat egin nahi dutela, eta lehiakor izan. «Joko zuzenak presentzia handiagoa izango du».
Olatz Arregi, Atletico San Sebastian klubaren instalazioetan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Esfortzuarekin konprometituta

Pettan Uralde

Olatz Arregi piraguistak zilarrezko domina irabazi berri du Munduko Txapelketan. Hurrengo erronka Parisko Olinpiar Jokoetan egoteko sailkapen probetan jarri du. Lekua lortzea du helburu.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Etxean talde sendoa izatea da gure erronketako bat»

Ainara Arratibel Gascon

Athleticek sasoiko lehen hiru puntuak berreskuratu nahi ditu Levante Las Planasen zelaian. San Adrianek nabarmendu du «borroka handiko» partida izango dela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...