Oinatz Bengoetxea. Baikoko pilotaria

«Nire nahia beste urtebetez jarraitzea da»

Profesionaletan 20. urtea beteko duen «jakin gabe», «seguruenik» azken Lau eta Erdiko Txapelketa izango du honako hau leitzarrak. Aitor Elordiren aurka jokatuko du etzi, Bilbon.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
Leitza
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Pilotakada hotsek mozten dute Leitzako (Nafarroa) plazako isiltasuna. Ume kozkor kuadrilla bat jo eta su ari da esku huska, harik eta hormaren eskuinean dagoen bidezidorretik Oinatz Bengoetxea (Leitza, 1984) bertaratu den arte. Haurrek eta pilotariak elkarri begiratu diote. Iraganaz, orainaz eta geroaz hitz egiteko gogoz jesarri da plaza ertzeko petrilean, eguzki epeletan.

Hemeretzigarren aldiz jarraian ari zara lehiatzen Lau eta Erdiko Txapelketan. Erraz esaten da.

Urriaren 5ean egin ditut justu hemeretzi urte profesionaletan. Urte asko dira, eta oso pozik nago orain arte egin dudan lanarekin. Esker onekoa naiz pilotarekin, oraindik ere goi mailan lehiatzen eta Lau eta Erdiko Txapelketa jokatzen ari naizelako. Badakit hemendik aurrera zaila izango dudala aurrera egitea.

Etzi, Aitor Elordiren aurka jokatuko duzu Bilbon. Irabazi beharrean zaude finalerdietara sailkatzeko aukera izateko.

Irabazi beharrean nago, bai. Hirugarren eta azken partida Jokinen [Altuna] kontra daukat, eta hari irabaztea oso zaila izango da; baita Aitorren aurka ere. Azken urteetan kalitatez asko hobetu du, eta pilotari oso arriskutsua da.Oro har, gazteak oso fin daude.

Aurreko jardunaldian, Elordik Altuna III.ari zail jarri zion, 22-17 galdu bazuen ere. Zer dohain nabarmenduko zenizkioke?

Sakez min handia egiten du, eta, gero, aurrean errematatzaile petoa da, onenetarikoa. Kolpe indartsua du, eta pilota aurrean duenean, boleaz nahiz gantxoz min handia diezadake.

Eta zuk non ahal diozu min egin?

Zaila izango da. Pilotari gazte guztiak osoak dira, eta Aitor horietako bat da. Ni pilota alde batetik bestera mugitzen saiatuko naiz ahal dudan guztietan. Ea jokoa nahasten dudan, eta aukera dudanean tantoa ondo bukatzen dudan.

Aurreko larunbatean lehertuta amaitu zenuen, Peio Etxeberriaren aurka. Nekeak erabat baldintzatu zizun partida. Abiaduran edota indarberritzean, 37 urteren zama nozitzen al duzu?

Zalantzarik gabe. Bi erronka nituen Lau eta Erdiko Txapelketa honetarako: lehenengoa, prestakuntzan azkartasuna lortzea, batez ere hanketan; hori beharrezkoa baitaukat; bigarrena, berriz, erresistentzian sasoiz egotea. Modalitate hau guztiz esplosiboa da, eta esplosibitate hori edukitzeko erresistentzia ezinbestekoa da. Peioren aurkako partidan, lehen zatian ondo aritu nintzen, nahiko azkar, gainera; bigarrengoan, ordea, bete egiten nintzen. Bi tanto, gainera, oso gogorrak joan ziren, eta gehiegizko esfortzua egin nuen. Horrek erabat baldintzatu zidan. Hustuta geratu nintzen, eta ezin izan nion gorputzari bueltarik eman.

Bengoetxea VI.ak duen berezko sua itzaltzen al doa apurka-apurka?

Partidetan ahalik eta azkarrena aritzeko, abiadura lantzen ari naiz, baina, azken finean, 37 urte ditut, eta lehietan nabaritzen dut fisikoki ez dudala lehengoko gaitasun bera. Ahalmen hori galtzen noa, baita erresistentzia ere; berrindartzea gehiago kostatzen zait.

Txapelketako aurkezpen egunean esan zenuen «opari moduan» hartu zenuela lau eta erdian jokatzea. Zergatik?

Opari gisa aurtengoa bakarrik ez dut hartu; aurrekoak ere modu horretan hartu ditut. Badakit txapelketak lehiatzea oso zail dudala. Oraindik ez dut erabakia hartu, baina seguruenik nire lau eta erdiko azken txapelketa izango da hau. Horregatik, nire azkena izan daitekeen honetan, ahalik eta maila eta itxura onena ematen saiatuko naiz. Eta horrela jarduten banaiz, partidetan borrokatu naiteke. Erronka polita da niretzat, eta gozatzea besterik ez dut nahi.

Urte amaieran amaituko zaizu kontratua Baikorekin. Burutik zer pasatzen zaizu?

Enpresak ez dakit zer erabakiko duen; hilabete batzuetarako luzatzea ala ez berritzea. Ez badidate berritzen, haien erabakia kirol legez ulertuko dut. Kirol arloan maila handiko pilotari asko daude enpresan, eta badakite beharrezkoa ez naizela. Profesionaletan hogei urte egiteko ilusioa dut, eta, beteko balitz, polita izango litzateke. Urtarrilean amaituko zait kontratua, eta hilabete batzuk geratuko litzaizkidake hogei urte egiteko, baina berriz diot: ezin bada egin, ulertuko dut.

Enpresak zerbait esan dizu? Bi aldeak eseri zarete?

Enpresarekin oraindik ez dut harremanik izan. Deitzen didatenean hitz egitera joango naiz. Azken batean, haien eskuetan dago. Nire nahia beste urtebetez jarraitzea da.

Zuk zer eskain diezaiokezu enpresari?

Orain arte eskaini diodana: jokatzeko aukera izan dudanean, dudan guztia eta itxura onena ematea. Hortik aurrera, eskarmentua daukat, eta gazteei urte hauetan bizi dudana transmititu ahal diet. Kontratua beste urtebetez berritzen badidate, funtsean, orain arte egin dudana errepikatzen saiatuko naiz: joko erakargarria eta polita sortzen.

Aurtengo Binakako Txapelketatik kanpo geratu zinen, nahiz eta gero Artolaren ordez zazpi partida jokatu, Aranguren bikote zenuela. Hasieran, kolpea izan zen lehen aukeraketatik kanpo geratzea?

Enpresaren erabakia ulertu nuen. Azken batean, gazteen alde apustua egitea normaltasun osoz ikusten dut. Ni gaztea nintzenean ere, beterano batzuk kanpoan geratzen ziren. Naturaren legea da, eta onartua dago. Binakako azken txapelketetan ez sartzea ulertzen dut.

Profesionaletako estreinako partida 2002ko urriaren 5ean jokatu zenuen. 18 urte besterik ez zenuen debuta egin zenuen egunean; orain, 37. Orduko Oinatz eta oraingoa berbera al da?

Pilotari guztiek bezala, nik ere bilakaera handia izan dudala esango nuke, azken hiruzpalau urteak kenduta. Debuta egin nuenean ume bat nintzen, eta ordutik pertsona gisa ere aldatu naiz, izaeran eta nortasunean. Uste dut kirol ibilbide ona egiten ari naizela. Partida asko jokatu ditut; finalerdi asko jokatu ditut; finalak jokatu ditut; eta txapel batzuk irabazi ditut. Ezin dut gehiago eskatu.

Eta pilota zertan aldatu da aldi horretan?

Gure belaunaldia pilotaren aldaketaren oinarria izan zen. Ordura arte, buruz buruko partidetan botera gehiago jokatzen zen. Juanek [Juan Martinez de Irujok], esaterako, beste joko estiloa ezarri zuen kantxan: azkarragoa eta oldarkorragoa. Ni ere airez asko jokatzen hasi nintzen. Uste dut egungo belaunaldi hau aldaketa horren eboluzioa dela. Orain, pilotari gazteek txiki-txikitatik era guztietako kolpeak dituzte barneratuak, izan aurrelaria edo izan atzelaria.

Aimar Olaizolak azaroaren 13an azken partida jokatu eta gero, zeu izango zara lehian jarraituko duen belaunaldi horretako pilotari bakarra. Nola sentitzen zara?

Belaunaldi horretako gazteena nintzen, eta orain zaharrena naiz. Egia esan, ez dit horrelako ilusio handirik egiten. Aimar ni baino bost urte zaharragoa da, eta urte hauetan guztietan beteranoen kapitaina izan da. Nolabait, ni haren itzalean egon naiz. Aimarrek ibilbideari amaiera eman dio, eta nirea ere ez da berandu izango.

Beterano gutxi geratzen zarete pilota munduan. Mikel Urrutikoetxea —32 urte—, Jon Ander Albisu —31 urte— eta zu zaudete Baikon. Beteranoen figura galtzen doa?

Ez nuke esango. Hemendik aurrera eurak izango dira beteranoak. Gainerakoak oso gazteak dira; 25 urteko pilotari asko daude, 28 urtekoak ere bai. Ez dut uste pilota mundua gaztetu denik. Gure belaunaldikoak oso gazte hasi ginen. Lehen, pilotari batek bere puntu gorena urte gehiagorekin lortzen zuen; orain, agian, lehenago lortzen dute. Baina ez dago alde handirik.

Greban, lehen lerroan pilotari beteranoak egon zineten, besteak beste. Uste duzu horrek eragina izan duela kontratua ez luzatzean?

Ez! Horretaz ez dut pentsatu nahi. Garai gogorra izan zen guretzat. Borroka serioa egin genuen, eta, zorionez, gauzak ondo atera ziren. Pasatutakoari ez diot bueltarik ematen, eta ez dut uste horrek erabakian baldintza dezakeenik.

Hiru txapelketa nagusiak irabaziak dituzu: buruz burukoa, lau eta erdikoa eta binakakoa. Asebeteta itxiko zenuke zure ibilbide profesionala?

Guztiz. Pilotari handiak izan ditut aurkari; Juan eta Aimar, besteak beste. Historikoak izan dira, txapel asko irabaziak dituztenak. Ni apur bat haien itzalean ibili naiz, baina oso harro nago euren belaunaldian tokatu izana; harro nago egindako ibilbideaz.

Zein izan da urteetan irauteko sekretua?

Gaztetatik profesionala izateko kantxan dena ematen saiatu naiz. Hori da garrantzitsuena. Egia esan, nire lana nahiko egonkorra izan da, eta txapelketa nagusietan gerra eman dut.

Zure ibilbidean lesioek baldintzatu dute?

Orkatilan lesioa izan nuen, eta lau hilabetez jokatu gabe egon nintzen. Horrez gain, eskuko zortzi hatz ditut hautsiak. Final bat ezin izan nuen jokatu [2015eko buruz burukoa]. Halere, ez dut lesio larririk izan, eta orain aspalditik ez dut inongo minik. Hori gauza ederra da.

Pilotaleku batean ala bestean, pilotari maitatua zara zaleen artean. Hala sentitzen duzu zeuk ere?

Urte hauetan guztietan pilotazaleen artean oso maitatua sentitu naiz. Eskertuta nago. Pilotazalerik gabe ez genuke pilota bizirik edukiko; ezinbestekoa da pilotarentzat. Partida guztietan jokoa erakargarria egiten saiatzen naiz, pilotazaleek gozatu dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.